#108 Tropela podcastak: 2016ko Flandriako Tourra

2016 Flandriako TourraPost honetan Iban Perezek (@piban), Eneko Garatek (@egarate) eta Egoitz Lizasok (@elizaso) grabatutako podcasta aurki dezakezue. Podcast honetan 2016ko Flandriako Tourra lehiaketaren kinielari errepasoa egiten diote. Hona hemen jorratu diren gai nagusiak:

– Moto istripu batek Demoité eraman zuen
– Zer espero dugu klasiko handi honetan?
– Kinielari errepasoa
– Euskaldunen punturik ez seguruenik

2014rako Tropelako lasterketen egutegia prest!

20140116-012000.jpgAsko zineten 2014ko egutegiaren zain zinetenak eta azkenean prestatu dugun kiniela publiko egiteko eguna iritsi da. Ea zer iritzi duzuen!

Gogoan izango duzue nola iazko denboraldiaren amaieran galdeketa bat jarri genuen abian. Galdeketa horren bidez Tropelan ditugun lasterketen inguruan zuen iritzia jasotzea zen asmoa. Iritzi horiek ere kontutan hartu ditugu ikusiko duzuen moduan.

Aurtengo denboraldiari Paris-Nizarekin ekingo diogu. Bai, askok Tour Down Under lasterketa egutegian sartzeko eskatzen zeniguten eta ez dugu sartu. Ez sartzearen arrazoi nagusiena otsailean lasterketa esanguratsurik ez dagoela da eta Tour Down Under eta Paris-Nizaren artean tarte handiegia ikusten genuela. Beraz, azken urteetan bezala, Paris-Nizarekin hasiko gara.

Hasiera lasterketa berarekin izan arren, aurten guztira 20 lehiaketa izango ditugu. Ondoren zerrendatu ditugu aurten berriak izango direnak:

Tirreno – Adriatikoa

Milano – Sanremo

Kataluniako Volta

Flandriako Tourra

Paris – Roubaix

Suitzako Tourra

Giro Rosa

Lombardia

Continue reading “2014rako Tropelako lasterketen egutegia prest!”

2010ari errepasoa (VI): Harbideetako Errege Berria

Paris-Roubaix lasterketari iparraldeko infernua deitzen zaio. Boonenentzat hala izango da behintzat aurtengoan. Ez Cancellararentzat. 7 egun lehenago Flandriako Itzulian gertatutakoa ikusi eta gero, bi gizon hauen arteko lehia ikusteko prestatuta geunden denok berriro ere. Flandriarra, errebantxa gosez, suitzarra ongi zaintzeko asmoarekin irten zen, baina indarrez ez ezik, taktika aldetik ere antzu xamar ibili zen.

roubaix_arenberg1

Helmugarako 50Km falta zirenean, lasterketa guztiz hautsita zetorren, harbideetako sekzio bakoitzak tropela gero eta txirrindulari gutxiagoz uzten baitzuen.

20 bat laguneko tropeltxoa aurrean, faborito guztiak tartean. Hiru laguneko erasoaldia izan zen: Hinault, Leukemans eta Hoste, guztiak ere gizon indartsuak. Atzean erlaxapen momentua, zerbait jateko parada zenbaitentzat Boonen tarteko eta bat-batean 3 laguneko mugimendura Cancellara irten zen (bideoko 2:00 minutua). Beste faboritorik ez zela mugitzen ikusirik honek motorra piztu eta aurrera.

Suitzarrak ez zuen gehiago atzera begiratu. Aurreko hirurak harrapatu eta pasa egin zituen, Leukemansek bakarrik segi zion 500 metrotan edo (ikusi bideoko 7:00 minutua merezi du eta).

Atzean berriz, guztiak Booneni begira, azken bi urtetako garailea (iadanik 3 ditu) eta Flandriako itzuliko galtzaile nagusia. Flandriarrak tira egin behar izan zuen, bere nortasunari helduaz. Baina iadanik beranduegi zen. Cancellararekiko denbora tartea gero eta handiagoa zen, bai harbidean eta baita harbideetakoak ez ziren sekzioetan ere. Denok dakigu bakarkako lanean ez duela parekorik.

Lasterketaren hondarrean, Boonenen lanaz aprobetxatuz, arbetako azken sekzioan Hushovdek (bigarren azkenean) eta Flechak (hirugarren) aurrera egin zuten eta podiumean lagundu zioten suitzarrari.

roubaix

“Spartacus”-en bigarren Paris-Roubaix-a eta urteko bigarren monumentua.

Aurten Liège-Bastogne-Liègen bila omen doa (gogoratu Milano-San Remo ere baduela poltsikoan), eta Euskal Herriko itzulian prestaketa egingo duela esan du. Itzela izango daiteke…

2010ari errepasoa (V): Flandriako Erreinuan Suitzarra Garaile

Udaberriko egun bakarreko proba guztietan bi nabarmentzen dira denen gainetik: Apirileko lehen bi astetan izaten diren Flandriako Itzulia eta Paris-Roubaix, biak ere txirrindularitzako bost monumentuetakoak.

cancellara_finalHarbideetan barrena kilometro ugari egin behar izaten dituzte txirrindulariek eta gainontzeko probetan ikusi ohi ez ditugun imajinak ikusteko parada izaten da. Aurtengoan bi gizonen arteko lehia estua espero zen aurreko probetan (E3-Prijs Harelbeke, Omloop Het Nieuwblad) ikusitakoaren arabera, eta halaxe izan zen gainera azkenean: Boonen flandriarraz eta Cancellara suitzarraz ari naiz.

Hurrengo bi postetan saiatuko gara bi lasterketak laburbiltzen.

Lehenari begira, harbideez osatutako paretengatik da ezaguna Flandriako Itzulia. Txirrindulari indartsuen erreinua da hura, aldapa tente baina motzak non hanketako indarrak bakoitza bere lekuan jartzen duen. Flandriako erreinuak etxeko mutila ikusi nahi zuen gailentzen, Boonen, baina ez zen dena nahi bezala suertatu.

Molenbergeko maldan gora, bere taldekide Breschelen zulatu baten ostean, Cancellarak aurrera jo zuen indartsu eta tropela guztiz hautsi zen. Boonen bakarrik izan zen jarraitzeko gai. Atzetik koska bat beherago, Gilbert, LeukemansFlecha eta gainontzekoak.

Omega-Pharma Lotto eta Vacansoleil taldeak saiatu ziren arren, aurreko bikoteko suitzarrak berak bakar bakarrik ez zuen abantaila bertan behera erortzen utzi, izan ere flandriarrak ez zion asko lagundu Devolder taldekidearen aitzakian.

Leberg eta Berendrieseko maldak batera pasa zituzten, bi gizonik indartsuenak zirela erakutsiz. 15Km faltan, flandriarrez jositako Kapelmuur ospetsuan gora, Cancellarak 5. martxa sartu eta atzean utzi zuen Boonen, %19ko portzentajeko maldak eserlekutik altxa ere egin gabe. Indar erakustaldi itzela.

Handik aurrera erlojupeko bikaina suitzarrarena. Bere herrialdeko bandera eskuan zuela iritsi zen helmugara, bere hirugarren monumentua zen.

Lehen asaltoa, beraz, Cancellararentzat.

Dopin mekanikoa: Cancellara hurakanaren begian

Azken egunotako albiste polemikoa da. Batzuek sinesgarritasuna ematen diote, besteek ezinezkoa edo oso nekez sinestekoa dela diote, baina kontua da denon ahotan dabilen gaila dela. Noski, Fabian Cancellara eta motordun bizikletaren inguruan mintzo naiz. Polemika bideo honek sortu du:

Txirrindulari bat motoa bezala dioala esaten denean… bizikleta trukatua existitzen al da? Gaur, froga bat egingo dugu” – Hitz hauekin hasten da RAI telebista kate italiarrak argitaratu duen bideo bat. Bertan, Davide Cassani txirrindulari ohiak frogatzen du motorra inkorporatutako bizikletak existitzen direla. Horrez gain, horrelako bizikleta batekin gaur egun Giroan etapa bat irabazteko gai izango litzatekeela gehitzen du, nahiz eta ia 50 urteko adina izan. Mekanismoak nola funtzionatzen duen azaldu ostean, galdera airean gelditzen da.

Orain aste batzuk irten zen Gruber izeneko etxeak nola garatua zuen motortxo bat eta mountain bike batean agertzen zen martxan, sekulako zaratarekin, eskulekuaren botoitxo gorri narras batekin… Horren ildotik, handik egun batzuetara Cassani agertu zen RAIn karrerako bizikleta bat eskuan zuela eta han askoz gutxiago entzuten zen. Gainera, bere hitzetan, bizikleta hori eman zionak baieztatu zion tropelean ibili izan dela, datu gehiagorik eman gabe. Kuriositate bezala, Davide Cassani izan zen Michael Rasmussen Dolomitetan entrenatzen ikusi zuela esan zuen gizona, danimarkarrak Mexikon zegoela ziurtatu zuenean, kontrol bat ekidin ostean. Albiste hau jakin bezain laster, Tourrak sekulako presioa jarri zuen Rabobanken gainean eta azkenean talde holandarrak Rasmussen lasterketatik eta taldetik egotzi zuen. Kasu honetan, Cassanik ez du Cancellarak tranpa egiten duela esan, ezta RAI-ko inortxok ere, baina zale italiar batek bere kontura bideo-muntai bat egin du non bertan Cancellararen mugimendu susmagarri batzuk ikusten diren, motorra aktibatzeko botoia sakatuko balu bezala. Eta Cancellarak Paris-Roubaix, eta batez ere Flandriako Tourrean jo zituen eraso kolpe bortitzak dudan jarri dituzte irudi hauek. Goian jarritako bideoaren bigarren atala da mugimendu hauek biltzen dituena, hain zuzen ere.

Kontua da susmagarritasunaren geriza Fabian Cancellararen gainera erori dela. Suitzarrak salakuntza horiek barregarritzat jo ditu, eta Tourrerako prestakuntzan buru belarri darrai. Baina jendea galdera asko egiten hasi da bere buruari. Jakin izan denez, Cancellarak bai Flandriako Tourrean hala Paris-Roubaixen bizikleta aldatu egin zuen, eta badaude horren lekuko diren bideoak. Lehenengoan, Flandriako Itzulian bizikleta nola aldatu zuen ikus daiteke, eta bigarrenean, hirugarren minututik aurrera, gauza bera:

Polemika hain da handia ze, UCIk ere muturra sartu du eta kasua aztertzen hasi da, inbestigazio bat irekita. Bi erakustaldi handi izan zirenak dudan jarri dituzte orain, eta latza litzateke Cancellarak tranpa eginda irabazi zuela jakitea.

Gauzak honela, zein puntutaraino daude sendo oinarrituta Cancellarari egindako akusazioak eta bere inguruan sortutako dudak? Argi gelditu da, bideoetan ikusi izan den bezala, teknikoki posible dela bizikletari motortxo bat txertatzea. Argi dagoena baita, zera da, motortxo horrek, bateria kontuak direla medio, ezin duela jarraian funtzionatu. Horrez gain, dudatuko nuke 150 edo 200 W-ko potentzia maximoa duen motortxo batek Cancellara bezalako 85 kg-ko zezen bat mugitzeko gaitasuna izatea. Noski, motorraren funtsa ez da txirrindularia aurrera eramatea paisaiari begira doan bitartean, aurrera joate hori erraztea baizik, baina hala eta guztiz ere, zaila dela deritzot.

Beste puntu bat pisu estrarena da. Demagun motorra bizikletan jartzearen helburua 20 minutu konkretutan (lasterketako zati jakin batean, esate baterako) txirrindularian errendimendua handitzea dela. Kontua da, txirrindulariak gainontzeko kilometro guztietan pisu estra bat eraman behar duela, 1kg, 1.5 kg, edo dena delakoa. Ezin ahaztu bestalde motorra puntu hilean dagoenean engranajeak mugitzean sortutako marruskadura eta galerak gainditu beharra dagoela. Azken puntua, zarata. Nola tapatzen da zarata hori, eztula eginda? Grammont-en, jendearen oihuekin, posible da, baina, Paris-Roubaixen erasoa jo zuen lekuan?

Nik uste Paris-Roubaixen jo zuen erasoan, gainontzekoak “geldik” egoteak eman zuela Cancellarak hain azkar aldegitearen efektua, baina Flandriako Grammont-eko harpidean nola joan zen, eta batez ere Boonen nola utzi zuen ikusteak dudak sortaraztea ez zait hain arraroa iruditzen. Dirudienez, harpide hartako zati txiki batean orain arteko errekorra 23 segundotan zegoen, eta Cancellarak aurten 19 segundo egin ditu. Horrek esan nahi du ibilbide motzean ia %17.5 denbora gutxiago behar izan zuela aurreko errekorrarekiko. Konparatiboki, orain Contador Alpe D’Huezera joan eta Pantaniren 36 minutu eta 40 segundoak 30 minutu pasatxotan uztea bezala izango litzateke. Ez da proportzionala konparaketa hori, noski, baina hobekuntzaren magnitudea ikusteko balio du.

Gauzak honela, nik neuk ez dakit zer pentsatu. Zaila eta nekez sinesten dut kontu guzti hau. Eta hau gutxi balitz, zelula fotovoltaikoak dituzten bizikletak garatzen hasi omen dira, eguzki energia aprobetxatzen dutenak. Lehen lan gutxi dopin tradizionalarekin, eta orain UCIk galtzak bete lan dopin mekaniko-fotovoltaiko kontu hauekin…