Aurre analisia: 8.etapa, Rennes/Mûr-de-Bretagne (181.5km)

etapa 8Aste bukaeraren etorrerarekin batera, bi etapa interesgarri datoz. 8. etapa hau, beste klasika bat balitz bezala hartu behar dugu, amaiera ez baita batere erraza izango. Ihesaldi bat antolatuko da eta argi, etapa aproposa izan daiteke ihesaldiak arrakasta edukitzeko eta. Taldekako erlojupekoa igandean dela jakinda, ikusi beharko da zein taldek hartuko duen erantzunkizuna pelotoi buruan, norbaitek hartzen baldin badu, beraz ihesaldiak aukerak izan ditzazke etapa honetan.

Mur de Bretagne (2km, 6,9%), 2 kilometrotako igoera besterik ez da, baina 10%-ra iritsiko diren malda bortitzak aurkituko dituzte bertan. Azken kilometroa 3%-ko aldapa leuna edukiko du eta ihesaldia zapuzten baldin badute, normalena, talde murriztu bateko esprinta ikustea izango litzateke, nahiz eta azken orduko eraso batek ere bere saria izan dezakeen. Continue reading “Aurre analisia: 8.etapa, Rennes/Mûr-de-Bretagne (181.5km)”

Edward Theuns: Topsport Vlaanderenen azken harribitxia

theuns (sirotti, cyclingnews)Udaberria hurbiltzearekin batera txirrindularitza denboraldiko garai garrantzitsuenetariko baten atarian gara jada. Orain arte hainbat txirrindulari nabarmendu dira urte hasierako lasterketetan eta gaur euskal zalegoarentzako agian oso ezaguna ez den horietako bat aurkeztera nator. Edward Theuns (Gent, 91’) Topsport Vlaanderen talde flandiarreko kide da eta otsailean gehien nabarmendu den txirrindularietako bat dugu. Europe Tourreko lider izan ostean 2. postuan da orain emaitza on mordoa pilatu eta gero. Bigarren urtea du flandriarrak profesional mailan eta iaz bere lehen garaipena lortu ostean hura kasualitatea izan ez zela erakusten ari du.

Continue reading “Edward Theuns: Topsport Vlaanderenen azken harribitxia”

Etapa 11: Besancon > Oyonnax (187,5km). Profila eta aurre analisia.

etapa11

IBILBIDEA

Lehen deskantsu egunaren ostean, egun gorabeheratsua izango dute txirrindulariek. Guztira 187,5 km egin beharko dituzte, azken zatian 4 portu tartekatuko dutelarik; 3º mailako 3 portu eta 4º mailako bat. Profilean ikus daitekeenez azken jaitsierak bere garrantzia izan dezake, jaitsi eta gutxira helmuga harrapatuko baitute. Itxuraz ihesaldiak arrakasta lortu beharko luke.

FABORITOAK

Ustez, Astana taldeak etapa kontrolpean edukiko du eta ihesaldiari askatasuna utziko dio, beti ere sailkapen nagusiaren lehiatik kanpo dauden txirrindulariak sartzen badira. Etapa oso aproposa da ihesaldia helmugara heltzeko, beraz, lehen ordubetea su bizian egingo dute ihesaldia antolatu eta bermatu arte. Ihesaldi oso jendetsua espero dut, 10-20 txirrindularik osatua, beraz etapa garaipena aurren egongo dela uste dut. Ihesaldian sartu daitezkeen txirrindularien inguruan aipatu beharra dago Saxo-Tinkoffko txirrindulariak kontuan hartu beharko ditugula hemendik aurrera, bere liderra galdu ostean etaparen lehian murgilduko baitira bete-betean eta horretarako txirrindulari indartsuak dituzte,  Rogers (TCS, %21,5) edo Roche (TCS , %7,6) esaterako. Nere gaurko faborito nagusia aldiz Spilak (KAT, %14) izango da beste behin, Martinek (OPQ, %70,4) irabazi zuen egunean ihesaldian ibili arren ez zuen indarrik izan etapa lehiatzeko, Bosgoetako etapa erreginean ordea sentsazio hobeagoak eduki zituela dirudi Nibaligandik (AST) 1:26ra iritsita. Oso zaila izan arren, hona hemen nire ustez ihesaldian garaipena lortu dezaketen txirrindulariak;

*** Spilak (KAT, %14)

** Voeckler (EUC, %52,5) / Rogers (TCS, %21,5) / Roche (TCS, %7,6)

Bakelants (OPQ, %46,4) / Albasini (OGE, %8,5) / Slagter (GRS, %5,8)

Veni, vidi, vici

Lars Anthonious Johannes BoomMaiatzaren aurrenekoa egun seinalatua izaten da langileen artean. Euren eskubideak aldarrikatze aldera, kalera atera ohi dira asko eta asko. Txirrindulariak ordea errepide gainera pedalei eragitera irteten dira. Urteroko legez, aurtengoan ere aipatu egunean Frankfurt-eko Sari Nagusia ospatu zen, lasterketa amaiera polit baten ostean Fabian Wegmann etxeko gizonak eskuratu zuena. Proba amaitu gabe aldiz txirrindulari asko eta asko geratu ziren, eta horien artean egun huraxe bera berezia izatea eragin zuen gizona: Lars Boom. Herbeheretarrak alemaniar lasterketa aukeratu baitzuen errepidera behin betiko jauzia emateko aurreneko proba gisa.

Ikusmina sortu zuen Rabobank-eko gaztearen debutak. Ez da gutxiagorako, 24 urte bete ez dituela izandako lorpenei erreparatuz gero. Iparraldeko Kanpainaren hasieran bera ikusteko itxaropenik egon bazitekeen ere, Hoogerheide-ko munduko txapelketan porrot egin ostean ziklo-kros proba gutxi batzuk lehiatu eta atsedenaldi luze bat hartzea erabaki zuen. Esan bezala, Frankfurt-en ez zuen helmuga gainditu, bai ordea lehiatu zituen hurrengo bi probetan, Herbehereetan biak ala biak: Batavus Prorace eta Dutch Food Valley Classic (Veenendal-Veenendal zaharra). Bietan Kenny Van Hummel gailendu zen esprintean, eta gure protagonistari kilometroak pilatzeko balioko zitzaizkion seguru asko.

Halaxe aurkeztu zen Belgikako Itzuliko irteeran. Denboraldiko bere aurreneko helburutzat hartu zuen, eta hala, esprintean erabaki ziren aurreneko hiru etapetan, ezkutuan ibili beharrean, noizbehinkako agerpenak egin eta esprintetan gain sariren bat edo beste pilatzeari ekin zion. Lasterketa ordea azkeneko bi saioetan zen erabakitzekoa. Ardenetan etapa gorabeheratsua lehena, eta 16 km. pasatxoko erlojuaren aurkako saio laua hurrena.

Etapa ikusgarria suertatu zen itzuliko laugarrena. Aurreneko erdian, ibilbideak aurkezten zituen muinoak zirela medio, lasterketa apurturik geratu zen. Ordurako, Borut Bozic liderra atzean geratua zen, eta lehia 40 bat txirrindularira mugatu zen. Ezagun zaharrak zituen inguruan Boom-ek: bertan ziren Sven Nys txapeldun handia, Niels Albert Hoogerheide-ko heroia, ta baita Klaas Vantornout ere (Walsleben eta Kloucek gazteez gain). Sunweb-eko flandestarrak La Redoute-n gora, helmugara oraindik ia 60 km. falta zirela, egin zuen bere azkeneko agerraldia. Hortik aurrera ehunka mugimendu izan zen. Walloniako inguruetatik ibili arren, flandestar erara korritu zen etapa, eta esan beharrik ez da, hori ikuskizunarentzako mesedetan izan zen.

Etapako kilometro erabakigarriak iritsiak zirela, Rabobank egoera on xamarrean zen, Boom-ek Nuyens, Clement eta Moerenhout lasterketan sarturik baitzeuzkan. Hala ere, Van Avermaet, Roelandts, Dekker (hirurak Silence-Lotto-koak) edo Ivanov bezalako gizonak oraindik aurrean ziren. Lehenago aipaturiko mugimendu horietako baten ondorio zen aurreneko ihesaldi bati ez zion Lars Boom-ek heldu, eta bazirudien hortik irten zitekeela lasterketako garailea. Bertan ziren Van Avermaet, Marcato, De Waele, Cornu, Albert (ikaragarria errepide gainean erakutsitako maila) eta Moerenhout. Rabobank-ek ordea erabakia egina zuen, eta atzetik Clement-ekin lehenengo erritmoa jarri eta ondoren Nuyens-ek astindu ederra eman zion jazarpenean ziren gizonen taldeari. Harik eta Vlijmen-eko luzeak benetako erasoa jotzea erabaki zuen arte. Ivanov eta Roelandts atzean geratu ziren (beste asko ordurako jokoz kanpo ziren), eta Bakelants eta Dekker izan ziren bakarrik jarraitzeko gai. Ordurako Bakelants eta Boom bera izan ziren saiatuenetakoak. Flandestarraren inguruan hitz egin izan genuen iaz Etorkizunekoen Tourraren harira, eta aurrerantzean izan ziur zeresanik emango duenaz. Alabaina, halako batean, helmugarako 10 km. baino gutxiago faltan zirela, Boom-i jarraitzeko indarrik gabe geratu zen. Ordekan. Dekker-ek jarraitu zion, eta Moerenhout -en laguntzari esker Boom-ek azkeneko kolpea jo eta aurrekoak harrapatzera heldu ziren. Sartzen ari zirela Albert-ek eraso gogorra jo zuen, baina behin betikoa Marcato eta De Waele bakandu zituena izan zen. Flandestarrak, Pro Tourrarengandik urrun ere gauza politak egin daitezkeela baieztatzen duten kastakoa bera, garaipen handia lortu zuen txirrindularitza egun zoragarrian. Liderraren garaikur den maillot beltza ordea esan beharrik ez da zeinek jantzi zuen. Eta egun hartan erakutsikoaren ostean, inork gutxik jartzen zuen zalantzan itzuliko sailkapena bereganatuko zuenik.

Eta halaxe izan zen. Dekker eta Cornu bezalako espezialista onak sailkapenean oso gertu bazituen ere, halako distantzian benetako animalia den Sebastian Rosseler izan zen bakarrik Iparraldeko Brabante-ko izarraren gainetik sailkatzeko gai. Bigarren postua erlojupekoan eta sailkapen nagusia berarentzat, errepidean handienen artean hilabete ere bete ez zuela.

Badira Herbeheretako harrobiak goi mailan fruiturik ematen ez dituela diotenak, baita gazteegi nabarmentzeak ezertarako balio ez duela gerora hori baieztatzen ez bada. Halako erakustaldiak, ordea, hortarako jaioak direnek bakarrik eman ditzakete. Ikusgarria baita ordekan, erlojuaren aurkakoan eta muino etzanetan barnean daraman indarra transmititzen ikustea. Hori frogatzeko hurrengo aukera Suitzan izango dugu seguru asko. Hemen da, eta luzerako geratzeko asmoz. Bera da, Lars Anthonious Johannes Boom.