Ongi etorri, Pedro

barrankoGertatu zena sinistu ezinik, Sergio Levi medikua amildegian behera zihoan, Pedro Horrillo erreskatatzeko asmoz. Pedro Horrillo, edo bere gorpua, Levik ez baitzeukan ermuarra bizirik aurkitzeko inolako esperantzarik. Baina han aurkitu zuen, 80 metro beherago, lurrean etzanda, goitik behera odolez beteta, izan ere, erorikoan denetarik jo zuen Pedrok: adarrak, harriak… azken finean, bere gorputz sendoak zulorako bidean aurkitu zuen guztia. Lurrean etzanda zegoen, begiak zabalik, baina konortea galduta. Baina medikua bi metrotara inguratu zenean, txikitutako gorpu hura jaso egin zuen. “Nola deitzen zara?”-galdetu zion medikuak. “Me chiamo Pedro”, erantzun zuen ermuarrak, bere ezker oin zaurituaren gainean oreka nolabait mantenduz. Levik lasaitasuna eskatu zuen, eta lurrean etzan zuen, berriz.

Bost aste geroago, Bergamoko ospitalean hasierako egoera larriena pasatu ostean, koma farmakologikotik istripua baino 3 egun geroago bonbilla baten argipean esnatu ostean, Pedro Horrillok gurpildun aulkia Nafarroako Unibertsitateko Klinikaren konferentzia-gelaren aurrean gelditu zuen. Kuraiaz beteta, Lorenak (bere emaztea, istripuaren egunean Bergamora bidaiatu zuena, berekin egoteko) emandako bi muletak hartu eta jaiki egin zen. Pedrok komunikabideen eskaera guztiak atzeratu zituen, “egoera on batean egon arte”, eta atzo bere burua prest ikusi zuen. Gelan sartzearekin batera, isiltasuna egin zen, argazki kameren flashek apurtu zuten isiltasuna. Mirariaren kulminazioa zen. Pedrok irribarre bat egin zuen eta bi hitz ahopean aipatu: “entrada triunfal”. Sarrera garailea. Bai, atzo garailea bera izan zen. Baina bera ondo ikustearekin txirrindularitzak eta zaleok ere zertxobait irabazi genuen.

horrillo-muletasPrentsaurrekoa eman zuen mahaira arteko ibilbidea luzea eta geldoa izan zen, eta han zeuzkan tratatu duten medikuak zain. Ibilbide geldoa, baina zoragarria. “Azken asteotan lan muskulu-eskeletikoa egin dugu, eta gaur bere kabuz gela honetan sartu izanak argi eta garbi uzten du bere eboluzioa nolakoa izan den” – esan zuen Felipe Lucenak, Barne-Medikuntza Saileko medikua denak. Bide batez, ermuarraren trinkotasun fisikoa goraipatu zuen: “Oso gizon sendoa da. Sendotasun horri eta aurrera ateratzeko gogoei esker errekuperazio zoragarria izan du, denok espero genuena baino askoz hobea”. “Denok egon gaitezke oso-oso pozik Pedro gaur hemen gurekin egoteagatik” – zioen Juan Ramón Valentík, Kirurgia Ortopediko eta Traumatologiako zuzendariak. “80 metroko amildegi batetik erortzea… Oso erreskate konplikatua gainditu du, eta kirurgia serie gako bat, kolpeen ondorioz birrindutako gorputzaren zatiak birkokatzeko. Horregatik egon gaitezke denok pozik gaur Pedrok bere kabuz dena azaldu duelako. Baina esfortzu nagusia berea izan da. Gorputza ez bada behar besteko indartsua, kirolariaren egoera orokor eta borrokarako animo gabe, ezin izango genuke ezertxo ere egin”. Bi medikuekin bat zetorren Pablo Díaz de Rada, Kirurgia Ortopediko eta Traumatologiako espezialista. Honek ere Pedroren eboluzio harrigarria azpimarratu zuen, txirrindulariaren jarrera eta diziplina goraipatuz, baina optimismo neurrigabea baretzen saiatu zen. “Bizimodu normal batera itzultzea? Laster izango da bizikleta bat berriz hartzeko gai, pasiotxo bat egiteko, baina zoritxarrez, errotulako zauriak direla eta (errotulak asko sufritzen du txirrindularitzan), itxaron egin beharko dugu bere eboluzioa ikusteko. Orduan jakingo dugu zein maila har dezakeen bizikleta baten gainean. Pedroren organismoa oso gogorra da, bai, baina horri ezin zaio eperik jarri”. Continue reading “Ongi etorri, Pedro”