Gertu bai. Poltsikoan oraindik ez

Euskal Herriko Itzulia Gaintza gaineanAzkenean iritsi da apirilaren 7a. Euskal Herriko Itzuliko edizio berri baten hasiera eguna izan da. Lehen etapa pasa da… eta ikaragarria izan da! Gauza asko gertatu dira eta oraindik kilometro asko falta dira larunbatean Markinan azken txirrindulariak helmuga marra pasa arte. Galdera asko airean eta hurrengo egunetan erantzuten joango direnak.

Gure buruari egin diogun galdera: nahiko abantaila dauka Alberto Contadorrek sailkapen buruan mantentzeko azkeneko egunera arte? Historiak dio balentria hori lortua duela (2008ko Euskal Herriko Itzulia), baina historiak dio baita ere astebeteko itzulietan huts egin izan duela (2009ko Paris-Niza). Pistolariak beste tiro batzuk bota beharko direnean bolbora siku edo bustia izango du?

Valverde izan da bigarrena 14 segundora Ordiziako helmugan, eta ondoren sartu dira sailkapen nagusirako beste hautagai batzuk. Bigarrenetik atzera argi daukate zer egin behar duten: erasora jokatu. Paperaren gainean osteguneko Arrateko helmugan aurkitzen da denbora tarteak egon daitezkeen toki bakarra baina, esan dudan bezala, kilometro asko falta dira oraindik. Edozein tokitan edozer gauza gerta daiteke. Kirol hau are ederragoa egiten duen ezaugarria: gidoi bat egon daiteke baina sorpresa edozein izkinatan ezkutatzen da.

Amaitzeko aipatu nahiko nituzke bi detaile Itzuli honen inguruan. Lehena, urteak joan urteak etorri ETBren azpiegitura UCI World Tour mailako lasterketa honetarako oso eskasa da. Zin egin dute aurki Definizio Altuan emateko gai izango direla emanaldiak, baina ikusi arte ez dut sinetsiko.

Bigarrenik #posteuskaltel aroko lehen urte honetan zorionez Euskal Herriko Errepide bazterrak beste behin ere bete egin dira (eguraldia ona izateak hein handi batean lagundu duen arren). Euskaltelek lortu zuen zerbait ez zela galduko pentsatzen dugunok, hots, txirrindulariak animatzera hurbildu errepide bazterretara 1 – 0 Euskaltel gabe txirrindularitza afizioa galdu egingo dela diotenak.

Gogoratu etaparen kronika eta azken kilometroetako bideoak Euskal Herriko Itzuliko web gune ofizialean aurki dezakezue. Besterik gabe, jarrai dezagun hurrengo bost egunetan gure errepideetan munduko txirrindularitza onenaz disfrutatzen!!!

Argazkia: @cyclinginside

Published by Piban

Ume garaian uztail arratsalde beroetan harrapatu ninduen txirrindularitzak Indurainen balentriak jarraitzen Frantziako Tourrean... eta harrezkero txirrindulari zalea.