Euskal Txirrindularitzaren pentsamendu bakarra (3). Ikuspuntua zabaltzeko proposamenak administrazio publikoari

Luze jardun gara euskal zale eta baita kirol agintarien artean sumatzen dudan ideia falta eta pentsamendu bakarraz. Eta Euskaltel-Euskadiren nostalgiaz. Baina jarri gaitezen aurrera begira. Ondorengo lerroetan proposamen batzuk egiten saiatuko naiz, txirrindularitza profesionalak jorratu ahal litzakeen hainbat lan ildoz eta baita administrazio publikoek finantzatu ahal lituzketen zenbait arloz, elkarrekin epe ertainera euskal txirrindularitza bere osotasunean, baita profesionala ere, indartu ahal lezaketenak.

Administrazioari proposamenak:

1. Laguntza baldintzatuak. Pasa dira txeke zuriak banatzeko garaiak. Txeke zuriak ziren Euskaltel-Euskadik jasotzen zituenak (bide batez, Euskaltel enpresa pribatuaren babesletza %50an subentzionatuz) eta txeke zuriak dira EHko Itzuliak jasotzen dituenak ere. Izateagatik soilik edo maila batean egoteagatik diru bat jasotzen dute eta kito. Ez emaitzen, ez duten eraginaren edo egindako lanaren arabera. Baldintza zorrotzagoen aldekoa naiz. Ez da kantitate kontua, ez dut nik administrazio publikoaren ekarpena gutxitzea defendatzen, kontrakoa esango nuke, baina beti ere baldintza batzuei loturik, ez ezeren truke. Arlo ezberdinetan duten eraginaren araberakoak eta kudeaketa ona, zein epe ertain/luzera begira egindako lana saritzen duten laguntzak behar lukete. Continue reading “Euskal Txirrindularitzaren pentsamendu bakarra (3). Ikuspuntua zabaltzeko proposamenak administrazio publikoari”

Azkena izan dadila

Hotzikara bat sentitu nuen igande eguerdian. Iñaki Lejarreta kotxe batek kolpatuta hil zela jakitean, bere lekuan ni egon nintekeela pentsatu nuen, beste askok bezala. Pentsamendu berekoi samarra, baina nik behintzat honelakoren bat gertatzen denero sentitzen dudana. Egoeraren berotasunean, haserre, askok salatu genuen hilketatzat gertaturikoa. Sare sozialetan ohartarazi zidaten gehiegizkoa dela hilketatzat jotzea honelako “istripu” bat. Neurri handi batean arrazoi dutela aitortu beharrean nago, horretarako informazio nahikoa ez baikenuen. Horregatik inor mindua sentitu bazen, nire barkamenak bihoazkio lerro hauen bidez.

Dena den, bai egun bertako erreakzioek bai ondorengo egunetan irakurri/entzun ditudanek gogoeta egitera eraman naute. Ez zait batere bidezkoa iruditzen, ez kasu honetan, ez beste hainbatetan ere “istripu” hauei ematen zaien tratamentua. Ez baitira istripuak.

Continue reading “Azkena izan dadila”

Euskal Herriko Zikloturista Itzulia

Iratiko TourraESAITek eta SAMek (Sport Athlétique Mauleonais) antolatuta, datorren uztailaren 5ean, LEHEN IRATIKO TOURRA, Euskal Herriko zikloturista itzulia korrituko da. Mauletik Maulera izango da, eta bi ibilbide izango ditu: 64 km eta 120km.

Kasik Zuberoa osoa zeharkatuko du, eta Nafarroa Beherearen zati bat. Ibilbide laburra ez da gogorra eta Oskaxe mendatea igoko da. Luzea, aldiz, gogorragoa da, eta Bagargi mendatea (kronometratua), Burdinkurutzeta (atzeko aldetik) eta Oskaxe igoko dira.

Ibilbideak, IRATIKO paraje ikusgarriak ikusteko aukera ematen du, eta baita lasai ibiltzeko aukera ere, oso trafiko gutxi izaten baita.

Bi ibilbideakEuskal Herriko talde zikloturista eta zale guztiak gonbidatuak zaudete.

Informazio gehiago: Iratiko Tourra | Esait | san-mauleon.com