Tropelaren hausnarketa ETB1en

2021eko apirilaren 10ean jokatu zen Itzulia 2021eko azken etapa erabakigarria. Etapa hasieran McNulty (UAE) lider abiatu bazen ere, Rogliček (TJV) urrutitik aurre hartu zuen tropeltxoan sartuta, Itzulia poltsikoratu zuen. Etapa hau zuzenean eman zuen ETB-k eta bertan, etaparen hasieran, Tropelako Elkarteko kide dugun Egoitz Lizasoren bideo bat emititu zuten.

Euskal txirrindulariek astean zehar izandako protagonismoa gogoratu ondoren, Egoitzek nola Itzuliaren antolakontzak azken bi etapak jokatzeko falta zirela, webgune ofizialaren domeinua Itzulia.eus izatetik ItzuliaBasqueCountry.eus izatera pasa zutela azpimarratzen du. Bere iritziz erabaki hori ez da zuzena eta, eztabaida mahai gainean jartzeaz gai, antolakuntzari aurreko domeinura bueltatzeko eskari luzatzen die. Besteak beste, bere argudioa indartzeko, txirrindularitza lasterketa handiek duten irizpidea ekartzen du gogora.

Gertu bai. Poltsikoan oraindik ez

Euskal Herriko Itzulia Gaintza gaineanAzkenean iritsi da apirilaren 7a. Euskal Herriko Itzuliko edizio berri baten hasiera eguna izan da. Lehen etapa pasa da… eta ikaragarria izan da! Gauza asko gertatu dira eta oraindik kilometro asko falta dira larunbatean Markinan azken txirrindulariak helmuga marra pasa arte. Galdera asko airean eta hurrengo egunetan erantzuten joango direnak.

Gure buruari egin diogun galdera: nahiko abantaila dauka Alberto Contadorrek sailkapen buruan mantentzeko azkeneko egunera arte? Historiak dio balentria hori lortua duela (2008ko Euskal Herriko Itzulia), baina historiak dio baita ere astebeteko itzulietan huts egin izan duela (2009ko Paris-Niza). Pistolariak beste tiro batzuk bota beharko direnean bolbora siku edo bustia izango du?

Continue reading “Gertu bai. Poltsikoan oraindik ez”

Gaur 9 urte luze betetzen ditugu

Gaur betetzen ditu Tropelak urtea, 9 hain zuzen ere. Bai, 10. denboraldia da aurtengoa baina bete ditugun urteak 9 dira. Baina hala ere ez al dira asko?

Pentsa zein lanpetuta gabiltzan post hau idazteko ere astirik hartu ezinda ibili garela. Baina ezin dugu gaur bezalako egun garrantzitsu bat, guretzat bederen, aipatu gabe aurrera egin.

Continue reading “Gaur 9 urte luze betetzen ditugu”

Eta Tourreko lehiaketa iritsi bitartean zer?

Dauphiné Libéré eta Luxenburgo 2009Asko dira dagoeneko Tourrerako kiniela egiteko zain direnak. Giroaz gozatu dugu, laugarren urtez Tropeleko lehiaketarekin bizitzeko aukerarekin. Hori kiniela egin duzuenok, ezagutzen baititut zenbait konturatzerako Giroa hasi zaienak eta horiei Tourreko lehiaketaren itxaronaldia luzeagoa gertatzen ari zaie.

Bitartean zer? Bada txirrindularitzaren egutegiak hurrengo egunetan eskainiko dizkigun ekitaldiei jarraipena egitea geratzen zaigu. Alde batetik txirrindularitza gustatzen zaigulako eta bestetik, zergatik ez, Tourrean kiniela on bat egiteko ahalik eta informazio gehiena biltzeko.

Asteazkenean Luxenburgoko Itzulia hasi zen. Parte hartzaileen artean Euskaltel-Euskadi aurkitzen da, Giroari muzin egin ondoren lasterketa honetan bueltatzen da berriro ere lehiaketara Amets Txurruka talde buru dutelarik. Euskaltel-Euskadiko txirrindulariak izango dira lehiatzen arituko diren euskaldun bakarrak Luxenburgon.

Bost eguneko itzuli hau asteazkeneko prologoarekin hasi zen. Tourrean izaten den bezala, 2,7 kilometrotako erlojupeko motza, maillotaren jabea erabaki zuena. Prologo honetan Astana taldeak irabazi zuen Rast gaztearen lanari esker. Atzoko etapa, berriz, Mondorf-les-Bainsen amaitu zen esprintean eta Napolitano izan zen garailea. Eta gaurko etapan Andy Schleck izan da garailea Breschel eta Aitor Galdosen aurretik. Gaurko etaparen ondoren Rastek lasterketa lidergoa galdu du eta Bazayev taldekideak eskuratu. Oraingoz Astana taldea lasterketaren buru da baina oraindik bi etapetan gauzak alda daitezke. Euskaldunei dagokienez, Aitor Galdos da sailkapeneko gizonik aurreratua 6 segundora 4. postuan. Amets Txurruka 15. postuan da 22 segundotara. Igandea bitartean, beraz, Luxenburgora begira izango dugu begi bat badaezpada, txirrindulariak zein mailatan dabiltzan jakiteko, batez ere gure txirrindulariak.

Igandean esan bezala, Dauphiné Libéré hasiko da. Astebete iraungo duen lasterketa honetan Tourrean parte hartzen duten txirrindulari gehienak izaten dira. Garrantzitsuenak Evans, Contador, Valverde, Gesink,… bertan izango dira. Kasu honetan begi bakarra ez, bi begiak eta ederki irekita izango ditugu lasterketa horren nondik norakoak jakiteko. Gainera, ETB1ek ohi duen bezala, Fermin eta beste esatariekin lasterketa jarraitzeko aukera izango dugu.

Beranduago Suitzako Itzulia izango da, ekainaren 13tik 21ra hain justu. Oraindik urruti dago eta informazio gehiegirik ez dugunez gogoratu bakarrik egin nahi nuen. Aurrerago joango gara komentatzen.

Baina zerbait ahaztu zait, ez? Ez al duzue zerbait faltan botatzen? Ba bai. Orain urtebete Euskal Bizikletaz aritu zen Hibai adiskidea. Zerbait susmatzen genuen, baina ez genuen usteko 2008ko edizioa azkena izango zenik. Tropela Elkartekook Euskal Bizikleta gustora jarraitu ohi izan dugula esan dezakegu Efimkini lasterketako lider izan zenean egin genion elkarrizketa kasu. Garai horiek pasa dira eta Euskal Bizikleta ere historiaren parte bihurtu da. Hemendik aurrerako ekainak ezberdinak izango dira.

Cavendishek arantza kendu du protesta nagusitu den etapan

Tropelaren protesta 9. etapanGaurkoan bai. Milanoko gaurko etapa esprinterrentzat prestatua zegoen eta gaurkoan ingelesak ez du hutsik egin. Columbia-High Road taldeak ederki bideratu dio bere esprinterrari bidea garaipenak ihes egin ez ziezaion eta esan bezala, gaurkoan Petacchi gailentzea lortu du.

Orain arteko ediziotan gaurko etapa Giroko azkena izaten zen. 100. urteurrena dela eta, aurtengoan azken etapa Erroman amaituko denez ez zuten Milanoko zirkuitua alde batera uzterik nahi. Giroko lehen atseden egunaren bezperan, beraz, orain arte itzuliko azken etapa izan ohi zen ibilbidea egin dute.

Eguneko albiste nagusia, ordea, tropelak zirkuituaren inguruan adierazi duen arriskua izan da. Atzokoan Pedro Horrillok izan zuen ezbeharraren ondorioz, etapa hasi aurretik antolakuntzak tropeleko tentsioak baretzeko gaurko denborek sailkapen nagusian eraginik ez zuela izango adierazi dute. Ondorioz, etapa bakarrik jokatuko zen. Hala ere, tropelarentzat neurri hori ez zen nahikoa zirkuituaren arriskuaz jabetuta eta 6 itzuliren faltan gelditu egin dira. Di Lucak mikroa eskuan, ikusleei egoeraren berri eman die eta etapa ez zutela lehiatuko esan dute arriskuaz jabetuta. Orduraino zeramaten abiadura oso baxua zen eta zetorrena adierazten zuen. Ikusleei azalpenak eman ostean eta arduradunen desadostasuna agerian geratuta, txirrindulariek arauzko itzuliak emateari berrekin diote. Arduradunen zorionerako, azken itzulietan tropelaren abiadura arras handitu da eta etapa lehiatzeko prest zeuden txirrindulariak bazirela ikusi da.

Ordurako ETBk emanaldia moztu eta pilota emanaldiari lehentasuna eman dio etapak izan dituen gora beherak argudio hartuta. Eurosporten seinalea dugunok, ordea, etapa bukaeraraino ikusteko aukera izan dugu. Ez dut oso ondo ulertu ETBren portaera, eguneko partidua ez baitzen 18:00ak baino lehenago hasiko eta posible zuten etapa osoa eman estelarra jokatzen hasi aurretik. Desadostasunak desadostasun, azken itzuliak pentsatu baino ikuskizun gehiago eman du.

Helmugarako 10 kilometroren faltan Voeckler frantziarrak ihesaldi ahalegina egin du. Ordurako sailkapen nagusiko txirrindulari garrantzitsuak tropel nagusiko tentsioetatik ihesi atzeratuta geratu dira. Frantziarraren ahaleginak kilometro bateko iraupena izan du eta hortik aurrera ez da beste inor gauza izan saiakerarik egiteko.

Azken metroetara iritsi arte ez da beste ahaleginik izan. Esprinter guztiak lekua bilatzen aritu dira eta azken kilometroetan bultzadaren bat edo beste ere ikusi dugu, nahiz eta zigortzerainokoak ez izan. Aurrez esan bezala, Columbia-High Roaden laguntza osoarekin, Cavendishek betaurrekoak botatzeraino bizikleta mugituz garaipena erraz samar eskuratu duela esan daiteke. Gaurkoan Petacchi pattalago ibili da eta 5. postuan helmugaratu da. Honekin laugarren garaipena eskuratu du Columbia-High Road taldeak eta horietatik hiru azken hiru etapatan jarraian.

Zalantzarik gabe gaur tropelak hartu duen erabakiak polemika eta zeresan handia emango du. Segur aski batzuk ados egongo zarete eta beste batzuk kontra. Nik behintzat gauza bat dut garbi: ez da onargarria maila honetako txirrindularitzan horrelakoak ikustea eta alde guztiek beren esfortzua egin beharko luketela deritzot horrelako ikuskizun tamalgarririk eman ez dadin.