Tourreko multzoen azterketa: besteak (VII)

Ez da erraza azken multzo honetan 6 txirrindulari aukeratzea. Pentsatuko duzuen bezala ez ditut guztiak banan aipatuko. Sorpresa zein izango den ez dakidanez, erabiltzaileek gehien aukeratu dituzten txirrindulariak aipatu nahiko nituzke.

Van den BroeckNabarmen aukeratu dituzuenak Brajkovic (%43,3, Radioshack) , Van den Broeck (% 39,1, Silence-Lotto) , Luis Leon Sanchez (% 54,6, Caisse D’Epargne) eta Joaquim Rodriguez (% 43,8, Katusha) izan dira. Brajkovic Dauphinen Contadorri gailendu ostean dator Tourra lehiatzera. Oker ez banaiz Haimar Zubeldiaren ordez sartu dute taldean (animo Haimar!) eta, noski, helburua Armstrongi 8. Tourra irabazten laguntzea izango da. Ez zait iruditzen etapa garaipenen bat baino gehiago lortuko duenik; beharbada lehen prologoan erlojuaren aurka ondo moldatzen baita. 3 asteko lasterketa da eta beharbada luzeegia beretzako. Hala era aukeratzen duzuen taldearen arabera txirrindulari interesgarria izan dakizueke.

Van den Broeck Silence-Lottoko lider moduan arituko da. Igotzaile bikaina da baina baldarra erlojuaren kontra. Horrek bere alde egin dezake aurtengoan prologoa eta azken

 Millar

aurreko etapako 52kmko erlojupekoa besterik ez baitira. Helburua iazko 15. postua hobetzea izango du, beraz, benetan txirrindulari interesgarria eta hartzeko modukoa.

Gehien aukeratu duzuena Luis Leon Sanchez izan da. Caisse D’Epargneko liderra izango da, baina ikusi beharko da 3 astetako lasterketa batean, eta batez ere Tourrean nola moldatzen den. Etapa garaipenaren lehian gehiago ikusten dut sailkapen nagusiaren lehian baino. Ikusita zenbatek hartu duzuen arriskatu eta besten bat hartuko nuke bere ordez.

Joaquim Rodriguezek, berriz, bere lehen Tourra izango du. Honek ere sailkapen nagusian ezer gutxi egingo duela iruditzen zait eta indarrak etapa garaipenen bat lortzeko erabiliko dituela. Ikusi beharko da nola moldatzen den.

Gehien hautatutako hauetaz gain Chavanel (% 29,7, Quick Step), Millar ( % 28,0, Garmin), Le Mevel (% 22,0, Française des Jeux), Casar (%20,4, Française des Jeux), Ballan (% 17,1, BMC), Voigt (% 13,8, Saxo Bank), Boom (% 13,3, Rabobank)

Luis Leon Sanchez

eta Voeckler (% 12,2, Bonjour) leudeke.

Le Mevel eta Casar talde berekoak izanik bietako bat aukeratuko nuke. Palmaresari begiratuz gero Le Mevelen iaz 10. postuan sailkatu zela konturatuko gara. Nire ustez arrazoi nahikoa Le Mevel aukeratzeko bi hauen artean.

Ballan Evansen alboan ibiliko dela uste dut eta beharbada espero baino lasterketa hobea egin dezake Italiako munduko txapeldun ohiak. Voeckler ere ez dugu ahaztu behar, berrik Frantziako txapelketa irabazi du eta horrek konfiantza handia emango dio iaz bezala etaparen bat irabazteko lehian sartzerako orduan.

Lehen eguneko erlojuaren kontrako prologoari begira Boom, Millar edo Voigt bera bezalako txirrindulariengan pentsatu beharko genuke. Hiruretan osoenak Millar eta Voigt izango lirateke. Dakizuen bezala Millar erlojuaren kontra ezaugarriak galdu dituen arren, mendian hobetu egin da eta Vande Velderekin batera Garmineko txirrindulari garrantzitsua izango da. Voigt, berriz, edozertarako gai da; Schleck anaiei laguntzeaz gain etapa garaipenen baten lehian sar daiteke.

Hau guztia ikusita, hauek litzateke nire aukeraketa: Van Den Broeck, Millar, Le Mevel, Voeckler, Luis Leon Sanchez eta Ballan.

2010eko taldeen analisia (V): Française des Jeux, izarrik gabe

Aurten 14. denboraldia du Marc Madiot ziklista ohiaren Française des Jeux (FDJ) taldeak. Promes frantsesen taldea izan ohi da, baina horretan baino ez dira geratzen, eta promes izatera ere ez dira heltzen. Eta horretan ari dira Frantzia aldean, ea noiz irtengo den lehen mailako ziklista bat. Iazko UCIren sailkapenean, lehenengo frantziarra Sylvain Chavanel izan zen, eta hurrena Fedrigo (51.a). Bada, egia esatearren, ez dut uste aurtengo FDJtik ere ezer nabarmenik irtengo denik. Ala bai? Denetarik dago taldean, baina ez dago lider sendorik, lider erregularrik, goi mailako liderrik. Gilbert belgikarra zen taldeko erreferentzia 2008ra arte, baina iaz Lottorekin fitxatu zuen. Lasterketa txikietan eta etapa ehizan ibiltzeko moduko taldea dugu FDJ, ez besterik.

casarsusannegoetzeBada, izen nabarmenen artean, Sandy Casar frantziarra (31 urte) dugu taldeko liderra. Hamaika aldiz ikusi dugu ihesaldietan, sailkapen nagusietan lehenengo hamarren artean. Euskal Herriko Itzulian ere ikusten dugu, beti aurrean, erasokor (iaz 12.a). 2007an Tourreko etapa bat irabazi zuen, eta, hain zuzen, hura izan da Casarren azken garaipena. Badaramatza ia 3 urte podiumeko gorenera igo barik.

Iaz, Christophe Le Mevel frantziarrak (29 urte) denboraldi polita egin zuen, postu on askorekin. 10. sailkatu zen Frantziako Tourrean, baina ez zuen aukerarik ere izan etaparen bat poltsikoratzeko (postu onena iazko Tourreko etapa baten, 7.a). Hala ere, lehenengo 15en artean ikusi genuen proba askotan (Dauphinen, Paris-Nizan, Tourrean, Katalunian…)  Aurten ere, Le Mevel eta Casar izango dira taldeko buru Tourrean, baina sailkapen nagusian lehenengo 15en artean sartzen badira, gaitz erdi.

Frederic Guesdon frantziarra da taldeko beteranoena (38 urte). FDJ taldea sortu zenetik (1997), bertan izan da. Iaz, lepauztaia hautsi zuen otsailean, eta horrek baldintzatu egin zion denboraldia eta ez zuen gauza handirik egin. 13 garaipen ditu; garrantzitsuenak, Dauphineko Libereko etapa bi eta 2006ko Paris Tours. Aurten, azken urtea izan lezake profesionaletan.

geslincyclingnewsAnthony Geslin frantziarra (29 urte) dugu beste izen propio bat taldean. Etoile de Bessegesko 4. etapan bigarren izan da oraintsu, esprintean. Brabantse Pijl klasikoa irabazi zuen iaz, Frantziako Igotzaileen Trofeoan 2. izan zen, baita Frantziako txapelketan ere. Ondo moldatzen da egun bateko probetan, eta klasikoak ditu helburu.

Mathieu Ladagnous frantziarrak (Paue, 25 urte) sei garaipen ditu profesionaletan. Amaitu berri den Etoile de Besseges proban, 2. izan da sailkapen nagusian. Iaz, urte hasieran, La Tropicale Amissa Bongo probako sailkapen nagusia eraman zuen, baita 1. etapa ere; abuztuan, La Poly Normande proba irabazi zuen. Denboraldi ederra egin zuen, bada. Beste garaipen garrantzitsu batzuk ere baditu aurreko urteetan: 2006an, Mediterraneoko Tourreko 5. etapa irabazi zuen eta 2007an, Dunkerqueko Lau Egunak irabazi eta 5. etapan ere gailendu zen.

Jussi Veikkanen finlandiarrak (28 urte) ere garaipen kopuru polita dauka profesionaletan: 16. Horietako asko, bigarren mailakoak, baina baita oso garrantzitsuak direnak ere: iaz asko lehiatu zen eta Tourra korritu zuen, baina eskuak altxatu gabe bukatu zuen urtea. 2008an, baina, Route du Sudeko 4. etapa eta Alemaniako Itzuliko 6. etapa irabazi zituen, Iglinsky eta beste hainbat iheskide mendean hartuta.

rouxlavueltacomAnthony Roux frantziar gazteak (22 urte) Espainiako Itzuliko 17. etapa irabazi zuen; eta nola irabazi, gainera! 170 kilometro inguru ihesaldian, beste lau lagunekin, eta tropela gain-gainean zuenean sekulako indarra erakutsi zuen irabazteko. Circuit Cycliste Sartheko 4. etapa ere irabazi zuen iaz.

Jeremy Roy frantziarrak (26 urte) denboraldi biribilak egin zituen iaz eta 2008an; orduko Frantziako Tourreko 19. etapan oso gertu izan zuen garaipena, baina iheskide Sylvain Chavanelek irabazi zion esprintean. Eta iaz lortu zuen lehen garaipena profesionaletan: Paris-Nizako 5. etapa irabazi zuen, Voeckler eta Tony Martin iheskideei gailenduta. Ihesaldiak hartzen daki, eta oso ondo jokatzen du horietan.

Remy di Gregorio frantziar gazteak (24 urte) tarte berezia merezi du aurkezpen honetan. 2006an, Etorkizunekoen Tourreko 8. etapa irabazi zuen, eta handik aurrera denetik esan da ziklista horretaz: Frantziako izarretako bat izango zela esaten zen, egunen baten Tourra irabaziko zuela, dohainak zituelako, eta ezerezean geratu da esperantza hori. Ordutik hona ezer gutxi egin du, eta frantziarrek itxaropentsu segitzen dute. Pentsa, iaz, Tourreko taldetik kanpo geratu zen eta Espainiako Itzulia egitearekin konformatu behar izan zuen (51.a izan zen). Lehiatu asko lehiatzen da, baina urterik urtera ikusten ari da 2006ko garaipen hura irudipen hutsa izan zela.

hutarobitxafpphotoTaldeko esprinter nagusiak Yauheni Hutarobitx bielorrusiarra (26 urte) eta Sebastien Chavanel frantziarra (28) dira. Urte zeharo ezberdinak izan zituzten iaz; izan ere, Chavanelek ia urte bi daramatza irabazi barik, eta hori askotxo da esprinter batendako. Tourrerako hautatu ere ez zuten egin. Tira, aurtengo Etoile de Bessegesko lehen bi etapetan esprintean sartu da Sylvainen anaia txikia. Ea, bada, neurria hartzen dion denboraldiari eta Tourrerako postua irabazten duen. Eta Hutarobitx, berriz, taldeko onena izan zen, 6 garaipenekin; besteak beste, Mediterraneoko Tourreko lehenengo eta  bosgarren etapak. Tourrean ere hainbat postu on egin zituen esprintetan. Hala ere, dituen garaipenak beti izan dira bigarren mailako esprinterren aurrean, eta, agian, hori falta zaio, izen handiko garaipenen bat munduko esprinter onenen aurrean, baina hori beste kontu bat da. Nire ustez, oso gertutik jarraitzeko ziklista da, proiekzio handikoa, taldeari garaipen gehien eman liezaiokeena.

Fitxaketei dagokienez, hiru gazte hauek ditugu: Pierre Cazaux 25 urteko donapaleutarra (Nafarroa Beherea) nahiko ziklista erregularra izan daiteke, eta, egunen baten, itzuli handi baten aurrealdeen egon liteke. Thibaut Pinot frantziarra (29 urte) igotzailea da eta iaz Tour of Val d’Aosta Mont Blanc proba ospetsua irabazi zuen. Ospetsua diot, Gilberto Simonik, Yaroslav Popobitxek eta Wladimir Bellik ere irabazi dute-eta proba hori aurreko urteetan. Arthur Vichot, berriz, bere dohainengatik, klasikoetan ibil liteke ondo etorkizunean.

Eta taldeko gainerakoei buruz, Gianni Meersman dugu taldeko belgikar bakarra (24 urte). Harrigarria da ziklista horren ibilbidea: 2007an, Bruyneelen Discovery Channelen zen, eta Austriako Itzuliko 5. etapa eta Georgiako Itzuliko 3. etapa irabazi zituen, izen handiko garaipenak, duda barik. 2008an, Discovery utzi eta FDJk fitxatu zuen; garaipen bat lortu zuen, eta nahiko denboraldi polita egin ere, baina iaz, ez zuen ezertxo ere egin. Proba gutxi-gutxi batzuk korritu, eta kito. Harrigarria, ez baitugu lesio edo bestelakoren berririk izan. Francis Mourey frantziarrak (29 urte) errepideko bizikleta eta ziklo-krosa tartekatzen ditu; izan ere, hainbat ziklo-kros proba irabazi ditu neguan; garrantzitsuena, urtarrilaren 10ean irabazi zuen Frantziako ziklo-kros txapelketa. Iaz, oso proba gutxi lehiatu zituen errepidean; esan daiteke klasikoak eta ziklo-krosa direla haren oinarri. Yoann Offredo frantziar gazteak (23 urte) dagoeneko badu garaipen garrantzitsu bat bere palmaresean: iaz, Tour de Picardieko azken etapan gailendu zen. Klasikozalea da, eta iaz Espainiako Itzulia egitea zuen helburu, baina egun batzuk lehenago lepauztaia hautsi zuen eta handik aurrera ezer gutxi egin zuen errepidean. Astebeteko itzulietarako ere taldeko erreferente izan liteke. Wesley Sulzberger australiarra (23 urte) egun bateko probatan ondo moldatzen da, baita zazpi egunekoetan ere. Iaz, besteak beste, Espainiako Itzulian izan zen eta Paris-Correze probako bigarren saioa irabazi zuen. Benoit Vaugrenard frantziarrak (28 urte) urte ederra izan zuen 2008a: Tour du Limousineko 4. etapa irabazi zuen, Fedrigo, Pineau, Rojas eta Davisen aurretik sartuta, besteak beste. Iaz Tourran izan zen, eta Grand Prix d’Isbergues proba irabazi zuen, Mazzanti eta Rovnyri gailenduta. Erlojupekoetan oso ondo moldatzen da (2007an, Frantziako txapelketa irabazi zuen). Profesionaletan garaipen barik da Olivier Bonnaire frantziarra (26 urte); bitxia da ziklista horrena: hainbat urte daramatza profesionaletan, eta behin bakarrik lortu du lehenengo 10. artean sailkatzea, 2008an, Bouyguessen zela 10. izan zen GP de Denain Porte du Hainaut proban. Ezer gutxi, beraz. Mikael Cherel frantziar gazteak (23 urte) denboraldi luzea izan zuen iaz, eta Espainiako Itzulian ere izan zen; 2008an Giroan izan zen. Ea aurten Tourrean ikusten dugun, oso lehiakorra da-eta, ihesaldietan ibiltzea gustuko duena. Arnaud Gerard frantziarrak (25 urte) La Poly Normande irabazi zuen 2008an, Pineau eta Casarren aurretik helmugaratuta. Hura ere, Cherelen antzera, oso lehiakorra da eta beti erakusten du bere burua. Timothy Gudsell zeelandaberritarrak (25 urte) ez du garaipenik profesionaletan, eta ez da inoiz egon probaren bat irabaztetik gertu.

Jerome Coppel eta Sebastien Joly, berriz, taldea utzi eta Stephane Heulot ziklista ohiaren Saur-Sojasun taldera joan dira. Bitxikeria gisa, iaz Frantziako Tourra jokatzen ari zela, L’Equipe-k albiste bat atera zuen Romain eta Brice Feillu anaien gainean: ziurtzat ematen zuen anaiok FDJn korrituko zutela aurten. Bada, ezerezean geratu zen albistea, Vacansoleil taldearekin fitxatu zuten-eta.

Dopinak ere zipriztindu du taldea azkenaldian: Aurelien Duval 21 urteko gaztea suspenditu berri du taldeak; irailean, haren txizean norfenfluramine agertu zen (efektu anorexikoa duen anfetamina mota), eta kontraanalisiak baieztatu egin du hura. Urte biko zigorra ezar liezaioke Frantziako federazioak.

Argazkiak: Susanne Goetze, Cyclingnews, AFP Photo, Lavuelta.com