Freireri aurtengo Itzulia kontrako eztarritik

Asteazkeneko etapa begiz jota zuen gaurkoa zuen bezala. Esprinter gutxi ziren tropelean eta irabazteko moduko sasoian zetorren. Familia ere etorri zen garaipenen bat ikusteko asmotan baina ez da hala suertatu.

Asteazkenean Vinokourovek (edo beharbada Rabobanken lotura lan kaxkarrak) etapa eskuetatik kendu zion. Gaurkoan, berriz, Freirek etapa irabazi irabazi du, baina epaileek garaipena kendu diote azken metroetan Luis Leon Sanchezek bultzadatxo bat eman diolako. Araudiaren arabera debekatuta dago horrelakorik egitea, eta bultzadatxo horrek garaipena lortzeko ezer gutxitan lagundu badio ere, bai bera eta baita Luisle taldekidea deskalifikatuak izan dira. Azkenean garaipena Gavazzirentzat izan da.

Berak amorrazioz hartu du berria nik hartu dudan moduan. Bai, nire tropelean Freireren aldeko auto garbia egin nuen. Asteazkenean 2. postuan jaso zituen puntuekin konformatu beharra izan nuen baina gaurkoan Rabobankek egindako lan bikaina erraz borobilduko zuelako sinesmen osoa nuen, baina hara!! Luisleren “aldrebeskeriak” guztia pikutara bidali du.

Aipatzekoa gaurkoan ere Egoitz Garcia aurrean ikusi dugula, 6. helmugaratu baita (deskalifikazioaren ondoren 5.).

Sailkapen nagusiari begira gaurkoan David Garciak bere ahalegina egin du 3. mailako mendian erasoa joaz, baina aurrez esan bezala, Rabobankek lan bikaina eginda tropela batuta helmugaratzea lortu du.

Lehen hamar postuetan 10 segundoko aldea besterik ez dago, beraz, biharko erlojuaren kontrako saioa erabakigarria izango da guztiz. Horner, Kloden eta Vinokourov dira nire faboritoak podiuma osatzeko, ordena horretan. Samurekin ez dut esperantza handirik eta euskaldunei dagokionez Beñat Intxaustik lan polita egin dezakeelakoan naiz! Ikusiko dugu bihar nola amaitzen den 2011ko Euskal Herriko Itzulia.

Argazkia: velonews.com

Published by Egoitz

Tropela.net sortu genuenean interneten edukiak euskaraz izatearen garrantziaz jakitun, ezinbestean blog hau martxan jartzeari ekin genion. Martxan jarri bakarrik ez, edukiak sortzen hasi eta jarraitzea da asmoa.