Tony Martinen erakustaldia Valverdek hortzak erakutsi dituen egunean

VUELTA_foto960_EFE

Ikuskizun ederra eskaini digu gaurkoan ere Itzuliko 2. etapak: Iparraldeko errepide bazterretan bildu diren zaletuek Tony Martinen erakustaldia bertatik bertara ikusteko aukera izan dute. Ziztu bizian pasa da Urdazubi inguruko zaletuen begien aurretik alemaniar txirrindularia. Beno,  txirrindularia, hura zela jakin badakigulako. Ze zaldia ere izan zitekeen, edota 5etako espresoa. Hura zen abiada. Erasoa jo eta segundu bakar bat ere jateko gai ez da izan tropela, amaiera aldera, OPQSekoak hanka altxa duen arte, helmugan garaipena ospatzeko denbora lain hartuz. Gaur talde estrategia ondo baliatzen jakin dute talde belgikarrean. De Ronden egin ez zuten akats larria arintzeko balioko du, akaso.
Nahiz eta gaurko lerroburu gehienak Cottbusen jaiotako gizon sendoak bete dituen, bere atzetik ere lasterketa egon da. Sailkapen orokorreko gizonengandik mugimendu garrantzitsurik espero ez zen etapan gatz eta piper pixkat jartzeaz arduratu da Valverde. Gaurko irabazleari protagonismo apur bat “lapurtuz”, Sara eta Zugarramurdi inguruko muino eta errepide sigi-sagatsuak baliatu ditu erasoari ekiteko. Murtziarraren saiakerek ez dute emaitzik izan ordea, Contador sendo bat uneoro adi izan baitu bere gurpilean.

Errepidean ikusitakoaz gain, Movistarreko txirrindulariaren jarrerak gauza bat argi uzten du: borrokarako gogoz dago, eta aurrean duen edozein aukera baliatuko du Contadorri segunduak jateko. Helburu zaila, duda barik, baina ez da erraz errendituko, eta etapa aproposak ditu aurretik. Logikak dio Arraten saiatu beharko lukeela madrildarra atzean uzten, baina Contadorrek bere burua defendatzeko etapa egokiena horixe da, bera indartsuena izaki. Sailkapen orokorrari buelta emateko ostirala aproposagoa izan daiteke. Markiñako etapa muinotsuan bere taldea erabil lezake Valverdek Contadorri segada jartzeko. Buruz-buru zail izango du bestela Pintokoa atzean uztea.

Baina ordurako oraindik denbora falta da. Bihar Arabako Lautadara heltzen da lasterketa. Urtero lez esprinta espero da Gasteizen eta zaila izango da hori ekiditea. Gizon azkar gutxi dira tropelean, beraz ez luke zaila izan behar garailea asmatzea: Swift, Matthews, Ratto, Martens, Morkov, Van der Sande,… horietako bat ez den beste inor besoak altxatzen ikustea ustekabea litzateke.

Amaitzeko, Ibanek atzo bezalaxe, EITBren inguruan gauza bat aipatu nahi nuke: aurtengoan errealizazioak puntu bat gora egin duelakoan nago. Agian nire kontua da soilik, baina lasterketa erakusteko moduan hobekuntza nabaritu dut iaztik hona. Nabarmendu nahiko nituzke helikopteroko planoak eta lasterketa igarotzen den herri edota monumentuen inguruko infografia. Honi buruz hitz egitean denoi Tourra etortzen zaigu burura, eta argi dago haien mailan inor ez dagoela munduan, baina arlo honetan Itzuliaren lana goratu nahiko nuke, norbere burua munduari erakustea garrantzitsua baita lasterketa promozionatzeko. Guzti hau niri iritzi xumean, noski.

 

Argazkia: EFE