Euskadi. Auzolana?

Duela egun batzuk Telegramen dugun Tropela faktorea taldetxoan sortu zen galdera: zergatik Euskal Herriko talde zein lasterketen inguruan beti ditugun diru arazoak, eztabaidak, euren arteko xextra ez hain ezkutuak eta bestelako jarrera kontrajarriak.

Nik sare sozialetan denetatik irakurri dut. Honetan ere teoria konspiranoiko asko, errudunak izen-abizenekin jarriz, pertsona, enpresa zein erakunde. Funtsean baina, arazo desberdinak ikusten ditut nik gaiaren inguruan eta ez dut jende askok bezain argi nor diren errudun edo erantzule nagusiak. Hona hemen eragin handia duten zenbait faktore, ez bakarrak, baina gutxitan aipatzen direnak:

1) Alde batetik, babesletzak askotan profesionaltasun gabe kudeatu izan dira hemen. Txirrindularitzan behintzat bai, baina nago beste zenbait arlotan ere horrela dela. Enpresek dirua jarri dute ez errentagarritasun helburu zehatzekin, fabore bat egiteko baizik, ondo geratzeko edo arrazoi emotiboak tarteko, eta ez erabaki arrazionalengatik. Babesletza horietan ez da marketin ildorik lantzen, ezta beraren inpakturik neurtzen beharrezko neurri zuzentzaileak hartzeko. Bihotzaz, intuizioz, datuei garrantzirik eman gabe. Eta garaiotan, zifrak handitzen diren heinean, hori arazo bat da. Batzuetan klientelismo hutsa ere izan da, beste batzuetan harreman publikoen barne koka genezakeen inbertsio neurgaitza. Akaso hemengo kultura enpresariala da, herrialde anglosaxoi edo Europako beste zenbait lekuekin alderatuz desberdina. Bai, han ere badaude Tinkov, Andy Rihs eta halakoak, baina ez dira guztiak. Logika ere badu horrela izatea Euskal Herrian: produktu industrialak garatzen dituzten enpresek gehiago bilatzen dituztelako harreman publikoetarako espazioak sortzea babesletzekin (administrazio publiko zein beste enpresekin harremanak limurtzeko), kontsumitzaileei zuzentzen diren enpresek baino, zeinek azken erabiltzaileari bideraturiko marketin estrategiak gehiago darabiltzaten. Azken hauek, gainera, epe labur edo ertainera askoz ere neurgarriagoak dira.

2) Epe luzera, administrazio publikoek txirrindularitza profesionala lagundu izana ere lasta bihurtu da. Hau da, behin horrelako laguntza emanda askok pentsatzen dute eskubidea dutela Jaurlaritzarengandik laguntza zuzena jasotzekoa, ordain gisara edo (bost axola proiektua bera, lan ona egiten duten ala ez: batek Emakumeen Bira delako, besteak Itzulia, edo besteak Euskadi ala Basque Country). Ez da fiskalizazio egokirik egin administrazioen partetik. Ez dut diruaren erabilera irregularrik eman denik esan nahi, ez baitakit, baina baldintzarik gabe eman izan da dirua sarritan. Tropelan ongi ezagutzen dugun adibide bat erabiliz, Jaurlaritzak adibidez ez dio hizkuntza erabileraren inguruko gutxiengorik eskatzen lasterketa antolatzaileei. Antolatzaileek ere ez dute Jaurlaritzari ere beren inbertsioen eraginaren berririk eman beharrik ere. Lau datu orokor agian bai, baina Jaurlaritzak ere ez die exijitzen taxuzko txostenik lasterketen eraginaren inguruan. Zer ekarri du guzti honek? Beren lana hobetzeko pizgarri falta, amateurismo gaizki ulertua, eta administrazioekiko gehiegizko dependentzia, orain ordaintzen ari garena.

3) Eta azkenik, guk ere badugu gure ardura. Zalego mota bat ere oso kaltegarria izan daiteke. Puristak gara txirrindularitza taldeei dagokionez, ez dugu halakorik buruan beste kirolei dagokionean, Athletic-en salbuespenarekin agian. Hau da, Vaughters batek edo Lefevere batek ez dizkio mugarik jartzen babesle bilaketetan herrialdeari, zer esanik ez fitxaketetan. Hemen denak behar du “euskal”, babesletik hasi eta masajistaraino. Eta nik uste Ineos oso britainiarra dela, Deceuninck oso belgikarra eta EF oso amerikarra. Baina hemen askok herejeak ez dituzte barkatzen. Gogoratu nola Igor Gonzalez Galdeano egindako fitxaketak tarteko, nola gurutziltzatu zen askoz lehenago hartu behar zen erabaki bat aurrera eraman izanagatik. Gauza asko egingo zituen gaizki, baina hobe beharrez ongi harturiko erabaki horregatik da madarikatua. Higuitak Fundazioarentzat edo Barceló, Samitier eta abarrek Muriasentzat ere lan ona egin dute eta apenas egon da kritikarik. Denborak arrazoia eman dio. Behar lukeen bezala, bestalde.

Guzti hori esanda, Eusko Jaurlaritzaren lematik haratago, zergatik auzolana? Zergatik elkarlana? Zergatik elkartu behar zuten Murias eta Fundazioak? Zergatik OCETA lasterketen monopolizatzaile? Erabaki horiek hartzen edo bultzatzen dituenak kirol hau oso gutxi ezagutzen duelakoan nago, eta oso gaizki aholkatuta dagoela.

Bitartean, isil-isilik, eztabaida mediatiko eta negar-eskaeren jokoan erori gabe, Lizarte taldeak eman du pauso bat aurrera. Datorren urtean Kern Pharma enpresak babesturiko kontinental mailako talde bat gehiago izango da errepidean. Hori da berri onena. Jon Odriozola ere baikor entzun dugu Vuelta amaieran taldearen jarraipenari dagokionez. Ea ba Euskadi Fundazioa zein Euskadi-Muriasek ere jarraitzen duten, dela kontinental mailan, dela profesional kontinental mailan, eta egin beza norberak bere bidea.

#381 Tropela.eus podcastak: 2019ko Espainiako Vuelta errepasoa – 18. etapa

Higuita (EF1) gazte kolonbiarrak lortu du etapa garaipena

Azken atseden egunaren ondoren, Madrileko komunitatean jokatu da Espainiako Vueltako 18. etapa. Azken aurreko testa zuten sailkapen nagusiko txirrindulariek eta Lopezek (AST) aprobetxatu duela esan genezake. Hori bai, eguneko ihesaldian sartuta, Higuita (EF1) gazte kolonbiarrak etapa garaipen bikaina lortu du ia 40 km inguru bakarrik eginda. Atzetik helmugaratu dira Roglic (TJV) liderra, Valverde (MOV), Majka (BOH) eta Lopez (AST). Azken honek Pogacarrek (UAD) azken igoeran erritmoari eutsi ezinda izan dela ikusita, postu bat egin du aurrera eta gazteen sailkapenean lider jarri da. Quintanak (MOV) postu bat atzera egin arren ere, podiumean jarraitzen du.

Hau eta hurrengo etapak eman dezakeenaren inguruko podcasta duzue entzungai Egoitz Lizasoren (@elizaso) eskutik.

Podcastera harpidetu