2010eko taldeen analisia (XII): Team Saxo Bank, Tourra begi tartean sartuta

Maillot horia kentzea helburu Helburu nagusia da. Andy Schleckek Alberto Contador Parisen goitik behera begiratzea, podiumeko lehenengo postutik beste batera begiratzea, alegia. Eta hori buruan sartuta antolatu du denboraldia talde danimarkarrak. Dena den, bajak asko igarri ditzake Team Saxo Bankek, izan ere urte batetik bestera Kurt Asle Arvesen, Karsten Kroon, Jurgen Van Goolen, Alexander Kolobnev, Lars Bak eta Mathew Goss galtzea ez baita broma. Sei izen horietan kalitate asko dago: txirrindulari azkarrak, Goss kasu, klasikomano apartak (Kroon, Kolobnev eta Bak), urte osoan maila harrigarria ematen duen Arvesen, eta, azkenik, aldapa gora txukun moldatzen den belgikar bat (Van Goolen). Hauek ordezkatzeko nortzuk fitxatu dituzte? Laurent Didier frantziarra, Baden Cooke (honek ez du aurkezpenik behar), Jonas Aen Jorgensen, Jaroslaw Marycz, Richie Porte eta Lucas Sebastian Haedo, Juan Joséren anai gaztea. Lehen begiradan, eta baita bigarrenean ere, badirudi taldeak kalitatea galdu duela. Ikusi egin behar jokaldia nola ateratzen zaion Bjarne Riisi. Momentuz hiru garaipen pilatu dituzte: Cancellarak Omango sailkapen nagusia, JJ Haedok Mumbai Cyclothon lasterketa eta Rasmussenek Andaluziako Itzuliko erlojupekoa.

Gauzak honela, talde honetan bi izen aipatu behar dira beste guztien gainetik: Andy Schleckek iaz erakutsi zuen zertarako gai den. Liège-Bastogne-Liège maisuki irabazi ostean, Tourrean aldapa gora Contadorri gertu xamarretik jarraitzeko gai izan zen bakarra bera izan zen. 25 urtera bidean, kalitatea soberan dauka, eta beste pausu bat eman behar du bere karreran. Ez dauka arerio makala Pintoko mutiko apartean, ordea. Dena den, badirudi erlojuz kontra anaia bezain gaizki ez dela moldatzen, eta progresio marjina ere baduela, beraz, lehia polita ikusteko moduan egon gaitezke aurtengo Tourrean.

Beste izen propioa Suitzatik datorren lokomotora da. Fabian Cancellarak denboraldia hasi berri lehen garaipena lortu du, esan bezala, eta ziur aski aurten ere daudenak eta ez daudenak irabaziko ditu, gehienak erlojuaren kontra, logikoki. Tourreko sailkapenaren asaltoa gaizki aterata (inor harritu al zen ba hori ikusita?), beharbada bere lekua zein den garbi ikusi du. Dena den, duda datorren Uztailean kenduko digu. Ordura arte, hamaika garaipen eta beste horrenbeste erakustaldi emango ditu, ziurrenik.

Esanda bezala, Team Saxo Bankek kalitatea galdu duela dirudi, aurreko urteekin alderatuta, behinik behin. Dena den, Tourrean garantia handiko taldea aurkeztuko du, eta izen hauek ez dira urruti ibiliko: Jakob Fuglsang norvegiarrak (nahiz eta Suitzan jaioa) iaz erakutsi zuen zertarako gai den. Aldapa gora sekulako maila erakutsita, normalean Tourreko taldean behar luke. Ezin ahaztu beste txirrindulari puska bat, Fränk Schleck, alegia. Udaberriko klasiketan maila ona eman ostean, Tourrean bigarren forma puntua bilatuko du, bere anaiari lagundu eta, zergatik ez, bere kabuz ere helbururen bat lortzeko, gaitasuna badauka eta. 38 urteko morrosko alemaniar bat ere garrantzitsua izango da. Jens Voigtek ez du ezagutu urte bakar bat hutsean, palmaresean ezer idatzi gabe, profesional bilakatu zenetik, 1997 urrun batean. Aurten tendentzia apurtzen ez badu gutxi harrituko dira. Gustav Erik Larsson suediarra taldekako erlojuz kontrakoan ezinbesteko makulua izango da Schleck anaientzat, eta, ondo bidean, Frantzian behar luke baita ere.

Gainontzekoen artean, Matti Breschel eta Haedo anaiak esprintetan musturra erakutsiko dute. Talde gizon badirenak, baina hala eta guztiz ere garaipenak lortzeko gai direnak ere badaude, Chris Anker Sorensen, Nicki Sorensen, Stuart O’Grady eta Alex Rasmussen kasu.

Laburbilduz, “minatutako” taldea da Saxo Bank, baina oraindik sekulako potentziala daukana. Beste behin, onenen artean izango ditugu Riisen gizonak, doazen lekura doazela.