Euskal Txirrindularitzaren pentsamendu bakarra (1)

Atzo, Andoni Urbistondo kazetariak zale askok buruan dituen hainbat galdera jarri zituen paperean Gara egunkarian. Aztergai izan zuen 2018an euskal txirrindularitzan emango den berrikuntza nagusienetako bat: Euskadi-Murias taldearen saltoa profesional mailara eta Euskadi Fundazioaren aro berria, Mikel Landaren gidaritzapean eta berriro kontinental mailan. Baina begirada zabaldu eta 2019an ere jarri zuen jomuga: «Zein izango da 2019ko egoera? Berbera? Bestelakoa? Bi taldeek jarraituko dute? Zein mailatan? Bakarra osatzeko elkartuko dira?»

Jon Redondo Eusko Jaurlaritzako kirol zuzendaria elkarrizketatu zuen Andonik eta hainbat titular utzi dizkigu. Adibidez: «Etorkizunean taxuzko proiektu bateratua nahi genuke». Egia esan, sorpresa gutxi esandakoen inguruan, baina bi berri oso on direnek, 2 talde hauen garapena eta mailaz igotzea, zale askorengan (ni barne) behar baino ilusio gutxiago sortu dutelakoan nago.

«Gure asmoa proiektu bakarra lortzea litzateke, taxuzkoa, bi txiki baino. Kanpotik ikusita, herri ikuspegitik, proiektu bateratua nahiko genuke». Redondok, zale askok bezala, eredu bakarra du buruan: euskal talde bakar hegemonikoaren ideia. Garai batean Migel Madariagak martxan jarri zuen eredua: sasizko euskal selekzio batena. Redondok dio «Talde bateratu bat nahi dugu, non Euskadiko selekzioa batuko litzatekeen, Tourra korrituko lukeen taldea». Redondori gogoratu beharko genioke Tourra duela hamarkada askotatik ez dela selekzioka lehiatzen, alde batetik, eta benetako euskal selekzioa bultzatzeko biderik eraginkorrena politikoa dela ez, kirol arlokoa. Eraginkorragoa, beraz, Urkullurekin bide hori lantzeko elkartzea, Jon Odriozola edo Mikel Landarekin baino.

Gizarteak proiektu bateratua exijitzen diola dio. Agian hala da, baina zergatik dago bai Jaurlaritzan bai jendartean talde batentzat bakarrik lekua dagoen ustea sustraitua?

Ikuspegi euskal erditarra nagusitzen da. Euskal Herrian datorren urtean World Tour mailako talde bat (Movistar), 2 profesional kontinental (Caja Rural eta Euskadi-Murias) eta kontinental bat (Euskadi Fundazioa) egongo dira. Datu bikaina da. Baina zaleoi ahazten zaigu EAEtik kanpokoa den World Tour mailako taldea, kazetariari ahaztu zaio eta baita Redondori ere. Azken honek esan dezake 2 talde nafarrak bere eremutik kanpo daudela baina euskal txirrindularitzaz egiten den edozein analisitan kontutan hartu beharko lirateke. Argudio hau bota diot kazetariari txio bidez eta emandako erantzunean dago gako nagusia: Euskadi izena nork eramango da kontua. Beste era batera esanda, “euskaltasunaren” monopolioa edo talde hegemonikoa nor izango lehia.

Hau da, ikuspegi politikoa gailentzen da kirolaren gainetik. Naziogintza vs txirrindularitzaren garapena. Euskal txirrindularitzak bide desberdinak bila litzake bere garapenerako. Eredu desberdinak egon litezke. Baina eztabaida eredu bakarrera mugatzen dugu: “euskal taldea” zein izango den. Ez diot helburuak kontrajarriak direnik, bateragarriak izan daitezke, baina ez beti eta ezta derrigorrez ere.

Nire ustez baina, bi talde hauentzat ezezik, gehiagorentzat ere lekua egon daiteke Euskal Herrian. Diru publikoa ez. Baina irudimena, ekimena eta lan ona egin behar dira horretarako. Ez betiko eskemak errepikatu. Ondorengo post batzuetan saiatuko naiz honetan sakontzen. Eta ea Jon Odriozolak zein Mikel Landak gidatutako taldeek horretan asmatzen duten.