Miguel Madariaga jubilatu egin da

Miguel MadariagaMiguel Madariagak jubilatu egingo dela esan du nahiz eta taldeari “lotuta” jarraitzekotan den. 2010erako bere kargu Igor Gonzalez de Galdeanori utziko dio eta bere anaia, orain arte Orbeako zuzendari izan dena, Euskaltel-Euskadikoa kirol zuzendaria izango da. Berarekin batera Gorka Gerrikagoitia eta Josu Larrazabal arituko dira. Hala ere webgunean ez dira aldaketa berri hauek oraindik agertzen.

Dirudienez Galdeanotarrek izango dute taldea zuzentzeko ardura. Badirudi azken urteetako lan moduak jarraipena izango duela. Segur asko azken aldaketa hauek ez dira zaletu guztien gustukoak izango. Zuk zer irizten diozu?

Txirrindularitza bai edo bai (I)

Bai edo bai, edo bai ala bai. Argi dagoena da baiezko borobila behar duela txirrindularitzak oro har, bizi duen momentu honetatik aterako bada. Eta geure esparrura mugatuz, baiezkoa behar du euskal txirrindularitzak, zalegoak datozen urteotan gorenean leihatuko diren txirrindulariak ikus ditzan.

“Euskal txirrindularitza” aipatze hutsak edonori Euskaltel-Euskadi dakarkio gogora. Kirol honen historian zehar gure herriak izen handi asko eman baditu ere, seguru asko Euskadi modura sortu zen taldeak, gerora Euskaltel-en babesa lagun bilakaera gorakorra bizi izan duena, lortu du herritarrok errepidean nolabaiteko izana identifikaturik ikustea, beti ere txirrindularitzak bere jarraitzaileengan beste kirol batzuek sortzen duten fanatismorik eragiten ez duela kontuan izanda, oro har behintzat.

Jon OdriozolaBilakaera horretan ordea, egun talde laranja denak beltzune ugari izan ditu; azken bolada honetan gertaturikoak oraindino ari dira zeresana ematen. Batetik, Jon Odriozola zuzendariaren affaire-a aipatu behar da. Oñatiarrak bi urte eman ditu Euskaltel-Euskadiren kirol egituraren lehenengo taldean zuzendari lanetan, aurrez egitura honetako bigarren taldea den Orbea-n izan ostean. Azken urteotan gazteen nondik norakoa gertutik jarraitu duen gizona izanda (taldearen filosofiari jarraiki, bestalde), eta errepidean bera kotxean zela taldeak izan duen jarrera eta emaitza positiboak kontuan hartuz, harritzeko erabakia taldearen zuzendaritzak harturikoa. Azkeneko hauen esanetan arrazoi ekonomikoak urrundu zituen bi aldeak, baina Odriozolak tartean beste arrazoi batzuk izan zirela esan zuela kontuan izanda (kirol kontuak, eta zehazkiago esateko, lana aurrera eramateko modua, aipatu zituen gipuzkoarrak) eta bai aurrekariak zein testuingurua zeintzuk diren gogora ekarriz, taldeak emandako bertsio ofizialak zalantza handiak sortarazten ditu. Continue reading “Txirrindularitza bai edo bai (I)”