Anton, Sicard eta Intxausti

Benat Intxaustiren aurkezpena

Gaur aurkeztu dute Beñat Intxausti Euskaltel-Euskadiko txirrindulari moduan. Fuji-Servetton aritu da aurten eta lehenago Saunier Duval eskandaluz inguratu zen taldean, beti ere Matxin arduradun zela.
Fujik jarraitzeko beste babesle bat behar zuen eta hori ere lortu berri du. Honek lanak zaildu dizkio Euskaltel-Euskadiri fitxaketa gauzatzerakoan, baina azkenean lortu du. Jakin nahiko nuke Matxinek libre uzteko eskutitzagatik zenbat jaso duen.
Postean jarri nahi nuena, ordea, ez zen hori. Gaurko prentsa aurrekoan talde laranjak proiektu berri esperantzagarriaz hitz egiteko aprobetxatu dute. Beren hitzetan, proiektu berri honen ardatz txirrindulari gazteak izango direla esan dute, Igor Anton, Romain Sicard eta Beñat Intxausti besteak beste.
Proiektu berria? Orain artekoak ez al du balio? Aurten bi dopin kasu izan direlako? Samuelek Vuelta irabazi ez duelako? Zer izango du ba ez berdin proiektu berri honek?

Bi asteren buruan Patxi Vilak zigorra beteta izango du

Patxi VilaEuskadi Irratian berriki Txetxuk Patxi Vilarekin hitz egin du. Bertan adierazi dute nola TASek testosteronaren deribatuagatik emandako positiboaren zigorra 2 urtetatik urte t’erdira jaitsi diotela. Ondorioz, zigorraren kontaketa iazko maiatzaren 5etik aurrera hasi zenez, azaroan 5etik aurrera zigorra betea izango du. Martxoan Euskadi Irratiko elkarrizketa batean errua aitortu zuen eta gaur ere hala egin du, nahiz eta “nahi gabe”ko dopina dela argudiatu zuen gaur egin duen bezala.

Argi ez dagoena da zein izan den TASek erabaki hori hartzeko arrazoia ezta ere ia Patxi Vilak UCI ProTourreko lasterketaren batean aritu daitekeen ala ez. Oraingoz Patxi Vilak esan duenez hiru kontaktu ditu eta horietatik bi ProTourrekoak omen dira. Hori bai, argi utzi du oraindik eskaintzarik ez duela eta “maillot neutroarekin” arituko dela oraingoz.

Garbi dagoena da Patxi Vilak asko sufritu duela denbora tarte honetan eta komunikabideei bere eskerrak eman dizkie berarekiko izandako jarrerarengatik. Egindakoa ordaindu du, eta orain indartsuago sentitzen omen da eta etapa berri honi ilusioz ekingo omen dio.

Dopin kasuren bat badago Eusko Jaurlaritzak dirulaguntzarik ez du emango

Miguel MadariagaHori da egungo Eusko Jaurlaritzako gobernuak plazaratu duena. Dakizuen bezala aurten amaitzen da Eusko Jaurlaritza eta Euskaltel-Euskadi taldearen artean zuten ia milioi bat eurotako hitzarmena eta berritzea tokatzen da.

Egungo gobernu berrian aurten izan diren Iñigo Landaluze eta Mikel Astarlozaren dopin auziek alarma piztu dute. Beno, gizartean bertan ere bai, eta honek diru publiko eta talde laranjaren inguruko eztabaida bizitu du Tropela.net-en ere izan den bezala. Gertaera hauen aurrean, gobernuak klausula bat gehitu nahi omen du hurrengo hitzarmenean. Klausula honen arabera Euskaltel-Euskadiko txirrindulariren batek positiboren bat emango balu automatikoki diru-laguntzak kenduko lizkioke Eusko Jaurlaritzak. Uste dut guztiok onartzen dugun ekimena dela eta beharrezkoa jazoera hauek guztiak kontutan hartzen baditugu.

Oraindik hitzak besterik ez dira, hitzarmena gauzatu aurretiko elkarrizketen inguruko adierazpenak. Ikusi beharko da azkenean zer sinatzen den, baina dagoeneko Madariagak puntu hau gehitzeko arazorik ez duela ikusten adierazi du. Bere esanetan “jendeak talde honek (Euskaltel-Euskadik) dopinaren aurka zenbat egiten duen jabetu” beharko omen luke. Hala bada, zergatik babestu du taldeak Mikel Astarloza analisi eta kontra analisiek ekaineko laginean EPO aztarnak antzeman badituzte? Kontrakoa pentsatzera eramateko frogak badituzte plazaratzeko garia badela deritzot. Gustatuko litzaidake Euskaltel-Euskadi taldeak dopinaren kontra aritzen dela sinistea, baina egun ez dut horretarako arrazoirik ikusten.

Argazkia: www.diariovasco.com

Sicard munduko txapeldun!

Sicard munduko txapeldun Zer nolako sorpresa eman digun gaur Iparraldeko txirrindulariak. Bagenekien Etorkizuneko Tourrean erakutsitakoaren arabera forma onean zetorrela Mendrisiora, baina hortik ortzadar maillota irabaztera badago aldea. Mendrisioko Munduko Txapelketan Frantziako selekzioarekin aritu den lapurtarrak iheskide guztiak atzean utzi ditu eta helmugara bakarrik iritsi da. Ondorioz, beretzat urrezko domina eta baita ortzadar maillota ere. Jonathan Castroviejoren lana ere aipatu nahi nuke, bera 13. postu on batean helmugaratu baita.

Sicard datorren urtean Euskaltel-Euskadi taldean arituko da beraz, ekipo berean elkartuko dira olinpiar jokoetako txapelduna eta 23 urtez azpiko munduko txapelduna. Ez dago batere gaizki.

Zorionak Sicard!

Argazkia: Sirotti (cyclingnews.com)

Romain Sicardek Etorkizuneko Tourra segundo bakar batengatik irabazi du

2009ko Etorkizuneko Tourra Romain Sicardek irabazi duAurrekoan Romain Sicard hazpandarra 2009ko Etorkizuneko Tourrean lider jarri zela esaten genuen. Atzokoan erlojupekoa jokatzen zen eta zalantzak ziren ia Kritskiyrekin zuen1’37” tarteari eusteko gai izango ote zen. Errusiarrak, ordea, erlojupekoa jokatzen ari zela erorikoa izan eta lasterketa utzi beharrean izan zen. Ez dakit Kritskiyk zer nolako maila emateko gauza izango ote zen 27 kilometrotako erlojupekoan, baina bera falta zela Romainek erlojupeko bikaina egin eta etapa irabaztea lortu zuen.

Gaur Besançonen jokatu da azken. Lasterketa hasi denean bigarrena zen Van Gaderen estatu batuarrarekiko 2’01”eko denbora tartea zuen. Nahiko zuen, beraz, estatu batuarrarekin helmugaratzea. Hori hala suertatu da baina 2 minutuko zigorra ezarri diote Hazparneko txirrindulariari. Dirudienez beste talderen batekoek laguntzaren bat eman diote Romaini, bizikletaren bat edo. Ez dakit zer izan den zehazki, baina eman diotena eman diotela, badirudi arauz kanpokoa zela eta epaileek 2 minutuko zigorra ezarri diote. Eskerrak atzoko erlojupekoan Van Gadereni 3 segundoko errenta atera zion.

Pozgarria benetan berria euskal txirrindulariarentzat. 21 urteko gaztea hurrengo urtean Euskaltel-Euskaltelen izango da eta badirudi etorkizun handiko txirrindularia izan daitekeela. Ea hala den. Zorionak Romain!!