Gasteiz, australiarren kolonia

Matthews 3. etapako garaileaAtzo idatzi behar nuen berri hau, baina dakizuen moduan nahiko lanpetuta gabiltza itzulia.net Itzuliaren webgune ofizial berrian buru belarri. Bai, aitzakia itxura du zalantzarik gabe.

Irteeran ikusi genuen Matthews eta bi hitz gurutzatzeko aukera izan nuen. “Matthews, gaur bai, ala?” galdegin nion eta berak “hala espero dut!”. Noski, elkarrizketa ingelesez izan zen. Eta esanda bezala, ez zuen hutsik egin australiar gazteak.

Asko idatzi da Oricaren garaipenaren inguruan eta Gasteizekin lortu duten lotura estua: azken hiru urteetako Gasteizko etapa amaierak bereganatu dituzte, aurreko biak Impeyrekin. Baina horretan baino atzetik helmugaratu ziren txirrindularien inguruan hitz egin nahiko nuke.

Reza, Europcarreko txirrindularia. Ez da lehen aldia esprint batean sartzen dena, baina asteazkenean bigarren sailkatu zen, Swift bezalako esprinter baten aurretik. Bai, dagoeneko esprinterren multzoan sartu beharreko txirrindularia zalantzarik gabe.

Kwiatkowski da aipatu nahi nuen beste txirrindularia. A ze txirrindularia! Tirreno Adriatikoan txukun ibili zen baina itzuliko etapa nagusian kale egin zuen. Pena ze gero beranduago erlojuaren kontra txukun aritu baitzen. Baina mendian lehian, erlojuaren kontra onenen pare eta esprintean burua sartuta, zer gehiago eskatu behar diogu txirrindulari bati?

Batzuetan itsutu egiten gara hiru asteko txirrindulari on horiekin, baina ez dute zertan txirrindulari on guztiak hiru asteko lasterketatan nabarmendu behar. Horietako bat Kwiatkowski da, baina ezagutzen ditugu gehiago, ezta?

Published by Egoitz

Tropela.net sortu genuenean interneten edukiak euskaraz izatearen garrantziaz jakitun, ezinbestean blog hau martxan jartzeari ekin genion. Martxan jarri bakarrik ez, edukiak sortzen hasi eta jarraitzea da asmoa.