Atzoko etapan ikaragarrizko erakustaldia emanda Joaquim “Purito” Rodriguez-ek etapa garaipena eskuratu zuen. Aiako maldak hasterako erasoaldia jo eta aurrean zuen Kolobnev-en laguntzarekin, tropelari eta gainontzeko faboritoei behar besteko errenta atera zien atzokoan etapa garaipena lortzeko.
Beharbada, bestela gerta zitekeen Amets Txurrukak erorikoa izan ez bazuen. Aiako %28ko malda igo aurretiko jaitsieran aurreko gurpilak irrist egin zion eta lurrera jauzi zen. Lepauztaia minduta zuela kexatu zen, baina hala eta guztiz ere etapa amaitzeko gauza izan zen. Ikaragarria Ametsek eman zuen erakustaldia atzokoan ere, aste honetan hirugarren aldiz sartu baita ihesaldi batean eta mendiko maillota ziurtatzeaz gain, etapa garaipenaren lehian sartzeko moduan izan zen. Pena ikaragarria genuen Aiako maldetan geunden zaleok, goitik ikusi baikenuen nola Amets aurretik zen ihes eginda errenta politarekin.
Dakizuen bezala Amets Poliklinikara eman zuten. Ez dugu jakin ahal izan azkenean lepauztaia hautsia edo zartatua duen eta oraindik duda da gaur erlojuaren aurkako saioan parte hartuko duen ala ez. Nahikoa luke etapa amaitzea mendiko maillota irabazteko orain bi urte Egoi Martinezek egin zuen bezala. Hala ere, badakigu zauri larriak baditu ez zaiola horrelako esfortzurik egitea komeniko. Duda izango da, beraz, Etxebarriako igotzailea gaurkoan azken unea iritsi arte orain bi urte David Herrerorekin gertatu zen bezala. Gure animorik beroenak Amets Txurrukari, gaur irteten ez bada ere, ikaragarrizko itzulia egin baitu eta hori inork ez baitio kenduko.
Valverde Vs Horner
Faboritoen artean atzo Gesinkek huts egin zuela entzun dugu. Egia da, huts egin zuen, baina arrazoia ez zen izan indarrik gabe geratu izana. Aian geundenok ederki ikusi genuen nola Gesinkek gorputzaren eskuin aldean zauri eta odol arrastoak zituen. Garbi zegoen erori egin zela eta horrek lasterketaren lehiatik kanpo utzi du holandarra.
Gesink kanporatuta, Euskal Herriko Itzulia Valverde eta Hornerren artean erabakiko dela dirudi. Bi hauen artean segundo bakarreko tartea dago murtziarraren alde. Gainontzekoak 34 segundotik gorako atzerapenak dituzte, beraz, ezustekorik ezean, hauetakoren bat izango da gaur Euskal Herriko Itzuliaren garailea. Eta norbaiten alde egitekotan, faborito Valverde hartzen badute ere, nik Horner gailenduko delakoan naiz.
Argazkia: www.cyclingnews.com

Wegmann
Hainbat gazte eta fitxaketa berri era badira: Kluge laugarren izan da Qatarren, eta baditu hainbat garaipen lortuta; Voss eta Stroetinga Mallorcako Challengean izan berri dira, emaitza handirik gabe; Roels iaz Espainiako Itzuliko 15. etapan nabarmendu zen (3. izan zen helmugan); gazteena Nerz dugu (20 urte); Gajek-ek hainbat urte daramatza taldean; Frohlinger postu onak eginda da Tourren eta Giroan, besteak beste, eta oso lehiatsua da, saiatua. Etorriko dira garaipenak. Terpstra-k garaipen politak ditu: iaz Dauphinen etapa bat eta Ster Elektrotoer proban beste etapa bat irabazi zituen. Russ-ek ere Gerolsteinerren eman zituen bere urterik onenak.

Talde batek denboraldi batean 86 garaipen lortu dituela esanda, ez dago asko gehiagorik kontatzeko.