2010ari errepasoa (VI): Harbideetako Errege Berria

Paris-Roubaix lasterketari iparraldeko infernua deitzen zaio. Boonenentzat hala izango da behintzat aurtengoan. Ez Cancellararentzat. 7 egun lehenago Flandriako Itzulian gertatutakoa ikusi eta gero, bi gizon hauen arteko lehia ikusteko prestatuta geunden denok berriro ere. Flandriarra, errebantxa gosez, suitzarra ongi zaintzeko asmoarekin irten zen, baina indarrez ez ezik, taktika aldetik ere antzu xamar ibili zen.

roubaix_arenberg1

Helmugarako 50Km falta zirenean, lasterketa guztiz hautsita zetorren, harbideetako sekzio bakoitzak tropela gero eta txirrindulari gutxiagoz uzten baitzuen.

20 bat laguneko tropeltxoa aurrean, faborito guztiak tartean. Hiru laguneko erasoaldia izan zen: Hinault, Leukemans eta Hoste, guztiak ere gizon indartsuak. Atzean erlaxapen momentua, zerbait jateko parada zenbaitentzat Boonen tarteko eta bat-batean 3 laguneko mugimendura Cancellara irten zen (bideoko 2:00 minutua). Beste faboritorik ez zela mugitzen ikusirik honek motorra piztu eta aurrera.

Suitzarrak ez zuen gehiago atzera begiratu. Aurreko hirurak harrapatu eta pasa egin zituen, Leukemansek bakarrik segi zion 500 metrotan edo (ikusi bideoko 7:00 minutua merezi du eta).

Atzean berriz, guztiak Booneni begira, azken bi urtetako garailea (iadanik 3 ditu) eta Flandriako itzuliko galtzaile nagusia. Flandriarrak tira egin behar izan zuen, bere nortasunari helduaz. Baina iadanik beranduegi zen. Cancellararekiko denbora tartea gero eta handiagoa zen, bai harbidean eta baita harbideetakoak ez ziren sekzioetan ere. Denok dakigu bakarkako lanean ez duela parekorik.

Lasterketaren hondarrean, Boonenen lanaz aprobetxatuz, arbetako azken sekzioan Hushovdek (bigarren azkenean) eta Flechak (hirugarren) aurrera egin zuten eta podiumean lagundu zioten suitzarrari.

roubaix

“Spartacus”-en bigarren Paris-Roubaix-a eta urteko bigarren monumentua.

Aurten Liège-Bastogne-Liègen bila omen doa (gogoratu Milano-San Remo ere baduela poltsikoan), eta Euskal Herriko itzulian prestaketa egingo duela esan du. Itzela izango daiteke…