Izenburu gordina jarri diot berri honi, baina uste dut garai hauetan dopinaren aurkako jarrera gogorragoa hartu beharrean garela.
Txirrindularitza aldatzen ari dela lau haizetara zabaltzen duten honetan, Rogersaustraliarrak positibo eman duela jakin berri dugu. Zerekin eta klenbuterol sustantzia aski ezagunarekin, bestela galdetu Irungo harakinari. Baina ez da kontua hor geratzen, izan ere Rogers Contadorren taldekidea izan baita aurtengo urte honetan eta ondo dakigun moduan Contadorrek sustantzia berarekin eman zuen positibo orain 3 urte. B lagina eskatzeko aukera izango du Saxokoak, baina zer gertatuko den nahiko argi dut nik behintzat.
Tinkovek hartu du Riisen taldearen jabetza berriki. Errusiarrak hasiera traketsa izan duela agerian da. 2014a ere hain oker joango ote zaie?
Gaur prentsaren aurrean agertu da Michael Rasmussen txirrindulari danimarkarra. Bertan 1998 eta 2010 urte artean sustantzia debekatuak hartu zituela aitortu du: EPO, GH, testosterona, insulina, odol trasfusioak…
Eneko Garate (@egarate), Axier Sukia (@sukigalp) eta Egoitz Lizaso (@elizaso) Contador auziaren inguruko epaiaz aritu dira podcast berri honetan. Dakizuen bezala astelehenean egin zen publiko zigorra eta atzo prentsaren aurrean agertu zen Contador Riis aldamenean zuela.
Prozesua denbora luzez luzatu da azken epaia jakin den arte. Alegaziorik ezean, abuztuaren 6an itzul daiteke lehiaketara Contador. Errudun epaitzen bazuten txirrindularitza uzteko aukeraren berri ere eman zuen, baina prentsaren aurrean argi utzi du ez duela utziko.
Gaiak iritzi asko sortu ditu. Justua izan al da epaia? Errugabea al da? Zertan oinarritu dira zigortzeko? Hauek eta galdera gehiago podcastean.
Ez gaitu harritu. Espero zitekeen zerbait zen. Kontrakoa gertatu izan balitz ere normaltzat hartuko genukeen. Atzo eguerdian Carlos Sastrek prentsaurreko baten bidez agur esaten zion txirrindularitza profesionalari. 35 urterekin eta azkeneko 15ak kirol honi estuki lotuta.
1997an eman zion hasiera bere ibilbide profesionalari. Once taldearekin hasi zen, Manolo Saiz-en eskutik. Baina zalegoak CSC taldean hasi zenean ezagutu zion batez ere. 2003An Frantziako Tourrean etapa bat irabazi zuen (Pirinioetako lehena, eta agian oso ondo oroitzen naiz Tour hura ikusgarria izan zelako: Armstrong – Ullrich bataila, Zubeldia – Mayo Euskaltel-Euskadi tandema ikuskizuna emanez eta gainera Alpe d´Huez-en etapa poltsikoratuz, Belokiren erorketa eta ondorioz amerikarraren ziklo kros espektakulua…). Nik 2003ko uztaileko egun hartan ezagutu nuen Leganesen jaiotakoa baina El Barracon (Avila) finkatutakoa. Oso forma bitxian ospatu zuen etapa garaipena (eta era original batean): txupete bat atera zuen mailloteko poltsikotik eta ahoan sartu zuen. Ivan Bassoren alde lan egin arren Tour hartan, sailkapen nagusian 9. tokian amaitu zuen.
Gauzak honela, talde honetan bi izen aipatu behar dira beste guztien gainetik: Andy Schleckek iaz erakutsi zuen zertarako gai den. Liège-Bastogne-Liège maisuki irabazi ostean, Tourrean aldapa gora Contadorri gertu xamarretik jarraitzeko gai izan zen bakarra bera izan zen. 25 urtera bidean, kalitatea soberan dauka, eta beste pausu bat eman behar du bere karreran. Ez dauka arerio makala Pintoko mutiko apartean, ordea. Dena den, badirudi erlojuz kontra anaia bezain gaizki ez dela moldatzen, eta progresio marjina ere baduela, beraz, lehia polita ikusteko moduan egon gaitezke aurtengo Tourrean.
Beste izen propioa Suitzatik datorren lokomotora da. Fabian Cancellarak denboraldia hasi berri lehen garaipena lortu du, esan bezala, eta ziur aski aurten ere daudenak eta ez daudenak irabaziko ditu, gehienak erlojuaren kontra, logikoki. Tourreko sailkapenaren asaltoa gaizki aterata (inor harritu al zen ba hori ikusita?), beharbada bere lekua zein den garbi ikusi du. Dena den, duda datorren Uztailean kenduko digu. Ordura arte, hamaika garaipen eta beste horrenbeste erakustaldi emango ditu, ziurrenik.
Esanda bezala, Team Saxo Bankek kalitatea galdu duela dirudi, aurreko urteekin alderatuta, behinik behin. Dena den, Tourrean garantia handiko taldea aurkeztuko du, eta izen hauek ez dira urruti ibiliko: Jakob Fuglsang norvegiarrak (nahiz eta Suitzan jaioa) iaz erakutsi zuen zertarako gai den. Aldapa gora sekulako maila erakutsita, normalean Tourreko taldean behar luke. Ezin ahaztu beste txirrindulari puska bat, Fränk Schleck, alegia. Udaberriko klasiketan maila ona eman ostean, Tourrean bigarren forma puntua bilatuko du, bere anaiari lagundu eta, zergatik ez, bere kabuz ere helbururen bat lortzeko, gaitasuna badauka eta. 38 urteko morrosko alemaniar bat ere garrantzitsua izango da. Jens Voigtek ez du ezagutu urte bakar bat hutsean, palmaresean ezer idatzi gabe, profesional bilakatu zenetik, 1997 urrun batean. Aurten tendentzia apurtzen ez badu gutxi harrituko dira. Gustav Erik Larsson suediarra taldekako erlojuz kontrakoan ezinbesteko makulua izango da Schleck anaientzat, eta, ondo bidean, Frantzian behar luke baita ere.
Laburbilduz, “minatutako” taldea da Saxo Bank, baina oraindik sekulako potentziala daukana. Beste behin, onenen artean izango ditugu Riisen gizonak, doazen lekura doazela.