Tourreko multzoen azterketa: beste azkarrak (V)

Boasson Hagen (SKY). Tropel nagusiko esprinta, erlojupekoa, talde txiki bateko esprinta, gora, behera… Hau da, edozein momentutan eta edozein terrenotan irabaz dezake 23 urteko norvegiarrak. Debuta egingo du Tourrean, eta talde-lana izango da haren egiteko nagusia, Wiggins babestea. Baina, esan bezala, edozertarako gauza dela erakutsi du. Min hartuta ibili da, baina bueltatu eta Dauphinen etapa bat irabazi zuen.

pic55998176_1_6001Ciolek (MILRAM). Multzo honetako izarra dela esan genezake. Azken bi urteotako Tourretan garaipenetik gertu egon da lauzpabost aldiz, eta aurten jauzi kualitatiboa emateko gertu dago. Cavendish, Farrar eta haiengandik gertu egongo da, edo aurretik.

Dean (GARMIN) eta Hunter (GARMIN) lanerako egongo dira, Farrarren mesedetan. Esperientzia handi dute biek ere, eta taldearen helburu nagusia Tourrean esprintak jokatzea izango da. Dean da Farrarren kide nagusia, azkeneko metroak egiten dizkiona; hortaz, ez dakit Hunterrek ze rol izango duen taldean.

Eisel (COLUMBIA). Ondo dakigunez, Cavendishen esprint bideratzaileetako bat izango da, azken kilometroan, Renshawrekin batera. Hala ere, bere aukerak ere izan ditzake, adibidez, 3. etapan, Arenbergeko harrietan.

McEwen (KATUSHA). Azken Tourra izan lezake australiarrak, eta aprobetxatu egin gura du. Maillot berdearen lehian egon daitekeela ere entzun diot, baina garesti dago hori. Azkeneko urteotan, normala denez, lehen zuen punch hori galdu egin du.

Mondory (AG2R). Bere kasa ibiliko da, trenoen eta esprinter nagusien gurpila hartu nahian. Ez da lehen mailako esprinterra, baina bai esprinter frantses bakanetakoa Tourrean. Kontuan hartu behar da ez direla irteera puntuan izango Sebastien Chavanel, Hinault, Bonnet…

finish_gavazzi_freire_600Bole (LAMPRE), Gavazzi (LAMPRE), Hondo (LAMPRE) eta Lorenzettto (LAMPRE) talde berekoak dira. Harrigarria da, baina Lamprek bost gizon azkar izango ditu Tourrean. Berez, Petacchirendako lan egin beharko dute, batez ere, Lorenzettok eta Hondok, azken kilometroan. Eta Bole eta Gavazzi ihesaldietan sartzeko moduko ziklistak dira, oso denboraldi ona egiten ari dira-eta.

O’Grady (SAXO BANK). 36 urteko australiarrak garai baten Zabelekin lehia estuak izan zituen Tourrean. Talde-lanean ibiliko da, esprintak bigarren mailan utzita. Oso gizon garrantzitsua 3. etaparako, taldearendako.

Roelandts (LOTTO). 2008an Belgikako txapelketa irabazi zuen, esprintean, Van Avermaet, Boonen, Gilbert eta beste askori gailenduta, eta hori oso kontuan hartzekoa da. Azkeneko hiru urteotan postu on asko ditu belgikarrak, eta profesionaletan bost garaipen. Debuta egingo du Tourrean.

bettiniphoto_0055218_1_full_6001Rojas (CAISSE). Murtziarra da taldeko gizon indartsuena, Suitzan erakutsi zuen moduan. Iaz ere izan zen Tourrean eta lehen hamarren artean sailkatu zen hainbat aldiz. Ondo daki lekua hartzen eta ez dio beldurrik kapoekin esprintak lehiatzeari.

Bada, talde honetatik hiru lagun hartu behar direnez, neuk Ciolek, Rojas eta Boasson Hagenen alde egingo nuke.

Argazkiak: Sirotti, Susi Goetze.

2010eko taldeen analisia (XII): Team Saxo Bank, Tourra begi tartean sartuta

Maillot horia kentzea helburu Helburu nagusia da. Andy Schleckek Alberto Contador Parisen goitik behera begiratzea, podiumeko lehenengo postutik beste batera begiratzea, alegia. Eta hori buruan sartuta antolatu du denboraldia talde danimarkarrak. Dena den, bajak asko igarri ditzake Team Saxo Bankek, izan ere urte batetik bestera Kurt Asle Arvesen, Karsten Kroon, Jurgen Van Goolen, Alexander Kolobnev, Lars Bak eta Mathew Goss galtzea ez baita broma. Sei izen horietan kalitate asko dago: txirrindulari azkarrak, Goss kasu, klasikomano apartak (Kroon, Kolobnev eta Bak), urte osoan maila harrigarria ematen duen Arvesen, eta, azkenik, aldapa gora txukun moldatzen den belgikar bat (Van Goolen). Hauek ordezkatzeko nortzuk fitxatu dituzte? Laurent Didier frantziarra, Baden Cooke (honek ez du aurkezpenik behar), Jonas Aen Jorgensen, Jaroslaw Marycz, Richie Porte eta Lucas Sebastian Haedo, Juan Joséren anai gaztea. Lehen begiradan, eta baita bigarrenean ere, badirudi taldeak kalitatea galdu duela. Ikusi egin behar jokaldia nola ateratzen zaion Bjarne Riisi. Momentuz hiru garaipen pilatu dituzte: Cancellarak Omango sailkapen nagusia, JJ Haedok Mumbai Cyclothon lasterketa eta Rasmussenek Andaluziako Itzuliko erlojupekoa.

Gauzak honela, talde honetan bi izen aipatu behar dira beste guztien gainetik: Andy Schleckek iaz erakutsi zuen zertarako gai den. Liège-Bastogne-Liège maisuki irabazi ostean, Tourrean aldapa gora Contadorri gertu xamarretik jarraitzeko gai izan zen bakarra bera izan zen. 25 urtera bidean, kalitatea soberan dauka, eta beste pausu bat eman behar du bere karreran. Ez dauka arerio makala Pintoko mutiko apartean, ordea. Dena den, badirudi erlojuz kontra anaia bezain gaizki ez dela moldatzen, eta progresio marjina ere baduela, beraz, lehia polita ikusteko moduan egon gaitezke aurtengo Tourrean.

Beste izen propioa Suitzatik datorren lokomotora da. Fabian Cancellarak denboraldia hasi berri lehen garaipena lortu du, esan bezala, eta ziur aski aurten ere daudenak eta ez daudenak irabaziko ditu, gehienak erlojuaren kontra, logikoki. Tourreko sailkapenaren asaltoa gaizki aterata (inor harritu al zen ba hori ikusita?), beharbada bere lekua zein den garbi ikusi du. Dena den, duda datorren Uztailean kenduko digu. Ordura arte, hamaika garaipen eta beste horrenbeste erakustaldi emango ditu, ziurrenik.

Esanda bezala, Team Saxo Bankek kalitatea galdu duela dirudi, aurreko urteekin alderatuta, behinik behin. Dena den, Tourrean garantia handiko taldea aurkeztuko du, eta izen hauek ez dira urruti ibiliko: Jakob Fuglsang norvegiarrak (nahiz eta Suitzan jaioa) iaz erakutsi zuen zertarako gai den. Aldapa gora sekulako maila erakutsita, normalean Tourreko taldean behar luke. Ezin ahaztu beste txirrindulari puska bat, Fränk Schleck, alegia. Udaberriko klasiketan maila ona eman ostean, Tourrean bigarren forma puntua bilatuko du, bere anaiari lagundu eta, zergatik ez, bere kabuz ere helbururen bat lortzeko, gaitasuna badauka eta. 38 urteko morrosko alemaniar bat ere garrantzitsua izango da. Jens Voigtek ez du ezagutu urte bakar bat hutsean, palmaresean ezer idatzi gabe, profesional bilakatu zenetik, 1997 urrun batean. Aurten tendentzia apurtzen ez badu gutxi harrituko dira. Gustav Erik Larsson suediarra taldekako erlojuz kontrakoan ezinbesteko makulua izango da Schleck anaientzat, eta, ondo bidean, Frantzian behar luke baita ere.

Gainontzekoen artean, Matti Breschel eta Haedo anaiak esprintetan musturra erakutsiko dute. Talde gizon badirenak, baina hala eta guztiz ere garaipenak lortzeko gai direnak ere badaude, Chris Anker Sorensen, Nicki Sorensen, Stuart O’Grady eta Alex Rasmussen kasu.

Laburbilduz, “minatutako” taldea da Saxo Bank, baina oraindik sekulako potentziala daukana. Beste behin, onenen artean izango ditugu Riisen gizonak, doazen lekura doazela.

13. etapa: Miramas – Montpellier

Etapa benetan laua Miramas eta Montpellier lotzen dituena. Etaparen profilari begiratu ezkero esprinterrentzat aproposa dela pentsarazi diezaguke, eta logika jarraitu ezkero hala izan beharko luke, hala ere badaude 2 arrazoi esprinta ekidingo duen ihesaldi bat helmugara iritsi daitekeela esaten dizkigutenak, alde batetik tropela osatzen duten txirrindularien indarrak xahutzen hasiak daudela eta batez ere, Tom Boonen belgikarrak Tourra utzi duenez, Quick Step taldearen lanik ez dela izango tropel buruan. Honek Davitamon-Lotto taldea bakarrik utzi dezake lan horretan, Credit Agricole taldekoei helmugan zenbat eta puntu gutxiago jokoan egotea komeni baitzaie, Thor Hushovd-ek soinean duen maillot berdea Paris artean mantendu ahal izateko. Quick Step ezezik, lagungarria izan zitezkeen Ag2R eta Domina Vacanzeren laguntzarik ere ez dute jasoko, bai Jean Patrick Nazon, bai Angelo Furlan ere Tourretik joanak baitira.

Saiatu daiteke Davitamon-Lotto taldea txirrindulari gutxiz osaturiko ihesaldi bat baimentzen, 5-6 txirrindularitik gorako ihesaldia behera botatzeko lan ikaragarria suposatu baitakioke. Borroka polita ikus genezake etapa hasieran, ihesaldia sortu nahi dutenen eta Davitamon-Lotto taldearen artean. Azkar antzemango zaio ia ihesaldia helmugara iristeko moduan den edo ez, ihesaldian nor sartu diren eta batez ere zenbat sartu diren ikusi orduko.

Beraz, etapa laua eta esprinterrentzat aproposa bai, baina horretarako egin behar den lanerako talde gutxi. Zenbat txirrindulariko ihesaldia sortzen den jakitean dago gakoa.

Azkenean esprinta izan ezkero hautagai bakarra egon daiteke, Robbie McEwen australiarra, inguruan Hushovd, O”Grady eta Eisel izan ditzakelarik. Tour hasieran Tom Boonenek larri hartu zuen, nahiz eta pertsonalki australiarra azkarragoa dela kontsideratu. Orain, belgikarraren faltan bere nagusitasuna nabarmen geldituko denaren susmoa daukat.

12. etapa: Besancon – Digne Les Bains

Alpeetako etapak amaitu dira eta jadanik hautagai nagusiak Pirinioetara begira jarriak dira. Hala ere, larunbata iritsi aurretik 2 etapa izango dituzte, aurrena gaurkoa, bertan denbora galera lelorik ez izateko asmo bakarrarekin.

Etapa garaipena lortzeko aurreikuspena emateko etaparik zailenetakoa da gaurko hau. Ia segurutzat jo daiteke etaparen hasieran ihesaldiren bat sortuko dela eta ziurrenik helmugan tropelari aurre hartuta ikusiko ditugula. Atzo ez bezala, gaurkoan ez da derrigorrezkoa aldapan gora oso ondo ibiltzea, beste tankera bateko txirrindularientzat aproposagoa da gaurko hau, Gilbert, Flecha, Landaluze, Txente, Brochard, Dekker, Boogerd, Kessler, Halgand, Merckx… hau da, ibilbide gora-beheratsuetan ondo ibiltzen diren txirrindulariak. 7-8 txirrindulariz osatutako taldetxoa izango litzateke aproposena helmugara iristeko helburua lortzeko garaian, aurrean lan egiteko txirrindulari nahikoa eta elkarren artean haserretzeko gehiegi izan gabe, kopuru horretatik aurrera beti izaten baita lan gutxiago eginaz besteen lanagatik aprobetxatu nahi duenik, ihesaldiari kalte besterik egiten ez diolarik.

Esprinterren taldeek jai izango dute, tropeleko esprint nagusia lortu nahi baldin badute behintzat. Gaurko esprinterren aukerarik nagusiena ihesaldian sartzea izango litzateke, hala ere, ibilbidea ikusita, O’Grady bakarrik ikusten dut hori egiteko kapaz, McEwen, Boonen edo Hushovd-ek biharko indarrak gorde nahi izango dituztelarik.