Esprint eztabaidagarria italiarren artean

Gaurkoan ihesaldiak etapa garaipena eraman du. Esprinter nagusiak etxea joanak dira eta ez zegoen tropelean ihesaldia zapuzteko gogo berezirik zuen talderik. Horrela, ihesaldiko Visconti, Ulissi, Lastras eta Bakelants elkarrekin helmugaratu dira.

Etapa garaipena esprintean erabaki da eta hika-mika ederra sortu ere sortu da. Protagonistak Visconti eta Ulissi gaztea izan dira. Continue reading “Esprint eztabaidagarria italiarren artean”

Scarponik Beneventon bigarrena

Scarponi. 18. etapan garaipena

Ihesaldiak gaurkoan ere bere fruitua eman du eta Scarponi txirrindulari beteranoak, ihesaldiak emandako abantailaz baliatuz, aurtengo Giroko bere bigarren etapa garaipena lortu du. Hirugarren garaipena, beraz, Diquigiovannik. Ihesaldiak gaurkoan esprinterrak aukerarik gabe utzi ditu Petacchiren kaltetan.

48 kilometro inguruan osatu da gaurko ihesaldia. 14. etapan eta 15. etapan jazo bezala, gaurkoan ere ondo antolatutako eta kide ugariz osatutako ihesaldian zegoen garaipena eskuratu duen txirrindularia. Talde mardula Popovych, Zeits, Cardenas, Voeckler, Deignan, Dean, Pate, Visconti, Grabovskyy, Gavazzi, Quinziato, Bosisio, Devenyns, Seeldraeyers, Scarponi, Bertolini, Ljungblad, Lovkvist, Siutsou, Petrov, McCartney, Bak, Vorganov eta David Lopezek osatzen zuten. Sailkapen nagusiari begira aurreratuen zegoen txirrindularia Popovych zen eta badaezpada Caisse D’Epargne lan egin du tropel nagusian denbora tarte handirik izan ez zedin. Beste talde batzuk ere izan dira tropel buru horretan Fuji-Servetto kasu, baina azkenean ahaleginak alferrikakoak izan zaizkie.

Gaurkoan garbi zegoen sailkapen nagusian aldaketa nabarmenik ez zela izango eta hala izan da. Txirrindulariek helburu etapa garaipen zuten. Aurreko tropelak zituen kide kopurua ikusita eta 3 minutuko errenta izanda, garaipena eskura zutela ikusten zen. Taldean 15 kilometroetara gerturatu arte ez da sakabanaketarik izan eta orduan Grabovskyy ukraniarra izan da lasterketa mugitzen hasi dena. Gainontzeko txirrindularietako zenbaitek jarraitu egin diote eta mugimendu askoren ondoren, zortzikotea osatu da: Zeits, Cardenas, Pate, Scarponi, McCartney, Bak, Devenyns eta Grabovskyy bera.

Beneventon Italiako Giroan ohikoak diren bukaerako zirkuitu bat egin behar izan dute, 8 kilometro inguruko itzulia. Cardenas urrutitik jotzen saiatu da zortzikotea puskatuz, baina azken kilometrorako zortzikotea batera zen. Saxo Bankeko bi txirrindulari ziren aurrealdean, baina ez dira bi izatearen abantailaz aprobetxatzeko gauza izan. Devenynsek berak jo du lehenengo, baina azkarregi. Azkenean Scarponik, Cardenas eta  Pate gailenduta, aurtengo Italiako Giroko bigarren garaipena.

Sailkapen nagusiko txirrindulari nagusiak biharko etapan kontzentratzeko baliatuko ziren gaurko etapaz, nahiz eta liderraren inguruan kontzentrazioa kentzeko moduko berriak argitaratu diren. Ez al dute nahi italiarrek Menchovek irabazterik, ala?

Columbia-High Road ase ezina

Siutsou. 8. etapan garaipenaEtapa mugitua izan zen atzokoa. Ihesaldi desberdinek tropela zatitzea ekarri zuten eta helmugaratu zen tropel nagusia 45 bat kidekoa izan zen. Noski, multzo honetan ez zeuden ez Petacchi, ezta Cavendish ere, beraz, ez gintuen harritu azken kilometroetako ihesaldi batek garaipena bereganatzea.

Colle de Galloren igoeran Garzelli, Horner, Leipheimer, Pellizotti, Rogers, Arroyo, Cunego eta Boasson (bezperako garailea) zortzikote arriskutsua tropelaren aurretik zen. Lortutako errentarekin Leiphemier birtualki lider izan zen karreraren une batean, baina LPR taldeak gogor ekin zion lanari zortzikotea harrapatzeko. 16 kilometrotan aurreko txirrindulari guztiek bat egin zuten eta Liquigas tropela kontrolatu nahian jarri zen buruan. Columbia-High Roadek Cavendish tropelean ez zuenez, ihesaldi saiakera egin zuen Siutsou txirrindulari bielorrusiarrarekin helmugarako 15 kilometro faltan. Lonbardiako itzuliko ibilbide zaila egin behar zuten azken kilometroetan eta ibilbideak ihesaldiari mesede egin zion. Bide estu, kurbatu eta har-bideek tropelari oztopo gehiago eragin zieten Siutsouri baino. Azkenean Siutsou 21 segundoko errentarekin helmugaratu zen Columbia-High Road-i aurtengo Giroko hirugarren garaipena emanez. Eta beharbada kontutan hartu beharreko beste datu bat: bigarren eta laugarren postuak ere Columbia-High Roadeko bi kidek eskuratu zituzten, Boasson eta Rogersek.

Atzoko etapak, ordea, alde ilun bat ere utzi zigun. Culmine di San Pietroren jaitsieren Pedro Horrillo txirrindulari ermuarrak 80 metrotako pendizetik behera erori zen. Gorputz osoan jaso zituen hausturak eta berehala bidali zuten erietxera. Koma egoeran aurkitzen da baina heriotza arriskutik kanpo omen dago. Gure animorik beroenak Rabobankeko txirrindulari euskaldunari.