Killerraren kontsolidazioa

Di Luca. 10. etapan garaipenaGaur jokatu da Giroko etaparik luzeena, 262 kilometrotako ibilbidea hain juxtu. Cuneo eta Pinerolo arteko ibilbide luzean Moncenisio, Sestrière eta Prá Martino portuak pasa behar zituzten. Ikusmina sortu du atseden osteko etapak eta sailkapen nagusian aldaketak eragin ditu espero bezala.

Goizean goiz ekin diote ibilbideari, goizeko 10:00tan hain zuzen ere. Lehen momentutik ihesaldi saiakerak izan dira, baina lehen mugimendu serioa Garzellik egin du Moncenisio gainaren igoeran. Soler atzetik joan zaio baina Garzellik tartea atera dio kolonbiarrari. Solerrek 2′ 15”ko errenta izateraino iritsi da tropelarekiko harrapatua izan aurretik. Garzellik, aldiz, ibilbide luzeagoa egin du eta 6’28”ko errenta izatera ere iritsi da.

Sestrièreko igoeraren aurretik saiakera gehiago izan dir. Lehenak Visconti eta Grivko izan dira eta beranduago Cardenas, Cioni, Serpa eta Wegelius. Bi taldetxo hauek tropelaren aurretik izan dira baina ez dira gai izan Garzellirekin bat egiteko Visconti eta Grivko izan ezik. Uneoro Garzelli lasterketa buru izan da eta hala izan da etapako 100 kilometrotan zehar, 236. kilometroan Visconti eta Grivkok berarekin bat egin duten arte.

Tropelak, ordea, ez zuen inolako ezusterik nahi eta ihesaldiak kontrolpean izan ditu. Azkeneko kilometroetan erritmoa bizitu dute batez ere LPR eta Liquigas taldeek beraien taldeburuen hobe beharrez. Egindako lanaren lehen etekina Pramartinora bidean jaso dute Cardenas, Cioni, Serpa eta Wegeliusek osatutako ihesaldia irenstean.

Pramartinoren igoeran tropelak dagoeneko Garzelli, Visconti eta Grivkok osatutako tropeltxoa gertu zuen. Grivkok ezin izan dio ihesaldiari eutsi eta Liquigasek zuzentzen zuen tropelak berarekin bat egin du. Beranduago berdin gertatu zaie Garzelli eta Viscontik. Igoeran, Pelizzotti izan da lasterketa puskatu duena. Berari segika Sastre, Arroyo eta Menchovi izan dira, baina beherakoan faboritoek bat egin dute.

Helmugarako 2,5 kilometroren faltan, ordea, Killerrak bere erakustaldia eman du parean zuen maldatxoaz baliatuz. Badaki erlojupekoan denbora galduko duela eta denbora tarte guztiak beharrezko izango zaizkiola lasterketa maillot arrosarekin amaitzeko. Zituen indar guztiak bildu eta etapa garaipena lortu du. Pelizzotti, Sastre eta Menchov 10 segundora sartu dira eta 26ra Arroyo. Gain sari eta denbora tarteei esker, Di Lukak orain bigarren den Menchovi 1’20”ko tartea ateratzen dio eta 1’33”koa Rogersi.

Bukaera zoragarria, beraz, Killerrak eman diona gaurko etapari. Ezin ahaztu, ordea, Garzellik egin duen ihesaldi luzea. Zalantzarik gabe ikaragarria.

Columbia-High Road ase ezina

Siutsou. 8. etapan garaipenaEtapa mugitua izan zen atzokoa. Ihesaldi desberdinek tropela zatitzea ekarri zuten eta helmugaratu zen tropel nagusia 45 bat kidekoa izan zen. Noski, multzo honetan ez zeuden ez Petacchi, ezta Cavendish ere, beraz, ez gintuen harritu azken kilometroetako ihesaldi batek garaipena bereganatzea.

Colle de Galloren igoeran Garzelli, Horner, Leipheimer, Pellizotti, Rogers, Arroyo, Cunego eta Boasson (bezperako garailea) zortzikote arriskutsua tropelaren aurretik zen. Lortutako errentarekin Leiphemier birtualki lider izan zen karreraren une batean, baina LPR taldeak gogor ekin zion lanari zortzikotea harrapatzeko. 16 kilometrotan aurreko txirrindulari guztiek bat egin zuten eta Liquigas tropela kontrolatu nahian jarri zen buruan. Columbia-High Roadek Cavendish tropelean ez zuenez, ihesaldi saiakera egin zuen Siutsou txirrindulari bielorrusiarrarekin helmugarako 15 kilometro faltan. Lonbardiako itzuliko ibilbide zaila egin behar zuten azken kilometroetan eta ibilbideak ihesaldiari mesede egin zion. Bide estu, kurbatu eta har-bideek tropelari oztopo gehiago eragin zieten Siutsouri baino. Azkenean Siutsou 21 segundoko errentarekin helmugaratu zen Columbia-High Road-i aurtengo Giroko hirugarren garaipena emanez. Eta beharbada kontutan hartu beharreko beste datu bat: bigarren eta laugarren postuak ere Columbia-High Roadeko bi kidek eskuratu zituzten, Boasson eta Rogersek.

Atzoko etapak, ordea, alde ilun bat ere utzi zigun. Culmine di San Pietroren jaitsieren Pedro Horrillo txirrindulari ermuarrak 80 metrotako pendizetik behera erori zen. Gorputz osoan jaso zituen hausturak eta berehala bidali zuten erietxera. Koma egoeran aurkitzen da baina heriotza arriskutik kanpo omen dago. Gure animorik beroenak Rabobankeko txirrindulari euskaldunari.

Italiako Giroa 2009, multzoen azterketa (II). Espezialistak eta igotzaileak

Lance ArmstrongMultzo honetan izenik bada, Lance Armstrong da. Bere itzulerako denboraldian lehenengo aldiz Italiako Giroa egitea zuen urteko lehen helburu eta pasa den hilabetean lepauztaia apurtu izanak ere ez dio hori galaraziko. Ez dut irabazteko moduan ikusten, baina hainbat aldiz erakutsi duen lehiakortasunaz erraz sar daiteke top 10ean.

Bere azken elkarrizketetan zentzuzko hitzak entzun dizkiogu, Levi Leipheimer-en laguntzaile gisa bere burua eskainiz. Gustura entzungo lioke Contadorrek horrelakorik, baina itxaron beharko du: Giroan bere burua 10 lehenengoetan ibiltzeko gai ikusten badu, edozertarako gai izan baitaiteke Tourrean. Anbizioa ez zaio falta eta zurrumurru bat horren adibide: 2010an bera nagusi, zuzendari eta txirrindulari izango dituen taldea osatu nahian omen dabil.

Beste izen handi bat Fabian Cancellara dugu, baina aurten ez dabil fin. Romandian ere ez du lasterketa amaitu. Valverderen bide berbera jarraitu dezakeen hurrengoa izan daitekeen zurrumurruek ez diote segur aski batere lagundu. Italiarrekin hasi aurretik, Alexander Efimkin aipa daiteke. Errusiarren estiloan, hotz bezain erregularra. Zaila izango da podiumean ikustea baina sailkapenaren erdi edo atzealdean ikustea zailagoa. Antzekoa idatz nezake bere taldekide Tadej Valjavec esloveniarraz ere: espezialista itzuli handietan 10 eta 20. postuen artean iristen.

Bi espainiar ere handinahi askorekin hurbilduko dira Girora, biak talde berean. Purito Rodriguez etapa ehiztari ona da baina torero Continue reading “Italiako Giroa 2009, multzoen azterketa (II). Espezialistak eta igotzaileak”

Lehena, ezta?

Egia esateko, orain arteko lasterketak ez ditudala batere jarraitu esan beharra daukat. Badakit oraindik denboraldi hasieran gaudela eta Tropela neguko lozorrotik irteten duela gutxi hasi dela baina Koldoren garaipen honek ezustean harrapatu nau. Ezustean bakarrik ez, sofan etzanda eta begi bat itxita ere bai! Txirrindularitza munduan azken urteetan daukagun zirkoak ere eragina izango zuen nire interes faltan, auskalo!

Kontua da, udaberria gerturatu ala txirrindularitza berriz ere komunikabideetan azaltzen hasi dela eta horrekin batera tropela.eus webgunean ere jendea leihaketez galdezka hasi dela… Badirudi, pixkanaka ari garela girotzen guztiok!

Eta girotze horretan laguntzeko ezin hobeto etorriko zaigu Koldo Fdez. de Larrea arabarrak (Euskaltel-Euskadi) Murtziako Itzulian lortu duen garaipena. Bosgarren eta azken etapa hau esprintean amaitu da eta bere taldekideek egindako bideratze lan onaren ondoren ondo errematatu du talde laranjako gizonik azkarrenak. Oker ez banago euskaldunok lortzen dugun lehen garaipena. Zorionak Koldori eta bere talde osoari!

Koldo garaile eta Samuel ospatzenInformazio bila aritu naizenean Continue reading “Lehena, ezta?”