Proiektu bateratua amestea zilegi da. Baina eraginkortasunaren aldetik, eta euskal txirrindularitzaren oraingo egoerari zein azken pare bat hamarkadetako hainbat esperientziei begira, proiektu bakar edo bateratu hori agian ez da estrategia zuzenena txirrindularitzaren garapenari dagokionez. Adibide batzuekin azaltzen saiatuko naiz, txirrindularitzan ere, 1+1 askotan ez direlako 2ra ere iristen, batik bat gure herrian.

Eusko Jaurlaritzak Euskal Bizikleta eta Euskal Herriko Itzulia elkartzera bultzatu zituen. Urteak pasata, argi geratu da helburu nagusia Jaurlaritzak txirrindularitzan diru gehiago ez inbertitzea (gastatzea) zela. Ez antolakuntza mailan edo kirol mailan hobetzea. Urteak pasa dira, derrigorturiko ezkontza hura dibortzioan amaitu da, baina gainbeheran jarraitzen du gure lasterketak. Garapenak axola balio Jaurlaritzari, gehiago gainbegiratuko luke antolakuntza eta bere sosak nora bideratzen diren; baina bost axola zaio, azkenaldian irudi penagarria eman baitu Itzuliak hainbat arlotan. Ez da nire inpresioa soilik, horren adierazgarri adibidez iaz nazioarteko txirrindularitza kazetarien elkarteak idatzi zuen txosten hau. Eta 2017an gauzek oraindik okerrera egin dutelakoan nago, bai komunikazio arloan, bai etapen ibilbideei dagokienez, adibidez. Tropelan ere hartu ditugu erabaki batzuk horren inguruan.

Taldeetara itzuliz, proiektu bateratu batek behetik piramide antolatu bat izango lukeela aipatu izan ohi da. Baina zoritxarrez Euskaltel-Euskadiren garai onenetan ere piramideak funtzionatu ez zuelakoan nago. Piramidea baino, eredu horren bertikaltasuna ikusi genuen. Bere kontinental propioa eta azpian bere amateurra. Eta gazte denek han sartu nahi, piramidearen, hots, gainontzeko taldeen kalterako. Beste zehar kalte batzuk ere ekarri zituen egoera horrek, baina ez dugu sakonduko orain. Adibide honekin proiektu bateratu batek derrigorrez edo automatikoki ez dituela onurak beheko mailatara ekarriko azaldu nahi nuen. Ikusi genuen Euskaltel-Euskadi joatean, harrobiaren egoera sortu zenean baino askoz okerragoa zela. Ez dut horrekin errua talde profesional horrena izan zenik esan nahi, 2 hamarkadetan asko aldatu delako kirol amateurra eta ulergarria izan daitekeelako gazteen gainbehera, bai kopuru bai kalitatean, baina eredu bateratu eta piramidalak onurak besterik ez dituela ekartzen defendatzen dutenekin ez nago batere ados.

Baina dirudienez, duela egun batzuk aipatzen nuenez, bai Eusko Jaurlaritzak bai Murias taldeko zein Euskadi Fundazioko arduradunek eredu hori dute buruan. Jon Redondoren adierazpenez hitz egin genuen, gaur ezagutu dugu Euskadi Fundazioak datorren urtean erabiliko duen maillota eta koloreak berak ere eredu zaharrera garamatza etorkizunera begiratu beharrean. Murias antzeratsu, hasiera-hasieratik Jon Odriozola izan baita han eta hemen Euskaltel-Euskadiren oinordekoak beraiek direla aldarrikatu duena. Sortu ziren momentutik ia ez du bestelako diskurtso publikorik izan, elkarrizketa hau adibide. Eta Mikel Landaren lemapean, Euskadi Fundazioak ere bide bera hartu duela dirudi. Horren adierazgarri Euskaltelen laranja kolorera itzuli izana. Vintage maillotak modan daude bai, baina ez dira joan Kas edo beste garai bateko irudi baten bila. Nire ustez, zaleei begirako keinu argi bat da “aizue, gu gara Euskaltel sendo hura” esanez.

Aipagarria baita, nola eman den jakitera maillot berria. Nik Whatsappeko talde batean jaso dut argazkia, ondoren Joseba Belokik bere Instagramean jarri duela ikusi dut, eta segituan, han eta hemen sare sozial ezberdinetan zabaldu da. Baina ez dut ezer ofizialik ikusi ez Fundazioaren beraren sare sozialetan, ez Etxeondo arropa egilearen kontutan ere. Filtrazio bat dirudi beraz*. Agian maillota benetakoa ez izatea ere gerta liteke, baina egiazkoa dela dirudi, dagoeneko Euskadi Fundazioak logo edo tipografia berri hori baitu erakusgai bere Instagram kontuan. Eta horrela bada, akats handia da komunikazioaren ikuspuntutik. Kolorea gustuko izan ala ez, aldaketa ondo komunikatzeko aukera ez dute behar bezala baliatu eta kontrolatu. Beste behin ere, Itzulian bezala, euskal txirrindularitza eta komunikazioaren kudeaketa ez direla oso ondo eramaten dirudi. Badago zer hobetua.

*zuzenketa: filtrazioa baino, Ciclismo a Fondori Joseba Belokiren bidez emaniko esklusiba dirudi. Dena den, ez agertu den modua, Joseba Belokiren kontu pertsonalaren bidez, ez medio horri emaniko lehentasuna, ezta momentua ere, ez zaizkit informazioaren kudeaketa batere egokia iruditzen eta ez du aldatzen aurretik idatzirikoaren zentzua.