Ocaña oroimenean

PoelsOrdiziko Barrena jauregia izan zen astelehenean Itzuliaren epizentroa, eta goiko solairuko hormak txirrindularitza argazki zaharrez horniturik zeuden. 1974ko Itzuliko argazkiez, hain zuzen ere, izan ere, orduko hartan ere Ordizitik abiatu zen gure lasterketarik garrantzitsuena. Berrogei urte ez dira alferrik pasatu. Argazki haietako batean Luis Ocaña ageri zen, sasoiko Espainiako txirrindulari onena zalantzarik gabe -Tourra eta Itzulia bera irabazi zituen aurreko urtean-. Genio handiko gizona zen Ocaña, gogorra eta oldarkorra, akaso bere haurtzaro latzak eraginda -ezin gozagarriagoa da Carlos Arribasek idatzi duen Ocaña liburua, guztiz gomendagarria ziklismo zale guztiei-.

Contadorrek ez zuen Ocaña maldan gora ikusi, baina haren traza har dakioke madrildarrari. Igotzaile petoa da eta denboraldi honetan ikusgarri ari da han eta hemen, tropela apurtzen. Contador ez da legenda bihurtuko, ez baitu Merckx aurrez aurre, baina Tinkoff Saxo taldekoak hirugarrenez irabaz dezake Itzulia. Ocañaren marka gaindi dezake, 1971an eta 1973an gailendu baitzen Priegoko ziklista gurean.

Ocaña bere garaipenengatik bakarrik ez; eroriko batengatik egin zen ezagun. 1971Ko Tourrean Merckx erraldoia hankapean zuela, Pirinioetako Mente mendatean erori zen, zeruak eta lurrak bat egin zuten egunean, eta ospitalean bukatu zuen. Arrateko irabazleak ere, Poelsek, oso eroriko larria izan zuen duela bi urteko Tourrean. Gogoratzen Metzera bideko etapa latza? Hainbat txirrindularik etxerako bidea hartu behar izan zuten, tartean Amets Txurrukak eta Mikel Astarlozak – @elizasok sarraskia xehetu zigun plaza honetan-. Poelsek etxerako bidea ez, erietxerako bidea hartu behar izan zuen ezinbestean, bolada luze baterako. Hiru saihets hautsi zituen eta besteak beste, giltzurrina eta birikak minduta zituen. Holandarrak Arraten lortu du bere kirol ibilbideko garaipenik garrantzitsuena. Polita litzateke jakitea zer pasatu zaion burutik mendate pankarta igaro, atzera begiratu eta tartea ikusi duenean. Beldurra airean, akaso, aurrera egin du, ez zuen besterik, eta estu eta larri izan bada ere, besoak altxa egin ditu pozaz eta amorratuta. Ocañak egiten zuen bezala, Contadorrek egiten duen bezala.

Argazkia: Itzulia.net