Killerraren kontsolidazioa

Di Luca. 10. etapan garaipenaGaur jokatu da Giroko etaparik luzeena, 262 kilometrotako ibilbidea hain juxtu. Cuneo eta Pinerolo arteko ibilbide luzean Moncenisio, Sestrière eta Prá Martino portuak pasa behar zituzten. Ikusmina sortu du atseden osteko etapak eta sailkapen nagusian aldaketak eragin ditu espero bezala.

Goizean goiz ekin diote ibilbideari, goizeko 10:00tan hain zuzen ere. Lehen momentutik ihesaldi saiakerak izan dira, baina lehen mugimendu serioa Garzellik egin du Moncenisio gainaren igoeran. Soler atzetik joan zaio baina Garzellik tartea atera dio kolonbiarrari. Solerrek 2′ 15”ko errenta izateraino iritsi da tropelarekiko harrapatua izan aurretik. Garzellik, aldiz, ibilbide luzeagoa egin du eta 6’28”ko errenta izatera ere iritsi da.

Sestrièreko igoeraren aurretik saiakera gehiago izan dir. Lehenak Visconti eta Grivko izan dira eta beranduago Cardenas, Cioni, Serpa eta Wegelius. Bi taldetxo hauek tropelaren aurretik izan dira baina ez dira gai izan Garzellirekin bat egiteko Visconti eta Grivko izan ezik. Uneoro Garzelli lasterketa buru izan da eta hala izan da etapako 100 kilometrotan zehar, 236. kilometroan Visconti eta Grivkok berarekin bat egin duten arte.

Tropelak, ordea, ez zuen inolako ezusterik nahi eta ihesaldiak kontrolpean izan ditu. Azkeneko kilometroetan erritmoa bizitu dute batez ere LPR eta Liquigas taldeek beraien taldeburuen hobe beharrez. Egindako lanaren lehen etekina Pramartinora bidean jaso dute Cardenas, Cioni, Serpa eta Wegeliusek osatutako ihesaldia irenstean.

Pramartinoren igoeran tropelak dagoeneko Garzelli, Visconti eta Grivkok osatutako tropeltxoa gertu zuen. Grivkok ezin izan dio ihesaldiari eutsi eta Liquigasek zuzentzen zuen tropelak berarekin bat egin du. Beranduago berdin gertatu zaie Garzelli eta Viscontik. Igoeran, Pelizzotti izan da lasterketa puskatu duena. Berari segika Sastre, Arroyo eta Menchovi izan dira, baina beherakoan faboritoek bat egin dute.

Helmugarako 2,5 kilometroren faltan, ordea, Killerrak bere erakustaldia eman du parean zuen maldatxoaz baliatuz. Badaki erlojupekoan denbora galduko duela eta denbora tarte guztiak beharrezko izango zaizkiola lasterketa maillot arrosarekin amaitzeko. Zituen indar guztiak bildu eta etapa garaipena lortu du. Pelizzotti, Sastre eta Menchov 10 segundora sartu dira eta 26ra Arroyo. Gain sari eta denbora tarteei esker, Di Lukak orain bigarren den Menchovi 1’20”ko tartea ateratzen dio eta 1’33”koa Rogersi.

Bukaera zoragarria, beraz, Killerrak eman diona gaurko etapari. Ezin ahaztu, ordea, Garzellik egin duen ihesaldi luzea. Zalantzarik gabe ikaragarria.