2010eko taldeen analisia (XI): Rabobank, finantza krisiak ere hondora ezin dezakeen talde klasikoa

freireAldaketa gutxirekin dator aurten Rabobank talde herbeheretarra. Steven Kruijswijk eta Dennis Van Winden igo dituzte talde filial kontinentaletik. Eta fitxaketen faltan, Pedro Horrillo izan da aurre denboraldian zeresana eman duen txirrindularia. Jarraitzeko eskaintza mahai gainean zuen, baina profesionaletan aritzeko maila berreskuratu ezingo duela jabeturik, lasterketak albo batera uztea erabaki zuen ermuarrak. Ez du baina bizikleta zintzilikatzeko asmorik erakutsi eta ziur inoiz ez bezala gozatuko dituela hemendik aurrera patxadaz eta lasterketen presio barik egiten dituen km horiek.

Gainontzean, Menchov eta Gesink ditugu taldeko liderrak itzuli handietarako. Menchov-ek erregulartasun handia erakutsi du beti eta iaz Giroan nagusitu arren, badirudi aurten Frantziako Tourrean egingo duela saialdia. Robert Gesink gaztea, aldiz, Herbehereetako zaleen esperantza berria da. Urteak dira herrialde horretako txirrindularirik ez dugula ikusten itzuli handietan eta erorketa eta lesioekin zortea badu, 2010 erreleboaren urtea izan daiteke taldearen buruzagitzan.

Etapa ehiztarien artean, Oscar Freire aipatu beharra dago. Azken denboraldia izango zuela zirudien, baina oraindik beste urtebete jarraituko duela adierazi zuen denboraldi hasieran. Eta jadanik besoak jaso ditu Mallorcako etapa batean eta Andaluziako beste bitan. Abiadura agian pixka bat galduko zuen urteekin, baina kantabriarrak duen etapa ehiztari senak hor darrai. Magia duen txirrindulari bat dugu, berezia, bakarra. Eta nola, ez munduko txapelketa du buruan. Bestela erretiratua legoke. Aurtengo mundiala, gainera, egokia izan daiteke bere ezaugarrientzat, diotenez ez baita gogorregia, eta 4 aldiz munduko txapela irabazten duen lehen txirrindularia bilakatu nahi du.

Talde honetan jarraitzen du Juanma Garate euskaldunak ere. Irundar beteranoak ederki daki zein den bere papera taldean eta horregatik da hain baloratua. 3 asteko lasterketetan duen eskarmentua edozein liderri eskaintzeko prest, dela Gesink dela Menchov, eta era berean etaparen bat irabazteko gai. Eta ez edonolakoa gainera, iazko Tourrean Mont Ventoux gainean lortu zuena bezalakoa.

Flecha-ren hutsunea betetzeko, aldiz, ez dute kanpora jo. Etxean dituztenengan konfiantza osoa dute. Batik bat ondorengo izenengan: lehenik eta behin, Lars Boom konfirmazioaren urtea izan baitaiteke aurtengo urtea berarentzat. Iaz polito ibili zen (etapa bana Espainiako eta Belgikako itzulietan) eta ziklo-krosa 2. planoan utzi duenetik oso goian ibil daitekeela erakutsi du. Nick Nuyens-ek espero baino denboraldi eskasagoa egin zuen iaz (garaipen bakarra), baina belgikarrak goian behar luke. Stef Clement, Posthuma eta Pieter Weening hirukotea ere izan daiteke edozein lasterketetan holandarren garaipen zakua betetzeko gai.

Lehen esprinta, Cavendishen lehen garaipena

Lehen esprinta jokatzen zen gaurkoan eta Cavendish britainiarrak esperotako lortu irabazi du bideoan ikusi dezakezuen bezala. Lan bikaina Columbia-High Road taldeak egin duena ihesaldia kontrolatuz eta Cavendishi esprinta ederki irekiaz.

Gaurko etapak muino batzuk zituen, baina esprinterrentzat bere biziko zailtasunik izango ez zuena ikusi dugun bezala. Etapa hasieran Dumoulin frantziarra saiatu da tropela atzean uzten baina bere saiakera ezerezean geratu da. Lehen igoera aprobetxatuaz, La Turbie, laukote batek ihesaldia osatzea lortu dute: Clement, Veikkanen, Dessel eta Augé izan dira. Hauek 5 minututako errenta izateraino iritsi dira, baina beti izan dira tropelaren kontrolpean. Hasieran Saxo Bank Cancellararen taldea arduratu da tartea murrizteaz ez baitzuten lidergorik galtzerik nahi. Beranduago, ordea, esprinterren taldeak sartu dira, Columbia-High Road eta Milram tropelaren buruan.

Laukotea harrapatu bezain laster Ignatiev errusiarrak saiakera egin du. 10 kilometroren faltan erasoa jo eta 11 segundoko tartea atera ahal izan dio tropelari. Hala ere esprinterrak ez zeuden etapa oparitzeko moduan eta hala izan da. Maldan behera zihoan tropela Brignoleseko helmugarantz. Ibilbidean bi errotonda zituzten helmugara iritsi aurretik. Horrek tentsioa areagotu du tropelean. Abiadura handiak eta tentsioak, bideoan ikusten den bezala, Koldo Fernandez de Larrearen erorikoa behartu du tropela bi zatitan banatuaz. Cavendish aurreko multzoan zen ondo babestua eta ez du arazorik izan Farrar, Feillu eta Hushovd gainditzeko. Etapa garaipena, beraz, Cavendishentzat. Lehena etapa garaipena eta oraingoz maillot berdearen jabe. Sailkapen nagusian aldaketarik ez.

Aipatutako erorketa horretan ez dirudi Koldo Fernandez de Larreak eroriko larria izan duenik, urratuak eta antzerakoak, baina jarraitzeko moduan izango da. Ezin esan saiatu ez denik. Baina ez da erori den euskaldun bakarra. Igor Antonek ere etapan zehar eroriko bat izan du, baina honek ere ez du ezer larririk esan dutenez.

Cavendishek lehen garaipena eskuratu du, baina gaurko esprinta “benetakoa” ez dela esango nuke. Hau da, Koldo Fernandez de Larrearen erorketak tropela bitan zatitu du eta zenbait txirrindulari esprinta jokatzetik kanpo geratu da, Freire esate baterako. Erorketak berak ere zer esan asko emango du, izan ere zalantzan jarri baita bihurgunea ongi adierazita zegoenik. Ez dakit zer esan.