Igor Gonzalez de Galdeanori, agur

Euskaltel-Euskadi taldearen zuzendaritza utziko du denboraldiaren bukaeran.

Talde laranjan sei urte eman eta gero, “arrazoi pertsonalengatik” utziko du lana. Galdeanoren hitzak jaso ditu Euskaltel-Euskadiren webguneak; bere bizitzari “beste norabide bat” eman nahi omen dio aurrerantzean. Gasteiztarrak gaineratu duenez, erabaki zaila izan da, Miguel Madariaga Euskadi fundazioko presidentearekin duen harremana oso estua delako, alegia esparru profesionaletik haratago doalako. Ez du argitu, ordea, ziklismoa utzi behar duen behin betiko ala beste talde batean ariko den.

Galdeanoren zuzendaritza pean, Euskaltel Euskadik Tourrean bi etapa irabazi ditu –Mikel Astarlozak 2009an eta Sanchezek aurten- eta joan den uztailean podiumera igo zen Sanchez, mendiko sailkapenaren buru. Espainiako Itzulian dir-dir egin du urte batean baino gehiagotan, bereziki Igor Antonen etapa garaipenei esker –ezin ahaztu Mikel Nieverena joan den urtean Cotobellon-. Aurten, lehenengo aldiz erdietsi du talde laranjak hiru itzuli handietan etapak irabaztea: Igor Antonek eta Mikel Nievek etapa bana irabazi zuten Giroan, Sanchez Tourrean gailendu zen eta Anton Espainiako Vueltan nagusitu zen, Bilboko etapa gogoangarrian. Bitxia da, baina akaso Euskaltelen inoizko denboraldirik onena bukatzear dela etetea deliberatu du Galdeanok. Sei urtean, jakina une txarretarako tartea ere bada; txarrenak, beharbada, Mikel Astarlozak positibo eman zuenekoa eta iaz Igor Antonek Espainiako Vuelta utzi behar izan zuen eguna lider zela. Taldera iritsi berritan Julian Gorospe orduko zuzendariari eta Iban Mayori kontratua ez berritzeko erabakia ez zen oharkabe pasatu.

Miguel Madariagak ETBn azaldu duenez, Galdeanok duela bi hilabete eman zion dimisioa, “erreta” zegoela argudiatuta. Euskadi Fundazioko buruak gaineratu du aurrerantzean Gorka Gerrikagoitia izango dela taldeko zuzendari nagusia. Norbaitek, dena dela, bete beharko du Galdeanok utzitako hutsunea.

Argazkia. Tropela.net (Igor Gonzalez, Madariagarekin solasean denboraldi honetako aurkezpen ekitaldian, ondoan Gorka Gerrikagoitia dutela, Donostiako Antzoki Zaharrean)