Eta gaur Mikel Nieve!!

Atzokoan Igor Antonen garaipena sinistu ezinda banintzen, zer esango dizuet ba gaurko Mikel Nieveren garaipenaren ondoren? Txalotzekoa talde laranjaren lana, asteburua bikain borobildu baitute. Zorionak guztioi!!

Continue reading “Eta gaur Mikel Nieve!!”

2010ari errepasoa (IV): Freirek Classicissima hirugarren aldiz

MilanoSanremo2010_hirukoaTxirrindularitzako 5 monumentutako lehena da Milanotik hasi eta Sanremon bukatzen den udaberriko egun bateko proba garrantzitsu hau. Ia 300 km-tako ibilbidea, eta bukaeran batik bat, oso gorabeheratsua, Cipressa eta Poggio-ko mendatetxoak helmugatik oso gertu dituztelarik. Sprint-ean bukatzeko traza haundiak dituen lasterketa, baina bi mendatetxo horietan tropel aurrean ezinbestean egon beharrekoa.

Freirerentzat proba aproposa dirudi, ezta? Ba baietzkoa esan beharko, hirugarren aldiz Italiako egun bateko probarik garrantzitsuena (Lonbardiako Giroaren baimenarekin) poltsikoratu bait zuen Martxo aldera.

Aurtengo lasterketan buru belarri sartuaz, esan beharko hastapena ohi bezela ihesaldiez adornatuta izan zela, guztiak ere tropelaren kontrolpean. Poggio-ko mendatetxora iristean, gizonik garrantzitsuenak tropel buruan ikusi zitezkeen: Garzelli, Gilbert, Scarponi… baina baita lasterketa sprint-ean iristeko erreguka zebiltzan gizonak ere: Bennati, Hushovd… eta non zen ba Freire?? Hortxe tropeleko 10-15 postu horretan, erne-erne. Flandiar kazetariak ikusi zutenean irribarre egiten dute (4:10 min gutxi gora behera), zerbait bazekiten bederen…

Rogers-en erasoak tropela luze-luze jarri zuen, eta hortik aurrera guda basatia, bai aldapan gora baina baita aldapan behera ere: Pozzato, Nibali, Cancellara… Tropeleko txirrindulari indartsuenak bakarkako borroka bikainean. Atzera begiratzerk ez zegoen. 3 km faltan Nibaliren eraso bikainari Pozzatok oraindik indartsuago erantzun zion, garapen haundi eta indartsuak ederki mugitzeko gai dela aldarrikatuz.

Bazirudien eraso erabakigarria izan zitekeela, baina Bennatiren garaipen gosea asetu nahi zuen Liquigas taldeak bertan behera bota zuen italiar txapeldunaren ahalegina. Tropela erabat luzatuta, eta gizonik azkarrenak leku ona topatu nahian: Hushovd, Boonen, Petacchi… Baina Bennatiren gurpila nork izango eta Freirek. Azken kilometro t’erdia italiarraren gurpilean egin ostean eroso iritsi zen sprint-era eta hor inor baino azkarragoa izan zen. Ez flandiar ahaltsua (bigarren azkenean), ez italiar zaharra (hirugarren), ez ziren Freireri itzala egiteko ere gai izan.

Eskuak hirugarren aldiz gora beraz Rabobank taldeko txirrindulariak.

MilanSanremo2010_garaipenaEz dira asko marka hau gainditzen dutenak, kasuko Eddy Merckx (7 aldiz) edo eta Erik Zabel (4 aldiz). Nabarmen gelditzen da beraz Torrelavegako txirrindulariaren balentria. Eta are gehiago gaur egungo txirrindularitza kontrolatu honetan ia taldekiderik gabe ibiltzen dela kontutan izanda.

Facebooken garaian, hartxintxar gainean

Vinokourov laneanAsteburuko betekadari ekin aurretik, gogoeta koxkor bat egin nahi dut. Batez ere teknologiaren alorrean berrikuntzak etengabeak dira garai honetan. Horren lekuko txirrindulari zaleak garenoi gure iritziak plazaratzen laguntzen digun Tropela.net webgunea. Estimatzekoa oso. Horretaz gain, nola ez, sare sozialak: Facebook, Twitter… Bada aurrerapen horien garaian, Giroak erakutsi digu zein ikusgarri izan daiteken Plan de Coronesekoa bezalako etapa bat. Txirrindulariak ahalegin betean, hartxintxar gainean! Coppi, Bartali eta sasoi hartako txirrindulari mitikoak bezala aritu ziren Basso, Evans, Garzelli eta gainerakoak. Ni txirrindularia ez naizen aldetik, bada ezin esan hori egokia den edo ez, eta beharbada ziklistaren bat ez da ados egongo nik azaldu nahi dudanarekin, baina nire uste apalean, oso ikusgarria izan zen kronoigoera.

Gainera, astearte izanda ere, jendetza zegoen ibilbidean. Imajinatzen zer izango zen hura igandearekin izan balitz? Ikaragarria, ziurrenik. Parajea harrigarria zen. Bide estua, hartxintxarra, sokak zaleek txirrindulariak jan ez zitzaten, eta teleferikoa! Une batzuetan txirrindulariek hari iskin egin beharko ziotela zirudien! Nire ustez, Giroko antolatzaileek agerian utzi dute, beste behin, maisuak direla ibilbidea antolatzeko orduan.

Egia da, era berean, asteartean euria egin izan balu ziurrenik ezin izango lukete goraino iritsi -2006an bezala- baina zale askok gozatu ederra hartu genuela telebista aurrean. Eta are gozatu ederragoa han zeudenak –ikurrina bat edo beste bistaratu ahal izan genuen-. Pena dut RadioShackeko txirrindularirik ez parte hartu izana. Hornerrek, Lepheimerrek, Klodenek edo Haimarrek distira gehiago emango zioten Giroari. Eta Samuelek, Beñat Intxaustik edo Igor Antonek, beste horrenbeste. Baina horrelakoetan esan ohi den bezala,daudenak daude eta haiekin gozatu ahal izango dugu zale guztiok ostiral, larunbatean eta igandean. Hala izan bedi! Eta noski, Tropela.net-en bidez kontatuko dugu!

Simoniren azken atzaparkadaren zain

giro08pre-pampeago1Giroko ziklistarik zaharrenetakoa izango da ‘Gibo’ handia, zaharrena ez bada, 39 urteko beteko baititu abuztuan. Antza, proba eta gero hartuko du erretiroa. Italiako lasterketa nagusian balentria handiak egin ditu igotzaile gartsuak. 1999an zapaldu zuen lehen aldiz podiuma; hirugarren bukatu zuen, Gotti eta Savoldelliren atzetik. Pantani Girotik kanporatu zuten urtea izan zen hura. ‘Il Pirata’ ordurako errepidean ez bazen ere, etapa gogoangarria egin zuten Gottik, Herasek eta Simonik Apricara bidean, Gavia eta Mortirolo igota lasterketa bukatu bezperan. 2000. urtean ere hirugarren, Garzelli eta Casagranderen ondoan podiumean. Eta 2001ean, jaun eta jabe izan zen; maglia arrosa etxeratu zuen, erakustaldia emanda gainera. Urtebete geroago Girotik kanpo utzi zuten, positibo emateagatik.

2003an Girora itzuli eta berriro ere garaile. Ondorengo urteetan behin baino gehiagotan gertu izan du podiumeko koskarik gorena, baina…2004an bera zen Lampreko taldeburua, baina hara non Damiango Cunego taldekide gazteak aurrea hartu zion. Mokoka bukatu zuten bi txirrindulariek, baina gauzak zer diren! Lampren bertan ariko dira biak hastear den Giroan. Ondo bidean, Simonik Cunegoren mesedetan egingo du lan.

Giroan bikain, baina Italiatik kanpora halamoduz. Tourrean eta Espainiako Vueltan etapa bana irabazi ditu, baina tifosiek gehiago espero zuten. 2003an, bigarren Giroa irabazi ostean, Armstrong estu hartzeko hautagaietako bat zen Tourra hasi aurretik, baina Frantzian batean bale eta bestean kale. Ezin erregulartasunari eutsi.
Simonik, orain arte, azken atzaparkada 2007ko Giroan eman zuen, Monte Zoncolan tentean. Ziur bere zalei aldapa gora borrokatzen esan nahiko diela agur. Hori egiten baitu ondoen, borrokatu alegia.

Eta gero zer? Hori berak jakingo du. Bizikleta mekanikari hasteko eskarmentua badu. Izan ere, 1998an, txirrindularitzak gogaituta edo, urtebetez pedalei eragiteari utzi eta bizikletak konpontzen jardun zuen. Eskerrak ez zuen horretan jarraitu!

Argazkia:  http://www.cyclingnews.com

Beti gazte

Chris Horner38 urterekin erdietsi du Chris Hornerrek bere kirol ibilbideko garaipenik garrantzitsuena: Euskal Herriko Itzulia. Duela urte batzuk esan ohi zen 32-33 urterekin hasten zela txirrindularien gainbehera. Adin horretan nekez jarrai zezakeela txirrindulari batek, salbuespenak salbuespen, lasterketaren burua. Zenbait txirrindulariren emaitzek baieztapen hori ezeztatu dute azken aldian. Chris Hornerrek orain lortu du egunkari, irrati, telebista eta webgune askotan azaltzea Euskal Herriko errepideetan eginiko balentriagatik. Duela hiru urte, 2007an, Tourrean txukun aritu zen: 15. postuan sailkatu zen Alberto Contadorrek irabazitako lehen Tourrean; 35 urte zituen ordurako.

Hornerren adin bera du bere nagusiak, Lance Armstrongek. Ondo bidean, Hornerrek Armstrongi lagunduko dio Tourrean. Baita Levi Leipheimerrek ere. 36 urte ditu Leipheimerrek. Hure ere, 30 urteak ondo beteak dituela, sasoi betean dagoela erakusten ari da. Duela bi urte Espainiako Vueltan bigarren bukatu zuen… Alberto Contador taldekidearen atzetik, eta espainiarraren mesedetan jardun ostean.

Eta zer esan Stefano Garzelliri edo Jens Voigti buruz? Italiarrak, Leipheimerrek bezala, 36 urte ditu eta duela aste gutxi Tirreno-Adriatico lasterketa irabazi zuen. Eta joan den urtean, Giroan bertan, harrigarri aritu zen; ia-ia onenen pare egon zen eta erlojupeko handia irabaztetik ez zen oso aparte ibili. Voigt alemaniarrak -38 urte-, urteak joan urteak etorri, garaipenen zakua betetzen jarraitzen du.30 urteren bueltan dabiltzanek badute beren burua non begiratu, zalantzarik gabe. Ez dute erretiroan zertan pentsatu.

Argazkia: www.cyclingnews.com