Italiako Giroa 2009, multzoen azterketa (II). Espezialistak eta igotzaileak

Lance ArmstrongMultzo honetan izenik bada, Lance Armstrong da. Bere itzulerako denboraldian lehenengo aldiz Italiako Giroa egitea zuen urteko lehen helburu eta pasa den hilabetean lepauztaia apurtu izanak ere ez dio hori galaraziko. Ez dut irabazteko moduan ikusten, baina hainbat aldiz erakutsi duen lehiakortasunaz erraz sar daiteke top 10ean.

Bere azken elkarrizketetan zentzuzko hitzak entzun dizkiogu, Levi Leipheimer-en laguntzaile gisa bere burua eskainiz. Gustura entzungo lioke Contadorrek horrelakorik, baina itxaron beharko du: Giroan bere burua 10 lehenengoetan ibiltzeko gai ikusten badu, edozertarako gai izan baitaiteke Tourrean. Anbizioa ez zaio falta eta zurrumurru bat horren adibide: 2010an bera nagusi, zuzendari eta txirrindulari izango dituen taldea osatu nahian omen dabil.

Beste izen handi bat Fabian Cancellara dugu, baina aurten ez dabil fin. Romandian ere ez du lasterketa amaitu. Valverderen bide berbera jarraitu dezakeen hurrengoa izan daitekeen zurrumurruek ez diote segur aski batere lagundu. Italiarrekin hasi aurretik, Alexander Efimkin aipa daiteke. Errusiarren estiloan, hotz bezain erregularra. Zaila izango da podiumean ikustea baina sailkapenaren erdi edo atzealdean ikustea zailagoa. Antzekoa idatz nezake bere taldekide Tadej Valjavec esloveniarraz ere: espezialista itzuli handietan 10 eta 20. postuen artean iristen.

Bi espainiar ere handinahi askorekin hurbilduko dira Girora, biak talde berean. Purito Rodriguez etapa ehiztari ona da baina torero onekin gertatzen den bezala, askotan ez du erdiko biderik: ezer egin gabe, txistu hotsen artean atera daiteke plazatik, ala pare bat etapa “moztuta” zaleen bizkarrean. David Arroyo ere igotzaile trebea da eta sasoiko doa, Errioxan eta Narancon erakutsi bezala. Ez da, baina, hain irabazlea eta itzuli handiak handiegi geratzen zaizkiola uste dut, taldekideei laguntzeko ez bada.

Italiarrak eraldatu egiten dira proba honetan eta askok Tourra baino hobeto prestatzen dute. Horien artean daude Scarponi, Pellizotti, Caucchioli eta Garzelli. Azken honek onenak emanak ditu baina bere esperientzia eta abiadura etapa ehizarako egokiak dira. Scarponik erakustaldi ederrak eman dizkigu denboraldi hasieran baina zaila izango du maila horretan irautea 3 astetan zehar.

Garmin taldeak Christian Vandevelde eta Tom Danielson dakartza buru bezala. Lehenengoak 5. amaitu zuen iazko Tourra eta aurten koska hori igotzen saiatuko dela iruditzen zait. Ez da bada %100ra iritsiko Girora, baina sailkapen orokorrean aurrean izango da ziur. Danielson izango du alboan, bere zeregina etaparen bat lortzea izango delarik.

Bi igotzaile fin ere izango dira Giroan: Juanjo Cobo eta Juan Mauricio Soler. Lehena ia itzalpeko egutegi bat egiten ibili da orain arte, Fuji-Servetto taldeari ezarritako betoa medio. Lasaitasuna mantendu badu, aurrean ikus dezakegu mendiko etaparen batean. Juan Mauricio Soler aldiz, galdera-ikur handi bat da. 2007ko Tour zoragarriaren ondoren, non mendiko errege izan baizen, arazo fisiko ugari izan ditu eta ez du orduko mailarik berreskuratu. Ikuskizunak eskertuko du maila hori berreskuratzea.

Azkenik, Michael Rogers australiarra aipa dezakegu. Ez du orain arte beragandik espero zen mailarik eman. Erlojuz kontrako espezialista, etapa horietarako faborito nagusia izan daiteke (Cancellararen baimenarekin) eta bere esanetan inoiz ez bezala dator sailkapen nagusiaren bila. Euskal Herriko Itzulian horretarako bide onetik zihoala zirudien baina ez du agerpen gehiagorik egin.

Argazkia: Mitch Clinton