Gaur gogora ekarri nahi dut, kontatuko dudan gertakaria zenbaki borobil batekin gertatu zenez, 1996ko Dauphine Libere lasterketa, hots orain dela 15 urte gertatuko zerbait Lasterketa honi. 2010ean aldatu zitzaion izena Criterium du Dauphine-gatik. Once versus Banesto garaia. Indurain ahalguztiduna noiz hutsegin zain zeuden guztiak. Superman jarraitzen zuen izaten bere hanketan 32 urte izan arren. Ez zitzaion txakalaldi momenturik ezagutzen.
1996ko ekaina hartan Dauphine Libere ia 6 kilometroko aitzin etapa batekin hasi zen. Kuriosoa izan zen 500 metroko aldapa batean % 12ko desnibelarekin nafarra izan zela bakarra plater handian igo zena, bere potentzia erakutsiz. Aitzin etapa Boardman britainiarrak irabazi zuen eta hurrengo egunean Kasputis izenekoak lidergoa lortu zuen 227 kilometroko etapa Megeve eta Villefontaine artean ihesaldian amaitu ostean. Bigarren etapa Charbonnieres eta Firminy artean François Simonek irabazi zuen eta sailkapen nagusia aldaketa gabe egon zen. Hirugarren etapak ere, Saint Maurice eta Tourmon artean, ez zuen aldaketarik suposatu sailkapen nagusiarentzat. Garaipena Bouvard-ek eskuratu zuen.
Azken sei urteetan etapa garaipenik lortu ezinda ibili eta gero, aurtengo edizioan bi etapa garaipen lortu dituzte gure txirrindulariek. Gaurkoan Juanma Garate izan da Martin-i aurre hartuta etapa garaipen itzela lortu duena, non eta Mont Ventoux mendate mitikoan. Zorionak Juanma!
Azken aurreko etapa izaki eta Mont Ventouxen gainean bukatzen zela ikusita, sailkapen nagusiko postuen lehian dabiltzanak zalaparta sortu beharra zuten zerbait egin nahi bazuten. Lehia horrek etapa garaipena aurtengo Tourreko gizonik indartsuenen artean izango zela pentsatzen genuen, baina ez da hala izan.
Eguneko ihesaldian zen Juanma Garate, Ruben Perez, Delage, Gutierrez, Posthuma, Martin, Kuschynski, Roulston, Riblon, Geslin, Bonnet, Righi, Lemoine, Dumoulin, Timmer eta Bouet txirrindulariekin batera. Tropelak ihesaldia 5 minutu ingurura izan du Mont Ventouxeko igoerara gerturatu artean, baina behin igoerari ekiteko 5 kilometro inguru falta zirela, Astana eta Saxo Bank txandakatuz tropel nagusia luzatu dute mozketa bat eragiteraino. Orduan iheslariekiko errenta murrizten joan denez, Juanma Garatek erasoa jo du aurreko tropeltxoan eta Martin eta Riblonek aurrera egin dute. 21 kilometroko portua luzea zen eta indarrak ongi dosifikatu beharrak zeuden eta ederki egin dutelakoan naiz.
Atzealdean sailkapen nagusiaren lehian zebiltzan txirrindulariak erasoka hasi dira. Andy Schleck izan da hamaika eraso egin dituena, baina Contador erne zen erasoak baliogabetzeko. Frank ere saiatu da birritan, baina honen zaintza lanetan Armstrong ederki moldatu da. Sailkapen nagusiko lehen txirrindulariak, beraz, beraien postuak babesten edo eta hobetzeko saiakeratan ziren. Noski, erasoen ondoren atsedenaldiak izaten ziren eta hori bikain etorri zaie aurreko hiru iheslariei bestela harrapatuko baitzituzten.
Azken kilometroetan Riblonek ezin zuen beste bien erritmoarekin jarraitu eta geratu egin da. Atzetik, berriz, sailkapen nagusiko lehiatik kanpo zela aprobetxatuz, Pellizottik aurrera jo du etapa garaipenaren bila, baina ez da gauza izan aurreko biak harrapatzeko. Gauzak horrela, etapa garaipena Juanma eta Martinen artean zen. Azken kilometroan bigarren erasoa jo du. Lehenengoan Martin hurbiltzeko gauza izan bada, azken honetan nahikoa izan da egin duen ahalegina eta etapa garaipena eskuratu du Mont Ventoux handian. Honi eskerrak, Rabobankek aurten eman duen irudi kaxkarra itxura hobetzea lortu du.
Faboritoen artean Schleck anaiak gogor aritu diren arren, lortu duten gauza bakarra Franken postua aurreratzea izan da Klöden atzeratuta iritsi baita helmugara. Ezin esan Schleck anaiak saiatu ez direnik, baina bai Armstrong baita Wiggins bera ere ederki aritu diran beren postuen defentsa lanetan.
Ia denok aurreikusten genuen bezala, azkenean faborito handi bat Tourretik kanpo geratu da. Azkenean CONIk Alejandro Valverde Tourretik kanpo utzi du, etapa bat kilometro batzuetan zehar Italian barneratuta ibiliko baita. Gauzak horrela, hautagai nagusien multzoa sei izenetara murriztu da. Hona hemen izen handi hauen azterketa txiki bat.
Lance Armstrong : Estatubatuarra da edizio honetako izen berezia. Bere itzulerak beste edozein izen propio eklipsatu du, bai Gaztela Leonen, Giroan, eta nola ez, Tourrean. Hiru urte lehiatu gabe, baina maila txukuna erakutsi zuen Giroan, batez ere azken astean, eta ziurrenik geroztik bere prestakuntza afinatzen egongo zen, buru-belarri. Atzo bertan estreinatu zuen aurtengo palmaresa, Nevada City Classic lasterketa estatubatuarrean gailenduz. Ez da egutegiko lasterketa entzutetsuena, jakina, baina esanguratsua da dena den Lancek berriz eskuak jaso dituela jakitea. Gerra emango du, ziur, baina 37 urte ditu, eta horrek bere aurka jokatzen du. Gainera, taldeko giroa ere ez da onena izango, etsai nagusia (Contador) etxean baitu. Ez du zortzigarren Tourrik lortuko, nire aburuz.
Levi Leipheimer:Estatubatuarra ez du inork aipatzen, baina Tourrean izango da, eta ez gonbidatu bezala. Armstrong-Contador lehiak (edo konfliktoak) bigarren plano batera bidali du Levi, baina ezin dugu ahaztu Tourreko podiuma ezagutzen duela, eta baita Espainiako Itzulikoa ere. Gainera, Astanan askatasuna izango du, ondo bidean, eta probetxua atera dezake bere bi taldeburu nagusien artean ez baita giro izango. Evansi bezala, ibilbidea oso ondo datorkio, erlojupekoetan maisua baita. Dena den, ikusi genuen moduan, Girora dena ematera joan ostean, lasterketa luzea egin zitzaion. Hori, edo azkenean ez zuen zeukan guztia eman, Uztailera begira. Interesgarriak izan daitezke Montanako txirrindulariaren mugimenduak lasterketan zehar.
Denis Menchov: Errusiar-nafarrak Giroan sekulako erakustaldia eman zuen. Erraz asko irabazi zuen, nahiz eta azken erlojupekoko azken kilometroan, nahi gabe emozio kotak zeruan jarri zituen. Dena den, Tourrean maila handiagoko aurkariak izango ditu, bera baino lasterketa egun gutxiagorekin joango direnak, eta hori erabakigarria izan daiteke. Taldean bertan, Robert Gesink gaztea ez du urruti izango, akaso aurrean ere. Lasterketa frantziarrean beti egin izan du “kale”, sailkapen nagusiari dagokionean, eta aurten beste horrenbeste gerta dakioke. Dena den, Denis etxeko lanak ondo asko eginda iritsi da Tourreko irteera lerrora, eta ez dauka galtzeko ezer. Ikusi egin behar ez ote zaion lasterketa oso luzea egingo, batez ere Mont Ventouxen bukatzen den azken aurreko etapa.
Carlos Sastre: Iazko Tourreko irabazleak aurten taldearekin batera egutegia aldatzea erabaki du. Giroko sailkapena lehiatzera joan zen, baina 4º postu batekin konformatu beharra izan zuen, hori bai, mendiko etapa eder bi irabazi ostean. Orain Tourrean aurretik inoiz ez bezala arituko da, hanketan lehiaketa egun askorekin eta desgaste handia jasan ostean. Hala ere, gaztelarra txirrindulari zaildua eta “diesela” da. Ez du sekulako eraso kolperik joko, baina aurrean egongo da. Hori bai, aurten garaipeneko jokotik at ikusten dut.
Alejandro Valverde: Azkenean, aurretik esan bezala, murtziarra ez da irteeran izango. Beraz, kinielan baduzue, azkar aldatu!
Berrikuntza bezala, Tour honekin batera, Tropelako blogariok aztertutako talde bakoitzean zein txirrindulari hartu ditugun aipatuko dugu. Kasu hontan, nik neuk ez dut asko arriskatu: Evans-Contador. Gainontzeko multzoetan egin beharko da “apustu pertsonal” bat edo beste, sorpresaren bila.
Atzoko etapa ikusteko aukerarik ez nuen izan. Pena, benetan, baina zenbait kronika irakurtzen aritu naiz eta harrituta utzi nau Valverderen jarrerak. Ikusteko aukera izan duzuenok zuzenduko nauzue, baina post hau idazteko modukoa iruditu zait.
Bazirudien “etapa zuretzat eta lidergoa niretzat” hitz egin beharrik gabe adosten den paktua beteko zela eta halaxe izan da. Azken 500 metroetan Szmydi “zangoak gelditu zaizkio” eta aurrera jo ezinda geratu omen da. Valverdek, indarrez sobra, zain egotea erabaki du garaipena Liquigaseko txirrindulariarentzat izan zedin. Esan bezala, murtziarrarentzat maillot horia eta etapa garaipena poloniarrarentzat.
Egin dituzten adierazpenen arabera ez omen dute ezer adostu. Izan daiteke, baina garaipenak hain garesti diren egun hauetan ezagutzen ez dugun beste arrazoiren bat egon daitekeela uste dut. Hona hemen Valverderen hitzak, zuek epaitu:Â “Etapa ez da zehazki opari bat izan. Szmydek zangoak (etapa) irabazteko modukoak zituen. Nik bere lankidetza eskertu diot. Biok kirol gizonak gara”.