2010. urteko taldeen analisia, Tropelan

pt

Datozen egun eta asteetan nazioarteko tropeleko talderik esanguretsuenei errepasoa emango diegu Tropelan, bakoitzak hasi berria den denboraldirako aurkezten dituen gizonik garrantzitsuenak, berrikuntzak, helburuak, etab. zeintzuk diren zuenganatu asmoz. Erregeek aurtengoan ere oparirik ekarri ez dizutela? Lasai, Tropela ere Olentzerok bakarrik izaten du gogoan, baina hemendik, besterik ez bada ere, urtean zehar izango diren lehiaketei begira gida modura erabil litekeena ekarriko dizuegu. Gustokoa eta baliagarria izango zaizuela espero dugu. Eta bide batez, egitura bakoitzarekiko zeuen iritziak plazara ditzazuela.

Romain Sicarden debuta Australian

Romain SicardEuskaltel-Euskadi taldea Derion izan da kontzentratuta aste honetan zehar. Kontzentrazio honetan zenbaiti hurrengo urteko egutegia zehaztu diote eta horien artean Romain Sicard txirrindulari gaztea agertzen da. Dakizuen bezala, Sicard 23 urtez azpiko egungo munduko txapelduna da.

Hazparneko txirrindulari gazteak Tour Down Under Australiako lasterketan egingo du debuta. Gainera taldeburu gisa aurkeztu dute. Ez dakit ez ote den goizegi Romaini horrenbesteko ardura emateko, baina hori Euskaltel-Euskadi taldeko zuzendariek jakingo dute.

Edonola ere, urtarrilak 17tik 24ra jokatuko den Tour Down Underrean hasiko da Euskaltel-Euskadi taldearen 2010ko denboraldia. 2003an Mikel Astarlozak irabazi zuen lasterketa hau Ag2r taldean zela. Beharbada talde laranja lasterketa irabazteko gai izan daiteke. Ikusiko dugu.

“Dopinaren aurka egitea gure lema da”

Igor Gonzalez de GaldeanoIgor Gonzalez de Galdeanok Euskaltel-Euskadiko manager gisa egindako baieztapena jarri dizuet izenburuan. Egunotan talde laranja Derion da kontzentratuta eta aurkezpenean urtarrilaren 1etik aurrera dopinaren aurka abian jarriko duten barne kontrol berritua aipatu zuten.

Aurtengo udaran Iñigo Landaluzek eta Mikel Astarlozak positibo eman zuten. Horren haritik, taldearen jarraipena bermatu asmoz, eta bide batez txirrindulariak lagundu, kontrol zorrotzago batzuk ezarriko dituztela esan dute arduradunek. Xehetasunik eman ez bazuten ere, kanpoko laborategi bat taldeko txirrindulariei azterketak egiteaz arduratuko omen da sorpresarik izan ez dadin. Ez dakit orain arte zein motatako barne azterketak egingo zituzten, baina honek, itxura batean bederen, aldaketa esanguratsu bat suposatuko duela dirudi.

Euskalteleko presidente den Jose Antonio Ardanzak bere aldetik babes osoa eskaini dio txirrindulari taldeari taldearen erabakietan gardentasuna eta leialtasun absolutuak izan baitira bere esanetan. Dakizuen bezala Eusko Jaurlaritza ez da iritzi berekoa eta segur aski hori izan da neurri hau hartzearen arrazoi nagusia.

Aurtengo urtean Euskaltel-Euskadiko txirrindulariek 700 azterketa jasan bazituzten, 2010ean zenbat izango ote dira?

Contempolis-Ampo desagertzeko zorian

Contempolis-AmpoTalde honen inguruan dabiltzanak Idiazabal aldera begira ari dira AMPO enpresaren erabakiaren baitan baitago talde kontinentalaren jarraipena esan dutenez. Dakizuen bezala AMPO enpresa ez da unerik goxoena bizitzen ari eta horrek publizitatean inbertsioak txikitzea ere badakar.

Txirrindulari taldeak beste babesle bat ere badu; Murtziako agintariek ere taldea babesten dute eta hori da Contempolis-Ampo taldean Murtziako eta euskal txirrindulariak izatearen arrazoi nagusia. Euskaldun horien artean Mikel Gaztañaga, Aitor Perez, Dionio Galparsoro eta Jabier Etxarri izango lirateke egungo blokean.

AMPOk ezezkoa ematen badu beste babesleren bat bilatu beharko dute UCIk jartzen dituen baldintzak betetzeko, bermeetan oinarritzen diren baldintzak hain zuzen ere. Hurrengo egunetan zerbait jakingo dela pentsatzen da.

Miguel Madariaga jubilatu egin da

Miguel MadariagaMiguel Madariagak jubilatu egingo dela esan du nahiz eta taldeari “lotuta” jarraitzekotan den. 2010erako bere kargu Igor Gonzalez de Galdeanori utziko dio eta bere anaia, orain arte Orbeako zuzendari izan dena, Euskaltel-Euskadikoa kirol zuzendaria izango da. Berarekin batera Gorka Gerrikagoitia eta Josu Larrazabal arituko dira. Hala ere webgunean ez dira aldaketa berri hauek oraindik agertzen.

Dirudienez Galdeanotarrek izango dute taldea zuzentzeko ardura. Badirudi azken urteetako lan moduak jarraipena izango duela. Segur asko azken aldaketa hauek ez dira zaletu guztien gustukoak izango. Zuk zer irizten diozu?