Milramek ur botila biodegradagarriak erabiliko ditu

Ur botilak bide bazterreanAsko kexatu omen dira txirrindulariek bide bazterraren ur botilak botatzen dituztelako. Ez da harritzekoa, asko baitira botatzen diren botilak. Egoera horren aurrean bi aukera daude: ur botila horiek ez botatzea hurrengo lasterketaren batean erabiltzeko (zailagoa dela dirudi) edo botila biodegradagarriak egitea.

Hori da Milramen babesle kide den Tacx etxeak egin duena. Hurrengo urterako botila biodegradagarriak ekoiztuko ditu bide bazterrean geratu arren denborarekin ingurumenean degradatuko direnak. Polietilenozko botilatxoak izango omen dira eta urte bat eta 5en artean degradatzen omen dira. Esan bezala, botilatxoak gordetzea baino hobea dela dirudi bide bazterrera botatzea 5 urtera arte bertan egon badaitezke ere.

Aurrera pausua dela esan beharko dugu. Kontutan hartu behar da txirrindulari talde bakoitzak 20.000 eta 30.000 botila artean erabiltzen dituela denboraldi bakoitzean. Kantitate hau dauden talde kopuruaz biderkatuta, ez al dira askotxo bide bazterrean geratzen diren botilak?

Argazkia: http://cormacphoto.wordpress.com/

Astana eta Pereiroren arteko “zirkoa”

Oscar PereiroHala iruditzen zait. Ez dakit Pereiro zer dabilen azken aldi honetan, baina badirudi atzeko atetik utziko duela txirrindularitza. Beharbada ez da bere errua izango, baina egia esan 2006ko Tourra irabazi zuenetik, gauzak zuzen ez zaizkiola joan esango nuke.

Prentsaurreko bat eman berri du orain egun gutxi Astanakin duen egoera zaila plazaratzeko. Dirudienez azaroaren 12an kontratu bat sinatu zuten bi aldeek 2010erako, baina Astana taldeak aurrekontuarekin bat ez zetorren kontratua izan dela argudiatuz ordaindu beharreko diru kantitatea berriro negoziatzeko asmoa helarazi omen zion txirrindulari galiziarrari. Honek dagoeneko nahikoa jaitsi duela kantitatea kontratua sinatzerako eta ez dagoela ezer negoziatzeko prest. Zalantzarik gabe hau hala bada, galiziarrarekin erabat bat egiten dut.

Zailtasun hauen aurrean Pereirok txirrindularitza uzteko unera iristen ari dela esan zuen. Hau bai ez zaidala harritzekoa egiten. Dakizuen bezala aurtengo Tourra utzi egin zuen eta Vueltan lehiatzeko asmoa adierazi bazuen ere, azkenean Unzuek ez zuen 9ko taldean sartu. Esan bezala, galiziarra atzeko atetik joango dela dirudi.

Astana taldeari dagokionez, aurreko post batean esaten nuen bezala, badirudi oraingoz urte hasierako mamu horiek ez direla desagertu. Oraingoan ere gai ilunak talde kazakhstandarraren inguruan.

Romain Sicarden debuta Australian

Romain SicardEuskaltel-Euskadi taldea Derion izan da kontzentratuta aste honetan zehar. Kontzentrazio honetan zenbaiti hurrengo urteko egutegia zehaztu diote eta horien artean Romain Sicard txirrindulari gaztea agertzen da. Dakizuen bezala, Sicard 23 urtez azpiko egungo munduko txapelduna da.

Hazparneko txirrindulari gazteak Tour Down Under Australiako lasterketan egingo du debuta. Gainera taldeburu gisa aurkeztu dute. Ez dakit ez ote den goizegi Romaini horrenbesteko ardura emateko, baina hori Euskaltel-Euskadi taldeko zuzendariek jakingo dute.

Edonola ere, urtarrilak 17tik 24ra jokatuko den Tour Down Underrean hasiko da Euskaltel-Euskadi taldearen 2010ko denboraldia. 2003an Mikel Astarlozak irabazi zuen lasterketa hau Ag2r taldean zela. Beharbada talde laranja lasterketa irabazteko gai izan daiteke. Ikusiko dugu.

Tropela.net-ek euskara sustatzeko webgunerik onenaren Buber saria jaso du

Tropela.net-ek 2009ko Buber Sarietan irabazitako garaikurraGaur Euskararen Nazioarteko eguna izanik, sari honek esanahi bereziagoa du Tropela Elkarteko kideontzat. Gure webgunea, Tropela.net, euskara sustatzeko webgunerik onenaren atalean finalisten artean zen. Gaur arratsaldeko Buber sari banaketa ekitaldian 3 finalisten artean garailea zein izango zen egin behar zuten publiko eta Tropela.net izan da epaimahaik aukeratu duena.

Tropela Elkartea sortu genuenetik euskara teknologia berrietan bultzatzea genuen helburu. Horretarako aisialdia eta txirrindularitza uztartzen genuen webgunea sortu genuen 2005ean. Urtetik urtera hobetzen eta egokitzen joan gara webgunea dugun jarraipena dela eta. Era berean, gero eta gehiago zarete webgunean parte hartzen duzuenak urteak aurrera joan ahala eta horrek interneten euskararen erabilpena indartzen du. Horren guztiaren isla izan da gaur jaso berri dugun sari hau. Beraz, laguntzaile, jarraitzaile eta parte hartzaile zareten guztioi gure eskerrik beroena, sari hau guztiona baita. Zorionak guztioi!!

Garaikurra

Plazer bat izan da garaikur hau Jose Maria Muñoa (Eusko Ikaskuntzako presidentea) jaunaren eskutik jaso izana, berak gogora ekarri digun bezala, bereziki Euskararen Nazioarteko egun honetan. Gustura jaso dugu saria, baina garaikurra begiratzen aritu garenean zerbait lekuz kanpo balego bezala jabetu gara. Zuk antzeman al duzu?

Tropela euskararen alde

Euskararen Nazioarteko EgunaGaur Euskararen Nazioarteko eguna da. Tropela Elkarteak bere aldetik, gaurko egunari bere garrantzia emateaz gain, urte osoko jardueraren bidez aritzen da euskararen alde webgune honen bidez. Zer ospatua izan dezakegu, baina zer egina ere bai.

Gaurko eguna dela eta, dakizuen bezala Tropela.net webgunea Buber sarietan finalisten artean da eta gaur jakingo da dagokigun arloan gure webgunea saritua izango den ala ez. Sari banaketa ekitaldia arratsaldeko 19:00tatik aurrera izango da Kursaalen eta bertan jakin araziko dituzte sarituak.