Astelehenean proposamen orokor batzuk egin genituen euskal administrazioei begira. Baina erabat okerra iruditzen zait lupa haiengan bakarrik jartzea. Are gehiago, euskal txirrindularitzan, onerako edo txarrerako, gertatu(ko) denaren ardura nagusia kirol horretan lanean diharduten eragileena da. Hausnarketa hauetan txirrindularitza profesionalaz dihardugunez, haiei zuzenduko nizkieke proposamen hauek. Esan beharrik ez, aurreko postak irakurri badituzue, begi-bistakoa dela Euskadi-Murias edo berriro profesionalizatzeko bidean den Euskadi Fundazioa ditudala batik bat buruan, baina hauetariko gomendio gehienak edozein talde profesionalei edo profesional bihurtzeko asmoa dutenei baliagarriak izan dakizkie.

Estrategia landu, bakar eta desberdin baten garapena. Arrakasta izan nahi duenak helburu zehatzak behar ditu eta epe jakinetan. Noski alda daitezkeela eta denborarekin moldatu ala eguneratu, baina estrategiarik gabe diharduten taldeek, futbolean esan ohi den bezala “partido a partido” doazenek, urtero duten diruaren arabera eta “zenbat eta azkarrago eta gorago hobe” filosofiekin dabiltzanek ez dute oso ondo amaitzen. Estrategiak jasangarria behar du epe luzera. Eta desberdintzera jo behar du taldeak, ordura ikusi gabeko, jorratu gabeko ala dauden hutsuneak betetzeko lanak eginez bada hobe. Adibide batzuekin azaltzen saiatuko naiz:

Vaughteurs erdipurdiko txirrindularia zen. Zuzendari bezala baina, bide luze eta polita egiten ari da hainbat babesle pasa diren Slipstream egituran. Gorabeherak gorabehera (azkenak aurten, desagertzeko arriskuan ziruditen) lan egiteko era bat mantendu du hasieratik. Egongo da esaten dutenaren eta egiaren artean alde handia dagoela dioenik, baliteke hala izatea, baina berak beti argi izan ditu hainbat puntu: dopinaren aurkako balio etikoak, EEBBtan oinarri duen taldea baina mundu guztiko txirrindulariekin, soldata erlatiboki baxuak gazte askori aukerak emanez, esperientzia duen beste batzuei bigarren aukerak ematen dizkien bitartean etab. Gauzak egiteko beste era bat. Punta puntako helburu eta emaitzarik gabe, baina txukun beti. Alboan du hasieratik Doug Ellis inbertsore aberatsa, baina poltsikoak diruz beterik txirrindularitzara hurbiltzen diren aberats kapritxo zale guztien oso desberdin jardun du: itzalean eta bere taldea munduko onena izateko asmorik gabe. Oleg Tinkov-en justu aurkakoa. Egoa alde batera utzita.

Estrategia desberdin eta denboran jarraiak dituzten beste bi talde arrakastatsu Quick Step eta Sport Vlaanderen izan daitezke. Geografikoki oso hurbileko taldeak baina helburuei dagokienez oso desberdinak eta era berean osagarriak. Lehena, munduko talde indartsuenetako bat da, baina hala ere, argi izan dute beti itzuli handietako sailkapen orokorrei uko egingo zietela. Eta horrela dihardute, lehentasuna klasikoei eta itzuli handietako etapei emanez. Sport Vlaanderen aldiz, 1994an sortua, hemen hitzegiten ari garen euskal talde batekin antzekotasun gehienak izan ditzakeen taldea da. Diru publikoz hornitua gainera, babesle nagusia Flandriako gobernua baitu. Baina inoiz ez ditu ez World Tourra ez itzuli handiak amets izan. Beti mantendu da profesionaletako 2. maila horretan, eroso. Hori desberdintasun handiena hemengoekin, dirudienez denek goi maila dute amets. Sortu aurretik jada Frantziako Tourra izan dute beti buruan euskal talderen bat bultzatu dutenek. Han gazteei aukerak ematea nahiago dute. Aurten adibidez, 22 txirrindularitatik 11 neoak izan dira. Eta hor doaz, ideiak argi, datorren urtean 25 urte betetzera.

Beste adibide bat, Axel Merckx-en Axeon taldea izan daiteke. Sport Vlaanderenek harrobia jorratzen du, baina txirrindulari denak etxekoak ditu. Axeon aldiz, mundu guztiko gazte onenak elkartzeko helburuarekin sortutako taldea da. 23 urtez azpiko txirrindulariak bakarrik onartzen ditu, hori bai munduko talentu gazteen bilgune da eta sortu zen 2009 urtetik hona, kontinental mailan lehiatu du. Datorren urtean emango du profesional kontinental mailara saltoa, bada estrategia aldaketa esanguratsua, baina eboluzioa dela esan liteke. Ez dira zoratu, 23 urtez azpiko txirrindulariekin lanean jarraituko dute, egutegi hobea eskainiz. Badakite gainera, urtero bezala, World Tour talde onenak joango zaizkiela mordoxka bat txirrindulari fitxatzera. Baina hori dute helburua azken finean, munduko garapen talde onena izaten jarraitzea, 23 urtez azpiko munduko gazte onenak batzen dituen taldea. Ez da gutxi.

Hemen beraz, aukerak egon litezke talde bat edo gehiagorentzat, baina estrategia argi badute eta norbera bere helburu zehatz eta besteekiko desberdinen atzetik badoa. Hor dago gakoa. Oraingoz baina, azaldu dutenaren arabera, estrategia bera dute, post hauetan “pentsamendu bakarra” bezala definitu duguna. Berria ez dena, Euskaltel-Euskadi 2.0: “gure” taldea izatea, euskal txirrindulariz osaturiko taldea Frantziako Tourrean egotea, harrobia lantzea, gure herriaren izena zabaltzea, euskal txirrindulari onenak bertan izatea eta gainera laguntza publikoa izatea…Parametro horietan diharduten bitartean beraz, hegemonia lehia seguru dugu, beraiek aitortu ez arren. Arrakasta, urrutiago.

Estrategia argi edukitzeaz gai, taldeek txirrindularientzat garapen pertsonal eta profesionalerako plataformak bihurtu behar lukete. Sky edo BMC baten antzeko helburuak ez badituzte behintzat, eta dirua barra-barra, soldatak izango dira taldea epe luzera mantentzeko traba nagusia. Helburuen artean harrobia badago, soldata handienak eskaini gabe puntako txirrindulari gazteak erakartzeko pizgarriak landu behar dituzte. Materiala, ondo entrenatzeko erraztasunak, arlo desberdinetako profesionalez osatutako talde tekniko baten babesa, komunikazio ikuspuntutik euren marka pertsonalak sustatzeko aukerak, babesle teknikoekin produktuen garapenean parte hartzeko aukera, etxetik kanpo bizitzeko erraztasunak, bidaietan erosotasuna, ikasketekin bateratzeko aukerak etab. Talde erakargarriak bihurtu behar dute, soldata alde batera utzita. Baina horretarako ere medio asko bideratu behar dira. Epe luzera baina, hobe da dirua horrelako egitura bat sortzera bideratzea 2 urtetan joango den izar bat fitxatzera baino. Hastapenetan, lehentasuna talde teknikoa (zentzu zabalean) eta egitura indartzeak behar luke.

Bazkide eta jarraitzaleekiko harremanak eguneratu. Euskadi Fundazioa aitzindari izan zen horretan, baina urteak pasa ahala bere bazkide kopurua eta haiekiko zuen harremana gainbehera joan zen. Euskadi-Muriasek ere badu estrategia laguntzaileak proiektura batzeko. Txalotzeko ekimenak biak, baina aurrera begira eskaintzen dituzten zerbitzuak eta haiengana hurbiltzeko moduak garai berrietara moldatu beharko dituzte. Sinplifikaturiko adibide bat jartzearren, karnet bat eta urtean 2 aldizkari jasotzearen truke dirua ematea baino erakargarriagoa izan daiteke ekitaldi esklusiboen antolaketa, eduki bereziak dituen app bat edo erabakietan parte-hartzea aktiboagoa. Badaude esperientzia batzuk beste zenbait taldetan, inork lortu ez badu ere benetan zaleen aktibazio hori.

Taldeek enpresei eman ahal dakizkieken zerbitzuetan ere sakondu behar lukete. Ikusi ditugu adibidez, Muriasek sortu dituen paketeak enpresei begira eta martxan jarri dituen ekimen zenbait, baina gaur egun, diru bat eskatzea soilik izen edo irudi bat zabaltzearen truke ez da nahikoa. Babesle nagusietatik hasita, beren izena ikus dadin interesik ere ez duten enpresetara, taldeek aukera desberdinak eskaini beharko lizkieke. Marketing edo publizitatea da beti buruan izaten dena, baina sakondu beharko litzateke produktu garapenean, harreman publikoetan eta ekimen bateratuetan. Edo ekitaldien antolakuntzan. Gaur egun, esperientziak saltzen dira eta esperientziek saltzen dituzte produktuak. Hau ere adibide batzuekin azalduko dut:

Taldeek, duten oihartzuna eta jarraitzaile kopurua kontutan izanda, ekitaldi arrakastatsuak antola litzakete. Lasterketen jarraipena eta txirrindularitzara hurbiltzen den haur eta gazte kopurua beherantz egon daiteke, baina zikloturismoak izan duen booma ukaezina da. Ekitaldi handi eta irekiak izan litezke, babesle teknikoei ere beste erakusleiho bat eskainiz edo ekitaldi txiki pribatuak: entrenamendu pribatu bat enpresa laguntzaile bateko dozena bat lagunekin, bizikleta irteera esklusibo bat enpresa desberdinetako buruentzat. Ekitaldiak gainera, monetizatzen errazak izan daitezke eta taldearen finantziazio iturri bihurtu. Lasterketen bueltan ere harreman publikoetarako guneak sortu/aprobetxatu litzakete. Autoetan gonbidatuak eramatea kontu zaharra da, baina sakondu liteke horrelakoetan ere. Dena den, egia da, taldeek baino, lasterketen antolatzaileek dituzte hor irabaztekoak. Ez alferrik, ASO edo Flanders Classics erakundeek aspaldi eskaintzen dituzte zerbitzu ugari, neurri guztietako enpresentzat edo partikularrentzat. Paris Roubaix edo Flandriako itzulian adibidez, ikusgarria da hau nola lantzen duten, San Mamesen Vip area lantzen duten bezalaxe.

Enpresei dagokienez, polita da etxekoekin lan egitea, baina helburua mundu mailakoa bada (zer da ba bestela Frantziako Tourra?) zerbitzuak ere mundu osoko enpresei emateko bideak aztertu beharko lituzkete. Eta zerbitzu nagusia noski, babesle nagusi izateko aukera da: taldearen title sponsor bihurtzea. Lakuako atea jotzen errazena izan daiteke, baina balizko babesle indartsu gehienak kanpoan daude. Eta hemen dator lehen nahita aipatu ere egin ez dugun kontu bat. Nazioartekotzea beharrezkoa da. Arlo guztietan. Jasangarritasunaren ikuspuntutik ez du zentzu gehiegi euskal txirrindulariak bakarrik izango dituen talde bat bultzatzeak. Errealistak izan gaitezen. Talde hobea eta merkeagoa genuke atzerritarrei ateak zabalduta. Eztabaida kopuruak edo fitxaketen ezaugarriek behar lukete, ez atzerritarrak bai ala ez. Dena den, Jon Odriozola berari hainbatetan entzun arren euskal txirrindulariek osaturiko talde bat Tourrean duela helburu, 2018rako dagoeneko frantziar bat fitxatu du. Badirudi beraz, malgutzen doazela jarrerak. Berdin zaleei dagokienez ere. Hobe mundu osoko zaleak erakarri ditzakeen plan bat garatzea, hemengo zaleak maiteminduko dituen ezaugarriak lantzea baino.

Gaur egungo txirrindularitzak ez du zerikusirik Euskadi fundazioa jaio zeneko garaiekin. Ia 25 urte pasa dira eta txirrindularitza asko globalizatu da. Elitea gero eta klub itxiagoa da eta gero eta hesi altuagoak daude bertan sartzeko. Benetan nahi badugu talde bat goi mailan, ez da nahikoa hemengo talde onena izatearekin. Ez du ezertarako balio hegemonia lehia irabazteak. Benetako lehia gogorragoa da eta horretarako, hobe gutxiago begiratu talde herrikideei eta gehiago kanpoko eta benetako etsaiei.