Gilberten erakustaldia Lonbardian, euripean

gilbertPhilippe Gilbertek irabazi du Lonbardiako Giroa, bigarrenez jarraian. Omega Pharma Lottoko txirrindulari belgikarra sasoi bete-betean iritsi da denboraldiko azken txanpara. Espainiako Vueltan bi etapa poltsikoratu zituen; Munduko Txapelketan jo eta ke aritu zen, nahiz eta azkenean saririk jaso ez; aste honen erdian Piamonten gailendu zen eta orain, Lonbardian aldaba jo du. Oporren aurreko azken proba garrantzitsuenean erakustaldia emanda irabazi du, gainera.
Berez, oso lasterketa gogorra izaten da Lonbardiako Giroa, 260 kilometroko ibilbidea baitu, aldapaz josita gainera. Aurten eguraldi makurrak are gogogrragoa bihurtu du proba. Negu giroa izan da; euria gotik behera eta ondorioz, ziklistak blai eginda iritsi dira helmugara.

Besteak beste, Albasinik, Viscontik, Mollemak, Gusevek edota Haimar Zubeldiak gatza eta piperra jarri diote probari, harik eta oilarrek aurrera egin duten arte. Azken mendateetako bateko jaitsiera labainkorran, Gilbert eta Scarponi geratu dira bakarrik aurrean, Nibali erori egin delako. Vueltako irabazlea atzeko taldetxoan geratu da; Nibalirekin ziren, besteak beste, Euskaltel Euskadiko Mikel Nieve eta Samuel Sanchez.

Donostiako Klasikoan maiz gertatzen den bezala, ihesaldian dabiltzanen atzeko multzoko kideek ez dute elkar ulertzen, eta aurrekoek tartea zabaltzen dute. Gilbertek eta Scarponik elkarrekin igo dute azken aldapa, eta belgikarrak, gaina harrapatzeko metro gutxi falta zirela, atzean utzi du Scarponi. Ustekabea izan da, hain justu kontrakoa espero zitekeelako, hau da, italiarrak Gilbert atzean uzteko jotzea, bestela jai zeukala jakitun. Hala ere, usteak erdi usted. Gilbertek bakarrik egin ditu helmugara bitarteko bost kilometroak eta euripean iritsi da helmugara. Pablo Lastras hirugarren iritsi da, eta Mikel Nieve zazpigarren . Bejondeiola!

RadioShackeko bi euskal txirrindulariek, Haimar Zubeldiak eta Markel Irizarrek, ezin izan dute proba amaitu.

Arg: http://www.cyclingnews.com