Iritsi da ziklo-kros denboraldiaren urteko gailurra. Asteburu honetan, Herbehereetako Valkenburg herrian lehiatuko dira munduko onenak ortzadar maillotaren bila. Ezaguna egingo zaizue seguraski Limburg eskualdean dagoen herri honen izena. Bertan lehiatzen da Amstel Gold Race, bertan antolatu zuten errepideko Munduko Txapelketa 2012an (Philippe Gilbert izan genuen munduko txapeldun) eta Cauberg muinoagatik ezaguna den paraje hauetako belardietan ospatuko da aurtengoan ziklo-kros mundiala ere.

Eta aurtengoan izen bat guztien gainetik, Mathieu van der Poel. Denboraldi ikaragarria egin du, errekorrak lehertuz eta bera da hautagai nagusia. 7 Munduko Kopako proba poltsikoratu ditu, Europako eta Herbehereetako txapelketak eta guztira 26 lasterketa irabazita daramatza aurtengo denboraldian. Bai, ongi irakurri duzue, 26 lasterketa irailean lehiatzen eta irabazten hasi zenetik. Aurre egin diezaiokeen bakarra azken bi urtetako munduko txapeldun Wout van Aert belgikarra da, azken Munduko Kopako frogan erakutsi zuenez hain urruti ere ez baitabil. Baina kosta behar zaio oraindik 23 urte bete berriak dituen van der Poel gazteari aurrea hartzen.

Emakumezkoetan, aldiz, askoz lehia irekiagoa ikusiko dugu. Faborito nagusia, baina Sanne Cant dugu, Munduko Kopako garailea eta iaz Bielesen lortutako garaipenaren ondoren denboraldi osoan ortzadar maillota luzitu duen belgikarra.

Euskaldunei dagokienez, lau izango ditugu irteeran. Elite gizonezkoetan Aitor Hernandez eta Javier Ruiz de Larrinaga. Emakumezko eliteen artean Olatz Odriozola eta 23 urtez azpikoetan Luisa Ibarrola. Beraien inguruko erreportaia polita utzi digute gaur Berrian, ez gara luzatuko beraz.

Honakoa da asteburuko programa:

Larunbata

11:00  Junior gizonezkoak
13:00  23 urtez azpiko emakumezkoak
15:00  Elite emakumezkoak

Igandea

11:00 23 urtez azpiko gizonezkoak
15:00 Elite gizonezkoak