Columbia-High Road ase ezina

Siutsou. 8. etapan garaipenaEtapa mugitua izan zen atzokoa. Ihesaldi desberdinek tropela zatitzea ekarri zuten eta helmugaratu zen tropel nagusia 45 bat kidekoa izan zen. Noski, multzo honetan ez zeuden ez Petacchi, ezta Cavendish ere, beraz, ez gintuen harritu azken kilometroetako ihesaldi batek garaipena bereganatzea.

Colle de Galloren igoeran Garzelli, Horner, Leipheimer, Pellizotti, Rogers, Arroyo, Cunego eta Boasson (bezperako garailea) zortzikote arriskutsua tropelaren aurretik zen. Lortutako errentarekin Leiphemier birtualki lider izan zen karreraren une batean, baina LPR taldeak gogor ekin zion lanari zortzikotea harrapatzeko. 16 kilometrotan aurreko txirrindulari guztiek bat egin zuten eta Liquigas tropela kontrolatu nahian jarri zen buruan. Columbia-High Roadek Cavendish tropelean ez zuenez, ihesaldi saiakera egin zuen Siutsou txirrindulari bielorrusiarrarekin helmugarako 15 kilometro faltan. Lonbardiako itzuliko ibilbide zaila egin behar zuten azken kilometroetan eta ibilbideak ihesaldiari mesede egin zion. Bide estu, kurbatu eta har-bideek tropelari oztopo gehiago eragin zieten Siutsouri baino. Azkenean Siutsou 21 segundoko errentarekin helmugaratu zen Columbia-High Road-i aurtengo Giroko hirugarren garaipena emanez. Eta beharbada kontutan hartu beharreko beste datu bat: bigarren eta laugarren postuak ere Columbia-High Roadeko bi kidek eskuratu zituzten, Boasson eta Rogersek.

Atzoko etapak, ordea, alde ilun bat ere utzi zigun. Culmine di San Pietroren jaitsieren Pedro Horrillo txirrindulari ermuarrak 80 metrotako pendizetik behera erori zen. Gorputz osoan jaso zituen hausturak eta berehala bidali zuten erietxera. Koma egoeran aurkitzen da baina heriotza arriskutik kanpo omen dago. Gure animorik beroenak Rabobankeko txirrindulari euskaldunari.

Published by Egoitz

Tropela.net sortu genuenean interneten edukiak euskaraz izatearen garrantziaz jakitun, ezinbestean blog hau martxan jartzeari ekin genion. Martxan jarri bakarrik ez, edukiak sortzen hasi eta jarraitzea da asmoa.