Protagonismo kontua

Txirrindulari askok protagonista izan nahi zuten atzo. Ihesaldi potoloa osatu zen etapako lehenengo zatian, sarrera-irteera askorekin. Sailkapen orokorreko gizonek protagonismoa bereganatu zuten geroago, azken igoeran, baina azkarregi galdu zuten. Gutxi iraun zuen euren momentuak. EITBko moto gidari bat ere zorigaiztoko protagonista izan zen, etapa hasi baino lehen istripua izan zuelako. Zorionez, onik dago. Baina azkenean, protagonista bakarra izan zen. Hain zuzen, protagonismoa eskuratzeko aukera bakarra joan zitzaiola uste genuena: Ben Swift.

Bi esprint izan ditu aurtengo Itzuliak, eta atzokoa ia ustekabean. Egia da Oricako esprinterrik gabe aritu zela Swift, baita bost mendateren ostean irabazi duela ere. Irribarre egiteko arrazoi bat emango zion behintzat Swiftek Sky taldeari, denboraldi hasiera zalapartatsu honetan. Esan bezala, Tinkoff-Saxok eta Movistarrek, hau da, faboritoen taldeek, lanean jarri zirenean, ihesaldiaren ametsari amaiera jarri eta sailkapen orokorrari begiratzera behartu gintuzten. Hori nahi genuen, seguruenez. Baina hala ere, ezer gutxi iraun zitzaigun pozak. Hainbeste itxaron behar izaten denean…

Zaila izaten da lasterketa apurtzea liderraren taldeak egoera kontrolpean duenean. Baina Movistar agintera sartu zenean, ihesaldia harrapatu, eta Valverde argiztatzeko fokuak piztu zituen. Hala ere, Aiaistiako gaineko azken aldapetara arte ez zen saiatu, eta Contadorrek, espero bezala, ondo erantzun zion. Mendian alderik atera ezinean ibili dira.

Eta gaur zer? Gaur pelikula beste itxura bat izango du, pertsonaia bakoitzak bere aldetik egingo duelako lan. Pena litzateke astean zehar goian ibili diren bi izarrek azken momentuan galtzea saririk irabazteko aukera, baina lanak bukatzen ez direnean, ezer gutxirako balio du nagusitasuna erakustea. Alberto Contador eta Alejandro Valverde ditu jende guztiak aipagai. Madrildarra murtziarra baino hobea izan da diziplinan, baina Tinkoff garaiko zenbakiei erreparatuta, 12 segundoko errenta galdu ere egin ahal duela uste dezakegu. Aurten, baina, Contadorrek azken bi urteetako argumentua iraultzen saiatzen ari dela dirudi, emaitza onekin gainera. Gustura ibili da 2014an, Algarven, Tirreno-Adriaticon eta Katalunian. Gaurkoa inflexio-puntua izango du, susperraldia noraino heldu daitekeen ikusteko. Valverdek konfiantza handiagoa eman dezake, denboraldia bikain hasi zuelako eta korritu duen erlojupeko bakarra irabazi duelako.

Baina ez dira bakarrik egongo, ez horixe. Jean-Christophe Peraud Contadorren mailan ibili zen Tirrenon, eta orain 36 segundora du Pintokoa. Tejay Van Garderen 58 segundora dago. Gehiegi. Baina argazkikoa da gidoiko pertsonaiarik arriskutsuena, pelikula hankaz gora jarri dezakeen gaizto bakarra: Michal Kwiatkowski. Aurtengo aurrekaririk garrantzitsuena Algarven izango du, Itzuliko liderrari han nagusitu zitzaion eta. Hobetze bidean dator, etengabe. Batzuei pelikuletako gaiztoak gustatu zaizkie betidanik. Beste batzuk protagonistaren ikusmoldeari buelta eman eta kameren arreta bereganatu dezaketenak ditugu gustuko.

Gidoia ez dago idatzita. Bakoitza bere buruaren kontra borroka dadila.