Kiryienka, bila dabilena

Zumarragako etapa bukaerako aldapatzarrak zerbait argitu zigun: Martin eta Leipheimer jokoz kanpo geratu ziren. Lekunberrin bukatutakoak, ordea, ez du pistarik eman. Movistar taldeko Kiryienkak eraman du etapa Azpirozeko jaitsieran ihes eginda. Larunbatean, ozta-ozta ihes egin zion garaipenak Lizarran, baina gaur bai, gaur inork ezin izan du harrapatu. Bestalde, Kloden lider da.

Azpiroz izan da eguneko azken aldapa, eta gorantz Geoxeko Duarte kolonbiarrak gatza eta piperra jarri dizkio lasterketari. Erasoa jo eta haren atzetik abiatu dira Kiryienka bera, Franck Schleck eta Horner. Gainera iritsitakoan jo du bielorusiarrak eta alde txikiarekin izan bada ere, besoak altxatu ahal izan ditu.

Gainerakoan, sailkapen nagusian panorama ez da gehiegi aldatu. Hori bai, lider aldaketa izan da. Kloden alemaniarrak jantzi du maillot horia, postuengatik –Sanchez eta Rodriguez denbora berean daude sailkapenean-. Klodenek lehen etapan erakutsi zuen itzulia irabazteko asmoarekin etorri dela Euskal Herrira, eta Lekunberrin berretsi du. Ezustekorik ezean, bihar sailkapenak bere horretan jarraituko du. Ondorioz, Sanchezek, Franck Schleckek, Kiryienkak, Beñat Intxaustik eta besteek Arraten gora jo beharko dute. Baita gogor jo ere. Kloden ez badute ostegunean atzean uzten, alemaniarrak dena alde izango du larunbateko erlojupekoan, Zallan. Ematen du hainbat ziklista gogotsu dabiltzala, Cunego eta Basso kasu, baina jo ezean jai dute.

Iaz RadioShackeko zakur zaharretako batek, Hornerrek, eraman zuen Euskal Herriko Itzulia, eta beste batek, Klodenek, orain aukera handia du bigarrenez Euskal Herrian irabazteko -2000. urtean irabazi zuen-. Irabazi ala ez txapela kentzeko moduko denboraldi hasiera egiten ari da Kloden: Paris-Nizan eta Nazioarteko Kriteriumean etapa bana poltsikoratua da. Armstrong gertutik jarraitzen ibiliko da bere taldekide ohien ibilerak, ziur.

Argazkia: Rafael Gomez Alonso / cyclingnews