Aurten, arriskatzeak saria dauka

Aurreko urteetan zer gertatu den ez dut gogoan eta ez dut aztertu, baina aurten, ia lasterketa guztietan kale egin du Tropelako katedrak. Hau da, lasterketa ez du irabazi, proba hasi aurretik parte hartzaileentzat hautagai nagusiena zenak. Edo alderantziz: lasterketa irabazi duena ez zegoen aukeratuenen zerrendako lehen postuetan. Hona irabazleen zerrenda:

*Paris-Niza: PORTE, Richie (%18,6)
*Euskal Herriko Itzulia: QUINTANA, Nairo (%20,9)
*Ardenetako Hirukoa:
Amstel Gold Race: KREUZIGER, Roman (%1,4)
Fleche Wallonne (emakumeak): VOS, Marianne (%94,6) Asmatuta!!
Fleche Wallonne: MORENO, Daniel (%2,0)
Lieja-Bastogne-Lieja: MARTIN, Daniel (%17,7)
*Italiako Giroa: NIBALI, Vincenzo (%43,0) [Askok asmatua baina Wiggins gehiagok aukeratu zuten]
*Dauphine Kriteriuma: FROOME, Christopher (%82,7) Asmatuta!!
*Emakumeen Bira: JOHANSSON, Emma (%3,1)
*Frantziako Tourra: Irabazlea??

Informazio gehiago nahi duenak webgunean aurkituko du lehiaketa bakoitzeko informazio guztia. Halere, ziklisten aukeraketa-ehunekoen eta hauek metatutako puntuen arteko erlazio batzuk ondorengo taula hauetan laburbildu dizkizuet. Continue reading “Aurten, arriskatzeak saria dauka”

Azkoitiar selekzioa ala azkoitiko kakalardoak?

Zalantzarik ez dago. Azkoitiarrak jaun eta jabe dira Tropelan. Aurten ere urteko sailkapena ioslarrarekin irabazteaz gain, lehen 10 postuetan beste 3 azkoitiar sartu dira (txarli, txarli1 eta txarli2). 2009an eta 2010ean azkoitiar berak (joxeja) eraman zituen Tropelako bi urte horietako sailkapenak. Iaz, lehen 11 postuetan 3 azkoitiar sailkatu ziren (horien artean, txarli) eta 2009an, joxejarekin batera, txarli1 sartu zen lehen 10 postuetan.

Nagusitasun nabarmena erakutsi dute erabiltzaile azkoitiar hauek eta txirrindularitzan erakustaldiekin gertatu ohi den bezala, Tropelan ere susmoak eta zalantzak agertu dira erabiltzaile hauen inguruan.

Txarli, txarli1 eta txarli2 ez al dira kakalardoak?

Orain arte duda batzuk banituen baina erabiltzaile-izen horiek ikusita nik ere argi daukat erabiltzaile horien atzean pertsona bera dagoela. Hala eta guztiz, Tropelak ez ditu kakalardo bezala markatzen, beraz, izen-abizen desberdinekin sortutako erabiltzaileak direla ziur naiz. Saria jasotzeko izen-abizen horiek egiazkoak direla frogatu beharko dute eta hori eginez gero, saria berarentzat Tropelaren arautegia beteko bailukete erabiltzaile horiek.

L’Aquilako bigarren lurrikara

Duela urtebete, 2009ko apirilean, lurrikara gogor bat jazo zen gaurko etapa amaitzen zen herritik gertu, L’Aquilan. Hildako ugari izan zen eta milaka pertsona etxerik gabe geratu zen. Gaur egun lurrikara haren ondorioak nabariak dira argazkian ikus dezakezuen bezala.

L'Aquilako lurrikara

Gaurko etapa L’Aquilan amaitzen zen eta aurretik 264 km zituzten egiteko -aurtengo etaparik luzeena-. Perfilari begiratuta etapak ez zeukan zailtasun berezirik baina azkenean sorpresa ugari egon da, tropelean asko sufritu da eta sailkapen nagusian iraultza gertatu da. Sekulako lurrikara.

Hasteko 56 laguneko ihesaldia sortu da (sekula horrelakorik ikusiko nuenik!) eta jende oso garrantzitsua zegoen tartean, noski –Sastre, Porte, Arroyo, Tondo, Wiggins, Gerdemann…-. Bestalde, tropelak baimena eman dio eta 17 minutu oparitu dizkie -baina nolatan?-. Konpondu nahi izan dutenerako berandu izan da eta azkenean tropeleko indartsuenek ia 13 minutu galdu dituzte tropela ere txiki-txiki eginda iritsi baita. Euriak eta hotzak oraindik gehiago gogortu dute gaurko jarduna eta ikustekoak izan dira helmugan txirrindulariek zuten piura. A! Etapa Petrov (Katusha) errusiarrarentzat izan da eta italiarrek oraindik etaparik irabazi gabe jarraitzen dute Liquigasen taldekako erlojupekoa kontuan hartzen ez badugu.

Zaila egiten zait gertatu dena ulertzea eta gehiago zerbait aipatzea. Goian aipatu bezala ez dut ulertzen sailkapen nagusiaren borrokan abantaila bat zutenak -Astana (Vinokourov) eta BMC (Evans), batik bat- nolatan ez diren lanean lehenago jarri. Ihesaldian zituzten taldekideak tropelera itzultzea asko kostatu zaie eta bi talde hauen ahultasuna nabarian geratu da.

Lampre (Cunego), Androni (Scarponi), Acqua Sapone (Garzelli) eta HTC-Columbia (Pinotti) taldeentzat ere ihesaldi hori bertan behera botatzea komenigarriagoa zela uste dut -ui! lau taldeetako liderrak italiarrak- eta baina talde gehienek nahiago izan dute beste taldeen ezintasuna agerian jarri. Hau guztia kasualitatea izan den edo zerbait prestatua zegoen zalantzan jarriko dut.

Liquigas, beste talde italiarraren jarrera ere ez da erraza ulertzen baina badirudi nahiago izan dutela Agnoli eta Kiserlovski gaztea ongi kokatu, taldeko bi liderren kaltetan. Basso eta Nibalirekin konfiantza askorik ez dutela iruditu zait. Eta nik ere ez nuke bi italiar hauen alde egingo orain artekoa ikusi ondoren.

Egia esan behar badut, horrelako ihesaldi baten bidez txirrindulari batzuk berriz ere sailkapen nagusiko borrokan sartzeak ez dit grazia askorik egin -batez ere, nire Tropelako kinielan ez ditudalako- baina etapa osoa talde bat edo biren artean kontrolpean eramaten direnean oso aspergarria izan ohi da. Beraz, lasterketari eta ikusgarritasunari dagokionez Giroaren mesedetan izan delakoan nago. Gainera, oraindik Giro erdia geratzen da eta zelakoa!

Zuek zer nolako etapak nahiago dituzue, gaur izan dugun bezalako kaotikoak ala talde sendoek kontrol zorrotz batekin programatutako etapak? Gaurkoa bezalako gehiago nahi baditugu, agian, itzuli handietan taldeak 7-8 txirrindularitara mugatzea litzateke onena.

Argazkia: Bettini (cyclingnews.com)

Lehena!

Igor Anton Morredero gainean irabazleAzkenean iritsi da euskaldunon lehen garaipena. Gaztela eta Leongo Itzuliko 3. etapa, etapa erregina zegoen jokoan eta bertan, Morredero gailurrera egin duten azken igoeran Igor Anton (Euskaltel-Euskadi) izan da indartsuena. Lehia bizia izan du gaurko beste hiru igotzaile indartsuenekin (Alberto Contador, Ezequiel Mosquera eta Mauricio Soler) baina azkenean Igorrek tartea egitea lortu du eta lehen postuan bakar bakarrik helmugaratzea lortu du hirukoteari 13 segundoko aldea atereaz. Horretaz gain Itzuliko lidergoa ere bereganatu du. Zorionak Igor!

Bihar lanak izango ditu Igorrek lidergoari eusteko 15 km-ko erlojupeko labur bat izango baitute txirrindulariek. Bertan, iazko Frantziako Tourreko garaileak, Alberto Contadorrek, aukera paregabea izango du talde laranjako txirrindulariari nahiz sailkapenean bere denbora berdinean daudenei aldeak ateratzeko. Ikusiko dugu zer gertatzen den. Zorterik onena opa diogu bihar Igorri.

Euskaltel-Euskadi taldeari kostatu zaio aurtengo lehen garaipena lortzea. Baina Euskal Herriko Itzulian Arraten Samuelek lortutako garaipenaren ondoren igandean Zornotzako Sari Nagusia irabazi zuen eta orain Igorrek hirugarren garaipena eman dio etxeko taldeari.

Argazkia: Pedro Martínez

1.etapa: Freire sinetsi ezinik

Freire sinetsi ezinik

Hauxe izan zen Euskal Herriko Itzuliko lehen etapako irudia. Oscar Freire kantabriarrak helmuga lehen postuan eta besoak goian zituela pasa arren, epaileek bere esprinta ez zuten ontzat eman eta garaipena kendu zioten. Nire ustez, Freireren esprinta zuzena izan zen ala ez eztabaidagarria da eta ondorioz, epaileentzat erabaki errazena sailkapena zegoen bezala uztea zela deritzot. Baina ez. Epaileek garaipena bigarren sailkatuari, Alejandro Valverderi, eman zioten eta irabazlea, normalean egin ohi den bezala multzoaren azken postura (24. postura) atzeratu beharrean bigarren postua “oparitu” zioten. Nire ustez erabaki hori ulertezina eta interesatua da eta epaileek hanka sartu zutelakoan nago.

Freire irudian ikus dezakezue, gertatutako sinetsi ezinik. Badirudi gaur beste aukera bat izan dezakeela, bai etapa irabazteko eta baita lidergoa “berreskuratzeko” ere. (Horretarako utzi dute epaileek bigarren postuan ezta?)

Argazkia: Susi Goetze (www.cyclinginside.com)