Alonsoren talde berriak staff berria izango du

Asko ziren Alonsok BPCT enpresak eskuetan zuen beste 3 urtetarako lizentzia erostean egitura ere mantenduko zutelakoan langileen etorkizunaz poztu zirenak, baina gaurkoan El Periodico egunkarian argitaratu denez, hori ez da hala izango.

Oraindik ez dago garbi zer gertatuko den hurrengo urtean kontratua duten euskal txirrindulariekin. Kontraturik ez dutenak ez dute talde berrian jarraituko eta kontratuak dituztenen kasuan kaleratze akordio baketsu bat lortzea izango litzateke Alonsoren asmoa. Aldiz, ziurtatu dezakeguna da Igor Anton – “60 minutos” saioan berak baieztatu zuen – eta Samuel Sanchez – hau asturiarra izaki eta 2015 barne kontratua duenez ez da ezustekoa – talde berrian izango direla, gutxienez 2014. urteko denboraldian.

Jarraituko ez dutena Igor Gonzalez de Galdeano eta bere zuzendaritzako lantaldea izango da. Hauek guztiak kaleratuak izango dira eta zuzendaritza lan hori hartuko dutenak Kiko Garcia – ONCE taldean aritu zen txirrindularia eta egun Oakley betaurrekoen ordezkaria Europan – manager nagusi moduan eta Chechu Rubiera – Armstrongekin batera US Postal, Discovery Channel, Astana eta Radioshack taldea aritutako txirrindulari ohia – zuzendari gisa izango dira. Aipatzekoa Rubierak oraindik ez duela postu hori betetzeko beharrezko UCIren zuzendari titulua.

Egun Euskaltelen lanean dabiltzan langileak – mekanikariak, masaje-emaileak, medikuak… – ere kaleratuak izango dira eta berriak kontratatuko dituzte, salbuespenen bat izan badaiteke ere.

Hau esanda, beraz, argi dago egungo egituraren jarraikortasunak askok hasera baten uste baino lehenago izango duela amaiera.

Talde berriko txirrindulariak

Horner da talde berriak nahi duen txirrindularietako bat. Ez da ohikoa urrian 42 urte beteko dituen txirrindulari bat fitxatzea, baina Vuelta irabaz dezakeen estatubatuarrak talde berriari interesgarri zaizkion puntu kopurua emango lizkioke. El Periodicoren arabera, 1,5 eta 2 milioi arteko fitxaketa izango litzateke, Vuelta irabaztearen baitan egongo den kantitatea. Contador ere asko aipatzen den txirrindularia da. Egia esan neuk ere gero eta argiago ikusten nuen Contador talde berri honetan izango zela hurrengo urtean, baina badirudi gaitasun ekonomikoak tarteko – gogoratu Contadorrek oraindik kontratua duela Saxo-Tinkoff taldearekin – 2015erako utziko dutela Pintokoa fitxatzearen aukera.

Estatubatuarraz gain, beste 15 txirrindulari fitxatzea da proiektu berriaren asmoa. Euskaldunak fitxatuko dituzte? Zail dirudien kontua da argi adierazi baitzuen Alonsok bere prentsa oharrean nazioarte mailako talde indartsu bat nahiz zuela. Beraz, zail dago kontua gureentzat.

Babesleak

Alonsok Ferrari kotxe enpresarekin duen erlazioaz baliatuz, FIAT izango litzateke babesle horietako bat. Kontuan izan FIAT hainbat urtetan txirrindulari lasterketetako kotxe ofiziala izan zela. Berarekin batera Vodafone ere ozen entzuten den aukera da. Bizikletei dagokionez, Cervélo legoke; txirrindulari taldea desagertu ondoren bere bizikletak ezagutzera emateko aukera ona izan daiteke. Hau ikusita, Fiat-Vodafone edo Vodafone-Fiat izena eraman lezake taldeak.

Alonsoren proiektuaren aurrekontua 6 milioikoa da

6 milioi aipatzen ditu El Periodicoko artikuluak. Honek bi zalantza sortzen dizkit: edo benetan aurrekontu hori ez da egiazkoa eta informazio erratuarekin dabiltza kazetariak, edo Euskaltel kudeatu dutenak azken urte honetan gestioak oso gaizki egin dituzte. Izan ere, eta oker ez banaiz, 9 milioiko aurrekontua zuen talde laranjak 2013rako. Alonsok 6 milioirekin taldea aurrera ateratzeko gai bada norbait azalpenak eman beharrean izango litzatekeelakoan nago.

Kontu honek oraindik soka luzea ekarriko duelakoan naiz. Asteak aurrera doazen heinean informazio gehiago izango dugu izan ere urria amaitzerako Alonsok taldea prest izan beharko baitu UCIren aurrean proiektua aurkezteko.

Published by Egoitz

Tropela.net sortu genuenean interneten edukiak euskaraz izatearen garrantziaz jakitun, ezinbestean blog hau martxan jartzeari ekin genion. Martxan jarri bakarrik ez, edukiak sortzen hasi eta jarraitzea da asmoa.