Klasikoak bai…baina zein klasiko?

Paris-Roubaix

“Klasikoek geroz eta garrantzi handiagoa daukate nazioarteko egutegian”. Halaxe zioen iaz urria aldera Igor Gonzalez de Galdeanok. Hala zioen, paradoxikoki, txirrindularitzaren historian bere izena urrezko letraz idatzirik duen Fiorenzo Magni klasiko gizon handia (ez baitzuen, italiarra izanagatik, alferrik “Flandeseko Lehoia” goitizena jaso), zendu eta egun gutxira. Eta paradoxikoki diot, esaldi harexek berak txirrindularitzarentzat horren zutarri garrantzitsu den bere historiari berari, izan zuri-beltzean nahiz kolorean, nolabaiteko errespetu falta erakusten ziola iruditu zitzaidalako orduko hartan. “Klasikoak klasiko badira, urteetan zehar kirol honetan ukaezinezko garrantzia izan dutelako izango da”, pentsatu izango genuen askok; klasikoak, txirrindularitzaren erromantizismoaren ikur, bi gurpilen gaineko totem askoren jaioleku, eta zalantzarik gabe, txirrindularitza bera bere osotasunean ulertzeko ezinbesteko osagaia. Continue reading “Klasikoak bai…baina zein klasiko?”

Irizar enpresak autobus berriak emango dizkio Euskalteli [inozentada]

Hilabete hasieran Miguel Madariagaren eskutik jakin genuen nola egungo Euskaltel-Euskadi taldeak txirrindulariei ordaindu beharreko soldatak ordaintzeko zailtasunak zituen. Zehazki 857.902€ behar zituen azken bi hilabeteetako soldatak ordaintzeko. Ordainketa hauei aurre egiteko talde berriak – Basque Pro Cycling Team enpresak zuzenduko duen talde berriak – egun talde laranjak dituen ibilgailuak erostea eskatzen zuen Miguel Madariagak. Ibilgailu hauen balioa – lau autobus, kamioi bat eta roulotte bat – 938.000€ ingurukoa litzateke.

Egoera honen aurrean, eta jakinda Euskaltel berriak World Tour lizentzia 2016. urtera bitartean izango duela, Irizar konpainiari ez zaio zuzena iruditu zaharkitutako autobusak taldeak berrerabiltzea. Batez ere honek enpresaren irudian izan dezakeen eraginak arduratzen du enpresa goierritarra. Hori dela eta, egun Euskaltelek dituen 4 autobus horiek jaso eta Irizar i6 azken modeloaren 4 ez, 5 autobus emango lizkioke ordainetan Igor Gonzalez de Galdeanoren Euskaltel berriari. Arduradunen arabera era honetan beraien irudirik onena emango lukete mundu mailan eta bertako proiektu berriari bultzadatxo bat eman.

Ez da, beraz, batere berri txarra hurrengo hiru urteetan talde laranja errepideetan puntako ibilgailuekin ikusiko dugula jakitea. Honek txirrindularien deskantsuan lagunduko duelakoan naiz eta ondorioz garaipen gehiago lortzen lagun dezakeenaren ustea dut.

Argazkia: http://autobusesyautocares.blogspot.com.es

Eguneraketak: inozentada

Atzo inozentaden eguna izan zen eta nik ere nirea egin nahi izan nuen berri honekin. Inork gutxik sinistu zuelakoan nago eta espero dut barretxoren bat edo beste sortaraziko zizuela.

#74 Tropela.net podcastak: Euskaltel berria eztabaidagai

Podcast honetan Igor Gonzalez de Galdeanoren Euskaltel berriaz aritzen dira Axier Sukia (@sukigalp), Iban Perez (@piban), Hibai Martinez eta Egoitz Lizaso (@elizaso). Hona hemen eztabaidan jorratutako zenbait puntu:

Igor Gonzalez de Galdeanok lehen helburua lortu du. Gaur jakin dugu Euskaltel berriak World Tour lizentzia izango duela.
– Baina beharrezko al da World Tour lizentzia? Zeren ordainetan?
Ivan Velasco eta Amets Txurruka alboratuak izan dira. Honek Euskaltel-Euskadi taldean izandako zenbait txirrindulari ohiek eskutitz bat idaztea ekarri zuen taldearen izaera aldaketak kezkatuta.
– Euskaltel berriak fitxatutako atzerritarrek ze suposatzen dute? Zein izango da hurrengo urtean beraien papera?
– Gaia zuzen ez da eraman. Komunikazio gabezia nabarmena sumatzen dute solaskideek prozesu guzti honetan.

Elkarrizketa Igor Gonzalez de Galdeanori ETBn

Igor Gonzalez de Galdeano atzo ETBsat-eko “La entrevista” saioan izan zen. Bertan Jose Iturte kazetariak elkarrizketa egin zion batez ere Euskaltel berria izango denaren inguruan.

Garbi dago gaia pil-pilean dagoela. Kontrako jarrerak ageru izanaren arrazoiaz galdetzean Igorrek zalegoak egoera ez ondo ulertzeari egozten dio. Hala bada ardura zati handia beraiena izan dela esango nuke. Ala horrelako aldaketa egin aurretik ez zuten eztabaida sortuko zenik aurrikusi?

Elkarrizketa ikustera gonbidatzen zaituztet. Gero bakoitzak atera ditzala beraien ondorioak.

 

Igor Gonzalez de Galdeanori, agur

Euskaltel-Euskadi taldearen zuzendaritza utziko du denboraldiaren bukaeran.

Talde laranjan sei urte eman eta gero, “arrazoi pertsonalengatik” utziko du lana. Galdeanoren hitzak jaso ditu Euskaltel-Euskadiren webguneak; bere bizitzari “beste norabide bat” eman nahi omen dio aurrerantzean. Gasteiztarrak gaineratu duenez, erabaki zaila izan da, Miguel Madariaga Euskadi fundazioko presidentearekin duen harremana oso estua delako, alegia esparru profesionaletik haratago doalako. Ez du argitu, ordea, ziklismoa utzi behar duen behin betiko ala beste talde batean ariko den. Continue reading “Igor Gonzalez de Galdeanori, agur”