Asteazkeneko etapa begiz jota zuen gaurkoa zuen bezala. Esprinter gutxi ziren tropelean eta irabazteko moduko sasoian zetorren. Familia ere etorri zen garaipenen bat ikusteko asmotan baina ez da hala suertatu.
Asteazkenean Vinokourovek (edo beharbada Rabobanken lotura lan kaxkarrak) etapa eskuetatik kendu zion. Gaurkoan, berriz, Freirek etapa irabazi irabazi du, baina epaileek garaipena kendu diote azken metroetan Luis Leon Sanchezek bultzadatxo bat eman diolako. Araudiaren arabera debekatuta dago horrelakorik egitea, eta bultzadatxo horrek garaipena lortzeko ezer gutxitan lagundu badio ere, bai bera eta baita Luisle taldekidea deskalifikatuak izan dira. Azkenean garaipena Gavazzirentzat izan da. Continue reading “Freireri aurtengo Itzulia kontrako eztarritik”
Atzokoan Kiriyenka jo zion erronka tropelari eta garaipena lortu zuen. Gaurkoan Vinokourov izan da antzera tropelari erronka jo eta gailendu zaiona. Erakustaldi bikaina kazakhstandar beteranoak emandakoa! Astanak garaipena behar zuen (urteko bigarrena gaurkoa) eta lortu du taldeko liderrak. Tropelean %45,7ak aukeratu duzue; gustura izango zarete aukeratu duzuenak, ez da gutxiagorako! Continue reading “Vinokourov tropelaren aurka!”
Urte sasoi bikainean izaten da ingurutako egun bakarreko txirrindularitza proba garrantzitsuena. Donostia-Donostia Klasikoa. Gipuzkoako errepideak goitik behera zeharkatzen ditu tropel koloretsuak, eta Uztaila bukaera-Abuztu hasierako eguraldiak gutxitan oztopatzen du egun eder hau. Frantziako Tourra bukatzetik hain gertu izateak gainera asko laguntzen dio lasterketari eta gure lurretara etortzen diren txirrindularien maila handia izaten da.
Ardenetako Hirukoa Apirileko 8 egunetan goi mailako hiru lasterketa batzeagatik da ezaguna. Tropeleko txirrindulari garrantzitsuenak belgikar eta herbeheretar lurraldeetan izaten diraLiège -Bastogne-Liège monumentua lehiatzen eta hau aprobetxatuz Amstel Gold Race eta Flèche-Wallone lasterketetan ere maila izugarria izaten da.
Normalean itzuli handiak lehiatzen izaten diren txirrindulari gehientsuenak punta-puntan izaten dira lasterketa hauetan, mendatetxoz josiak baitaude ibilbideak. Honek, beti ere, ikusmin puntu berezi bat ematen dio lasterketari.
Aurtengoan hala ere gure artean ikusmin berezi bat piztu da lasterketa hauetan, izan ere, Tropela.net-eko sailkapen nagusirako puntuagarriak izan baitira. Beraz, kinielak tentuz egiteaz gain adi-adi izan zen euskal txirrindularitza zalegoa 8 egun horietan zehar, oraindik eta gehiago, Eyjafjallajokull sumendiak Europa ia guztia kolapsaturik utzi zuela gogoratuaz. Hegazkinen hara norakoak galarazita, txirrindulari garrantzitsu asko ez ziren iritsi harberetako lehen zitara, eta honek kiniela egiterako orduan oraindik buruhauste gehiago ekarri zizkigun…
Lasterketei helduaz, lehena Amstel Gold Race izan zen. Esan bezala, txirrindulari garrantzitsu asko falta ziren, baina nire aburuz aurtengo oilar nagusienetakoa den Gilbertbaloiak gailentzea lortu zuen.
Hiru egun geroagoHuyko maldatzarra bi aldiz igotzen duten Flèche-Wallone izan genuen. Oraingoan bai, txirrindulari guztiak bertan izan ziren. Contador, Antonedo eta Valverdek autoz egin behar izan zituzten bi egun horietan Belgikarainoko bidea, baina nekea ez dakit ba asko igarri zuten, batzuk ez behintzat. Aurrekoan izan ez zen lez, oraingoan nahiko lotuta joan zen lasterketa, eta azken malda izango zen erabakigarria.
2010 urteko Euskal Txirrindularitzako momentu garrantzitsuenetako bat izan zen niretzat Huy-ko maldarako sarrera. Euskaltel-Euskadi taldea, tropelari tiraka, Igor Antonen aukerak baliatu nahian udaberriko klasika handi batean, orain arte inoiz ikusi gabekoa. Honelako bukaerak oso ondo etortzen zaizkio galdakarrari, eta halaxe erakutsi zuen. Gaztela-leongo lasterketan bi gizonik indartsuenak izatetik zetozen bera eta Contador, eta laster joan ziren metro batzuekin aurrera. Atzetik hiru gizon oso gertutik: Nibali, Rodríguez eta Evans. Baina Huyko aldapa luzea egiten da, eta honelako lasterketetan esperientzia falta sumatu zitzaien. Azken metrotan Rodríguezek eta Evansek pasatu zituzten, eta azkenean ortzadar maillota soinean zeraman australiarrak sekulako garaipena lortu zuen.
Txirrindularitzaren egun bakarreko lasterketa zaharrena da Liège-Bastogne-Liège. 1892an izan zen lehen edizioa, eta txirrindularitzako 5 monumentuetako bat da. Txirrindulari askorentzat urteko helburu nagusietan izaten da, Frantziako Tourra edo Munduko Txapelketaren pare. 260 Km inguruko ibilbide gorabeheratsua, sorpresarako betarik ez da izaten normalean.
La Roche aux Faucons mendatean Schleck anaiek goitik behera hautsi zuten lasterketa. Gazteenak errepikatu nahi zuen 2009ko garaipena. Gizonik indartsuenak aurreko taldean bildu ziren era honetan: luxenburgotarrekin batera, Contador-Vinokourov, Rodriguez-Kolobnev, Nibali-Kreuziger, Valverde, Evans, Gilbert eta Anton. Berriro ere indartsuenak zirela erakutsiz.
17Km falta zirela eraso erabakigarria eman zuen Astana taldeko ile horiak. Honekin batera Katusha taldeko errusiarra joan zen, eta atzetik Gilbert, Valverde eta Evans. Aurreko bi lagunak atzeko hirukotearen aurka. Eta askotan gertatzen ohi denez, aurrean lanean gogor eta atzeko hiru oilarrak elkarri mokoka. Halaxe iritsi ziren azkeneraino bi Alexander-ak. 260Km eta gero, 500 bat metro falta zirenean, azken aldapatxoaz baliatuz Vinokourovek bere txirrinduko garapenean pare bat hortz jaitsi eta segundotxo batzuk irabazi zituen. Nahikoak izango zituen. Atzetik Valverde nagusitu zen esprintean Alexander hirukotea osatuz podiumean.
Gertatu zena sinistu ezinik, Sergio Levi medikua amildegian behera zihoan, Pedro Horrillo erreskatatzeko asmoz. Pedro Horrillo, edo bere gorpua, Levik ez baitzeukan ermuarra bizirik aurkitzeko inolako esperantzarik. Baina han aurkitu zuen, 80 metro beherago, lurrean etzanda, goitik behera odolez beteta, izan ere, erorikoan denetarik jo zuen Pedrok: adarrak, harriak… azken finean, bere gorputz sendoak zulorako bidean aurkitu zuen guztia. Lurrean etzanda zegoen, begiak zabalik, baina konortea galduta. Baina medikua bi metrotara inguratu zenean, txikitutako gorpu hura jaso egin zuen. “Nola deitzen zara?”-galdetu zion medikuak. “Me chiamo Pedro”, erantzun zuen ermuarrak, bere ezker oin zaurituaren gainean oreka nolabait mantenduz. Levik lasaitasuna eskatu zuen, eta lurrean etzan zuen, berriz.
Bost aste geroago, Bergamoko ospitalean hasierako egoera larriena pasatu ostean, koma farmakologikotik istripua baino 3 egun geroago bonbilla baten argipean esnatu ostean, Pedro Horrillok gurpildun aulkia Nafarroako Unibertsitateko Klinikaren konferentzia-gelaren aurrean gelditu zuen. Kuraiaz beteta, Lorenak (bere emaztea, istripuaren egunean Bergamora bidaiatu zuena, berekin egoteko) emandako bi muletak hartu eta jaiki egin zen. Pedrok komunikabideen eskaera guztiak atzeratu zituen, “egoera on batean egon arte”, eta atzo bere burua prest ikusi zuen. Gelan sartzearekin batera, isiltasuna egin zen, argazki kameren flashek apurtu zuten isiltasuna. Mirariaren kulminazioa zen. Pedrok irribarre bat egin zuen eta bi hitz ahopean aipatu: “entrada triunfal”. Sarrera garailea. Bai, atzo garailea bera izan zen. Baina bera ondo ikustearekin txirrindularitzak eta zaleok ere zertxobait irabazi genuen.
Prentsaurrekoa eman zuen mahaira arteko ibilbidea luzea eta geldoa izan zen, eta han zeuzkan tratatu duten medikuak zain. Ibilbide geldoa, baina zoragarria. “Azken asteotan lan muskulu-eskeletikoa egin dugu, eta gaur bere kabuz gela honetan sartu izanak argi eta garbi uzten du bere eboluzioa nolakoa izan den” – esan zuen Felipe Lucenak, Barne-Medikuntza Saileko medikua denak. Bide batez, ermuarraren trinkotasun fisikoa goraipatu zuen: “Oso gizon sendoa da. Sendotasun horri eta aurrera ateratzeko gogoei esker errekuperazio zoragarria izan du, denok espero genuena baino askoz hobea”. “Denok egon gaitezke oso-oso pozik Pedro gaur hemen gurekin egoteagatik” – zioen Juan Ramón ValentÃk, Kirurgia Ortopediko eta Traumatologiako zuzendariak. “80 metroko amildegi batetik erortzea… Oso erreskate konplikatua gainditu du, eta kirurgia serie gako bat, kolpeen ondorioz birrindutako gorputzaren zatiak birkokatzeko. Horregatik egon gaitezke denok pozik gaur Pedrok bere kabuz dena azaldu duelako. Baina esfortzu nagusia berea izan da. Gorputza ez bada behar besteko indartsua, kirolariaren egoera orokor eta borrokarako animo gabe, ezin izango genuke ezertxo ere egin”. Bi medikuekin bat zetorren Pablo DÃaz de Rada, Kirurgia Ortopediko eta Traumatologiako espezialista. Honek ere Pedroren eboluzio harrigarria azpimarratu zuen, txirrindulariaren jarrera eta diziplina goraipatuz, baina optimismo neurrigabea baretzen saiatu zen. “Bizimodu normal batera itzultzea? Laster izango da bizikleta bat berriz hartzeko gai, pasiotxo bat egiteko, baina zoritxarrez, errotulako zauriak direla eta (errotulak asko sufritzen du txirrindularitzan), itxaron egin beharko dugu bere eboluzioa ikusteko. Orduan jakingo dugu zein maila har dezakeen bizikleta baten gainean. Pedroren organismoa oso gogorra da, bai, baina horri ezin zaio eperik jarri”. Continue reading “Ongi etorri, Pedro”