Txirrindulari askok protagonista izan nahi zuten atzo. Ihesaldi potoloa osatu zen etapako lehenengo zatian, sarrera-irteera askorekin. Sailkapen orokorreko gizonek protagonismoa bereganatu zuten geroago, azken igoeran, baina azkarregi galdu zuten. Gutxi iraun zuen euren momentuak. EITBko moto gidari bat ere zorigaiztoko protagonista izan zen, etapa hasi baino lehen istripua izan zuelako. Zorionez, onik dago. Baina azkenean, protagonista bakarra izan zen. Hain zuzen, protagonismoa eskuratzeko aukera bakarra joan zitzaiola uste genuena: Ben Swift.
Bi esprint izan ditu aurtengo Itzuliak, eta atzokoa ia ustekabean. Egia da Oricako esprinterrik gabe aritu zela Swift, baita bost mendateren ostean irabazi duela ere. Irribarre egiteko arrazoi bat emango zion behintzat Swiftek Sky taldeari, denboraldi hasiera zalapartatsu honetan. Esan bezala, Tinkoff-Saxok eta Movistarrek, hau da, faboritoen taldeek, lanean jarri zirenean, ihesaldiaren ametsari amaiera jarri eta sailkapen orokorrari begiratzera behartu gintuzten. Hori nahi genuen, seguruenez. Baina hala ere, ezer gutxi iraun zitzaigun pozak. Hainbeste itxaron behar izaten denean…
Atzo idatzi behar nuen berri hau, baina dakizuen moduan nahiko lanpetuta gabiltza itzulia.net Itzuliaren webgune ofizial berrian buru belarri. Bai, aitzakia itxura du zalantzarik gabe.
Ordiziko Barrena jauregia izan zen astelehenean Itzuliaren epizentroa, eta goiko solairuko hormak txirrindularitza argazki zaharrez horniturik zeuden. 1974ko Itzuliko argazkiez, hain zuzen ere, izan ere, orduko hartan ere Ordizitik abiatu zen gure lasterketarik garrantzitsuena. Berrogei urte ez dira alferrik pasatu. Argazki haietako batean Luis Ocaña ageri zen, sasoiko Espainiako txirrindulari onena zalantzarik gabe -Tourra eta Itzulia bera irabazi zituen aurreko urtean-. Genio handiko gizona zen Ocaña, gogorra eta oldarkorra, akaso bere haurtzaro latzak eraginda -ezin gozagarriagoa da Carlos Arribasek idatzi duen Ocaña liburua, guztiz gomendagarria ziklismo zale guztiei-. 
Azkenean iritsi da apirilaren 7a. Euskal Herriko Itzuliko edizio berri baten hasiera eguna izan da. Lehen etapa pasa da… eta ikaragarria izan da! Gauza asko gertatu dira eta oraindik kilometro asko falta dira larunbatean Markinan azken txirrindulariak helmuga marra pasa arte. Galdera asko airean eta hurrengo egunetan erantzuten joango direnak.