Luze jardun gara euskal zale eta baita kirol agintarien artean sumatzen dudan ideia falta eta pentsamendu bakarraz. Eta Euskaltel-Euskadiren nostalgiaz. Baina jarri gaitezen aurrera begira. Ondorengo lerroetan proposamen batzuk egiten saiatuko naiz, txirrindularitza profesionalak jorratu ahal litzakeen hainbat lan ildoz eta baita administrazio publikoek finantzatu ahal lituzketen zenbait arloz, elkarrekin epe ertainera euskal txirrindularitza bere osotasunean, baita profesionala ere, indartu ahal lezaketenak.

Administrazioari proposamenak:

1. Laguntza baldintzatuak. Pasa dira txeke zuriak banatzeko garaiak. Txeke zuriak ziren Euskaltel-Euskadik jasotzen zituenak (bide batez, Euskaltel enpresa pribatuaren babesletza %50an subentzionatuz) eta txeke zuriak dira EHko Itzuliak jasotzen dituenak ere. Izateagatik soilik edo maila batean egoteagatik diru bat jasotzen dute eta kito. Ez emaitzen, ez duten eraginaren edo egindako lanaren arabera. Baldintza zorrotzagoen aldekoa naiz. Ez da kantitate kontua, ez dut nik administrazio publikoaren ekarpena gutxitzea defendatzen, kontrakoa esango nuke, baina beti ere baldintza batzuei loturik, ez ezeren truke. Arlo ezberdinetan duten eraginaren araberakoak eta kudeaketa ona, zein epe ertain/luzera begira egindako lana saritzen duten laguntzak behar lukete.

2. Kudeaketa zuzena. Serioski nahi bada nazio branding-a egin, Tourrean euskal talde bateratu bat eduki etab., ez dabil hain oker Jon Redondo Cofidis eredu bezala aipatzean. Ereduari egin nahi bazion aipamena noski, eta ez bazuen soilik Tourra korritzen duen talde “merke” bat jarri nahi izan adibide bezala, WT kanpokoa. Zeren Cofidis eredu balu, Jaurlaritzaren jabegokoa litzatekeen talde bat bultzatu beharko lukete; eta ez talde, fundazio edo enpresa pribatu bat diruz lagundu. Cofidisek halaxe egin izan du, berea du taldea. Agian disparatea irudituko zaizue, baina hain estrategikoa bada talde bat izatea herrigintzaren ikuspuntutik eta kirolaren garapenari dagokionez, agian kontutan hartzeko aukera behar luke.

Kultura eta Hizkuntza Politika sailaren menpe dago, adibidez, Euskadiko Orkestra Sinfonikoa (EOS). Orkestra profesional bat, S.A. forma duena eta guztiz publikoa. Ez aipatzearren, Gazte Orkestra etab . 7 milioi euro pasatxoko ekarpena egin dio 2017an bakarrik Eusko Jaurlaritzak EOS-i. Alderatzearren, Kirol zuzendaritza osoaren aurrekontua ez da 9 milioietara iritsi. Eta ia inork ez du hitz egiten “orkestra bateratu” baten beharraz ere, txirrindularitzan bezala. Zeren Bilboko Orkestra Sinfonikoa (BOS) beste 7 milioi eurorekin ere diruz laguntzen du Bizkaiako administrazio publikoak urtero…

Ez dugu ahaztu behar ere Basque Team Fundazio publikoa sortu zuela bere garaian Jaurlaritzak eta uneotan 1.250.000 inguruko ekarpena jasotzen duela urtero. Zergatik ez zabaldu horrelako fundazio bat helburu hauetara hala behar balitz?

3. Turismo sailarekin sinergiak. Txirrindularitzari lotutako lurraldearen marketing-a sustatu. Txirrindularitzak, Turismo sailetik ia ekarpenik jaso gabe, beste ekimen ugarik baino askoz hobeto kokatu du Euskal Herria munduan. Eta “nahi gabe”. Hau da, ez da egon estrategia publikorik. Aurten adibidez, EAE (Basquetour) lehenengo aldiz egon da Unibike bezalako feria profesional batean, non Espainiako ia beste autonomia gehienak aspaldi dabiltzan beren eskualdeak zikloturismoari loturik sustatzen. Baina egiari zor, oso pobrea da oraindik hemengo eskaintza.  Ez estrategiarik, ezta apenas inbertsiorik ere lurraldea txirrindularitzari loturik “saltzeko”. Eta aitzakiek ez dute balio (hemengo eguraldia, errepideak, lurralde menditsua garela…). Horrelakoak entzun ditut, hau ez dela Mallorca edo Mediterraneoa esanez. Hori diotenek iparraldera begiratu beharko lukete. Begira dezatela adibidez Flandriako gobernuak egiten duen lan bikaina eta emaitza hobeak.

Zer lotura duen guzti honek kirol talde batekin?

a) Gobernuak ekarpenik egitekotan kirol sailak egin behar duela asumitu izan ohi da. Zergatik?

b) Hala eginda ere, eragina biderkatu egingo litzateke beste sail batzuek estrategia paralelo bat balute bizikletaren inguruan. Turismoa da adibide bat, ondoren azalduko dugun industria beste bat.

4. Industria sailarekin sinergiak. Euskal bizikleta cluster baten garapena edo bizikleta industriari lotutako laguntzak bultzatzea izan daitezke 2 aukera. Handia da gure lurraldean pilatzen den bizikleta fabrika, arropa tekniko egile eta bizikletekin lotutako produktuen banatzaile kopurua. Lanpostu asko dira eta marka asko gainera oso ondo kokatuak daude nazioartean, hazten jarraitzeko aukerekin gorantz doan merkatu batean. Etorkizuna bizikletena da eta horien eskutik doaz ehungintza edo bizikleta osagarri eta pieza egileak. Zer esanik ez txirrindularitzaren inguruko zerbitzu enpresek izan dezaketen garapena (bidaia edo ekitaldi antolatzaileetatik hasita, kirol mediku, fisio, biomekanika, laborategi edo ordezkaritza enpresak etab. luze bat). Lanpostu asko. Eliteko talde eta txirrindulariak hurbil edukitzearen abantailekin. Markek irabaziko dute lurraldearen garapenetik, herrialdeak marken garapenetik. Zergatik ez bultzatu ere ikerketa edo berrikuntza guneren bat honen inguruan?

5. Azpiegituretan inbertsioak. Egunotan botatzen dabiltza Zallako belodromoa. Bizkaia eta Araban ez dago belodromo estalirik. Bilbo autobidez inguratu dute eta askotan balentria da bizikletekin Bilbo Handitik edo beste hirigune batzuetatik irtetea. Harrobia landu nahi bada (lehentasuna mugikortasuna izanda ere), bizikletentzat azpiegituretan inbertitzea behar beharrezkoa da. Begira dezagun Europa erdialdera. Nago, futbol estadioak baino gehiago lagundu dituztela han bidegorri edo belodromoak bezalako azpiegiturak. Gure txirrindulariak goi mailara iristeko beste “Euskaltel” bat behar dutela entzun dut maiz. Ez ote da errazagoa gure haur eta gazteak goi mailara iristea txikitatik belodromo, BMX edo ziklokros zirkuitu finko, bidegorri edo errepide seguruak eskura badituzte?

6. Beheko mailen sustapena eta eskolekin koordinazioa. Futbolak monopolizatu ditu gure eskolak (gizartearen ispilu, bestalde). Eta gutxi dira eskoletara iristen diren klub edo txirrindularitza eskolak. Handia da azken hauek egiten duten hezkuntza lana, baina hezkuntza zentro eta sektoretik urrun daude. Federazioen inplikazioa edo norbaiten lidergoa beharrezkoa da horretarako. Bere garaian bertsolaritzak egin bezala, bizikletek muturra sartu behar dute eskoletan. Besterik ez bada helduak direnean haur horiek bizikletaz mugitzeko hiri eta herrietan, jostailu bat baino ibilgailu bat bezala ikus dezaten bizikleta. Ez guraso askok transmititzen duten bezala tresna arriskutsu bat. Zeharka, kirola ere sustatuko litzateke. Nire inpresioa da gaur egun txirrindularitza eskoletan dabiltzan haurren gehiengoa gurasook sartu ditugula. Gainontzeko haurrek ez dute aukerarik kirol hau ezagutu edo probatzeko, beste hainbat kirol bezala ez zaielako eskaintzen eskolan bertan, eskola orduz kanpoko jarduera bezala. Federazioek hartu beharko lukete horrelako jarduera baten lidergoa, baina talde edo beste erakunderen batek ere hartu lezake. Dena dela, administrazioen babesa derrigor beharko lukete.

Eusko Jaurlaritzak euskal txirrindularitza gehiago lagundu beharko lukeela esaten da. Diruz. Ados nago, baina horretarako bide asko daude eta segur aski, epe ertain edo luzera errentagarriagoak dira aipatutako gehienak talde profesional bat besterik gabe diruz laguntzea baino. Eta guzti hau aplikagarria izan daiteke Nafarroako Gobernuarentzat ere, aurrekoan esaten nuen bezala, euskal txirrindularitzaz hizketan beti ahazten baitzaigu Nafarroa (zer esanik ez iparraldea) euskal “erditarroi”. Baina hau ez da administrazioen kontua soilik. Euskal txirrindularitza profesionalean eragin nahian dabiltzanek ere (aipagai izan genituen Euskadi Fundazioaren edo Muriasen proiektuek ere) badituzte zereginak. Hurrengorako uzten ditugu haientzat proposamenak.