Traizioa?

cavendishAtzoko Cavendish-en garaipen berriak ez du jadanik inor harrituko. Esprinter gaztea sekulako garaipen sorta hasi da pilatzen eta oraindik urte askotako erregetza nabaritzen zaio.

Dena dela, atzoko etapako momenturik interesgarriena helmugarako 30km inguru gelditzen zirela gertatu zen. Haizearen laguntzaz, eta Team Columbia-HTC taldearen poderioz, tropela aurreko postuetan apurtu zen, aurrean Team Columbia-HTC talde osoaz gain, besteak beste Armstrong, Cancellara eta Gerdemann sartu zirelarik. Armstrong-en taldekide diren Zubeldia eta Popovych ere han ziren, hasiera batean kontrol lanean hasi zirelarik.

Baina hara nora, kilometro gutxira, Astanako bi talde-lagun hauek tiraka hasi ziren eta era berean Carlos de Andres eta Perico Delgadoren – honen kasuan gutxiago – urduritasunak . Hain urduri ikusten ziren, Astanakoak aurrean tiratzen bazuten, Contadorren lidergoa erakutsi nahi bazuten, atzean ere tiraka hasi behar zutela esatera iritsi zirelarik?!?!?!?!?!

Ez zait iruditzen Astana barruan elkarbizitza egokia izango denik baina ziur nagoena da, prentsa espainiarra laster izango dugula bi oilar hauen arteko lehian burua sartzen. Atzoko Astanaren jokabidea ez zait batere arraroa egiten. Tourra irabazteko hautagai sendoenak atzean ziren eta modu honetan Armstrong lasterketaren lehian sartzeko moduan izan dira.

Armstrong eta Ben AffleckHala ere, garbi dago atzoko jokaerak mila eta bat lerro beteko dituela datozen egunotan. Espainiako prentsa hasi da jadanik “traizio” hitza aipatzen. Ez nator neu bat honekin baina egia esateko, ez zait batere arraroa egin hori irakurri izana.

Ikusiko dugu datozen egunetan zein nolako jokaerak ikusteko moduan garen Astana taldearen inguruan. Entretenituko gaituztela iruditzen zait.

Argazkia:  cyclingnews.com

Lehen esprinta, Cavendishen lehen garaipena

Lehen esprinta jokatzen zen gaurkoan eta Cavendish britainiarrak esperotako lortu irabazi du bideoan ikusi dezakezuen bezala. Lan bikaina Columbia-High Road taldeak egin duena ihesaldia kontrolatuz eta Cavendishi esprinta ederki irekiaz.

Gaurko etapak muino batzuk zituen, baina esprinterrentzat bere biziko zailtasunik izango ez zuena ikusi dugun bezala. Etapa hasieran Dumoulin frantziarra saiatu da tropela atzean uzten baina bere saiakera ezerezean geratu da. Lehen igoera aprobetxatuaz, La Turbie, laukote batek ihesaldia osatzea lortu dute: Clement, Veikkanen, Dessel eta Augé izan dira. Hauek 5 minututako errenta izateraino iritsi dira, baina beti izan dira tropelaren kontrolpean. Hasieran Saxo Bank Cancellararen taldea arduratu da tartea murrizteaz ez baitzuten lidergorik galtzerik nahi. Beranduago, ordea, esprinterren taldeak sartu dira, Columbia-High Road eta Milram tropelaren buruan.

Laukotea harrapatu bezain laster Ignatiev errusiarrak saiakera egin du. 10 kilometroren faltan erasoa jo eta 11 segundoko tartea atera ahal izan dio tropelari. Hala ere esprinterrak ez zeuden etapa oparitzeko moduan eta hala izan da. Maldan behera zihoan tropela Brignoleseko helmugarantz. Ibilbidean bi errotonda zituzten helmugara iritsi aurretik. Horrek tentsioa areagotu du tropelean. Abiadura handiak eta tentsioak, bideoan ikusten den bezala, Koldo Fernandez de Larrearen erorikoa behartu du tropela bi zatitan banatuaz. Cavendish aurreko multzoan zen ondo babestua eta ez du arazorik izan Farrar, Feillu eta Hushovd gainditzeko. Etapa garaipena, beraz, Cavendishentzat. Lehena etapa garaipena eta oraingoz maillot berdearen jabe. Sailkapen nagusian aldaketarik ez.

Aipatutako erorketa horretan ez dirudi Koldo Fernandez de Larreak eroriko larria izan duenik, urratuak eta antzerakoak, baina jarraitzeko moduan izango da. Ezin esan saiatu ez denik. Baina ez da erori den euskaldun bakarra. Igor Antonek ere etapan zehar eroriko bat izan du, baina honek ere ez du ezer larririk esan dutenez.

Cavendishek lehen garaipena eskuratu du, baina gaurko esprinta “benetakoa” ez dela esango nuke. Hau da, Koldo Fernandez de Larrearen erorketak tropela bitan zatitu du eta zenbait txirrindulari esprinta jokatzetik kanpo geratu da, Freire esate baterako. Erorketak berak ere zer esan asko emango du, izan ere zalantzan jarri baita bihurgunea ongi adierazita zegoenik. Ez dakit zer esan.

Columbiaren itzuli suitzarra

2009suitza_columbia-highroad_erdiHalaxe da. Itzuli hau Columbiarena da nahiz eta ez duen itzulia talde honetako inork irabaziko. Erabateko nagusitasuna izan dute aurtengo Suitzako Itzulian etapa garaipenei dagokienez behintzat.

Suitzako Itzulian 9 etapa jokatuko dira. Atzo 8. izan da eta biharkoarekin itzulia amaituko da. Jokatu diren 8 etapetatik 6 Columbia-High Road taldeak bereganatu ditu: atzo Tony Martin, ostiralean Kirchen, 3. eta 6. etapan Cavendish, 5. etapan Albasini eta 2. etapan Eisel. Horretaz gain mendiko maillota ere talde honek bereganatuko du Toni Martin gaztearen eskutik. Ikaragarria Suitzan Columbia-High Road taldeak egin duena.

Gaurko erlojupekoan Cancellara nagusi izango dela aurre ikusten da. Valjavec-ek 4 segundoko errenta besterik ez du Suitzako lokomotorarekiko, beraz, lehen eguneko erlojupekoan egin zuen bezala, etapa garaipena eta Suitzako Itzulia bereganatuko dituela zalantza handirik ez dago.

Honenbestez gaurkoarekin Tourreko lasterketaren zain geratzea besterik ez zaigu geratzen. Dagoeneko ikusi beharrekoak ikusi ditugu, orain taldeek zein txirrindulari eramango dituzten zehaztea besterik ez da falta.

Gerrans Bolognan nagusi

Gerrans. 14. etapan garaipenaBazirudien gaurko etapak sailkapen nagusian zalaparta eragingo zuela, baina LRP taldea 12. kilometroan osatutako ihesaldiak jokoz kanpo harrapatu du. Ihesaldi horretan zen australiarra eta Bolognako 2,1 kilometrotako igoeran ihesaldiak zuen errenta eta gordeta zituen indarrak nahikoa izan ditu Cervélo taldeko txirrindulariak etapa garaipena eskuratzeko.

Eguneko ihesaldia 12. kilometroan osatu da. Montaguti, Gavazzi, Petrov, Vorganov, Reda, Bertogliati, Gerrans,Grivko, Visconti, Deignan, Cheula, Froome, Kiryenka eta Bonnafond txirrindulariek osatu dute LPRri horrenbesteko buruhaustea sortu dieten taldea. Taldeak izan duen errentarik handiena 4’38”koa izan da. Atzetik, tropelean LPR taldeak hartu du erantzukizuna eta bukaeraraino iheslariak harrapatzeko saiakeran izan dira. Beharbada taldea juxtu samar ibili da Di Lucak bi taldekideren laguntza bakarrik izan baitu, Spezialetti eta Bosisiorenak. Emaitza, beraz, egindako ahaleginaren parekoak izan direla deritzot. Di Lucak segundoak eta maillot arrosa berreskuratzeko zituen gaurko asmoak Bolognako kaleetara iristean erabat zapuztuta geratu zaizkie.

11 txirrindulari ziren ihesaldiko tropeltxoan Bolognara iristean. Oraindik maldak hasteko zirela, Grivkok bere saiakera egin du baina maldak igotzen hasi denean ezinak gailendu du ukraniarra. Ondoren Gerransek, zalantzarik gabe biziago eta pedal kolpe iraunkorragoz, aurrera egitea lortu du Froomen baimenarekin (ikustekoak 1kmko pankartapean egin dituen zig-zag mugimenduak). Helmugan Gerrans, Bertogliati eta Gavazzi izan dira urrenez urren.

Etapa garaipena erabakita zegoenean faboritoen mugimenduak hasi dira atzealdean. Killerrak aurrez pentsatutako erasoa jo du baina alferrik izan zaio Menchov, Pellizotti eta Garzelli atzetik izan baititu. Hala ere gain saririk gabe geratu da Di Luca eta faboritoen artean ez da nabarmentzeko denbora tarterik izan.

Di Lucak sailkapen nagusian aurrera egiteko egun bat alferrik galdu duela esan daiteke. Bestalde, Basso, Sastre eta Leipheimer justu samar ikusi ditugu. Menchov, berriz, maillotaren defentsan bikain aritu da.

Gaurko bajak

Giok bere iruzkinean aipatzen zigun bezala, gaurkoan bi txirrindulari garrantzitsuk lasterketan uztea erabaki dute. Bat Pozzato izan da belauneko minez zela eta. Bestea, berriz, hiru garaipen eskuratu dituen esprinter ingelesa, Cavendish. Esaten genuen bere asmoa Tourra prestatzea zela eta segur aski ez zuela Giroa bukatuko. Egin beharrekoak egin dituela esan daiteke.

Cavendish 3 – Petacchi 2

Cavendish. 13. etapan garaipenaAipatu genuen nola gaurko etapa esprintean erabakiko zen. 1000 metrotik gorako zuzen gunea eta 8 metro inguruko bide zabalak esprint garbiaz gozatzeko aukera eman du. Eta ingelesak orain arteko berdinketa hautsi du.

Scarselli, Ignatiev eta Shroeder hirukoteak 12. kilometrorako eguneko ihesaldia osatu dute. Ibilbidea ikusita, erabat laua, zail zuen ihesaldiak garaipenaren lehian sartzea, baina ahalegindu dira. Hirukoteak 5’25”eko denbora tartea izateraino iritsi dira, baina tropelak kontrolpean nahi zuen aurreko tropeltxoa. Tropelak ere ez zuen nahi iheslariak harrapatzerik helmugara gerturatu arte ihesaldi saiakera gehiago ekiditeko, ohikoa den bezala.

Azken 30 kilometrora gerturatzen ari zirela, tropelarekiko zuten errenta asko jeitsi da eta Schroederrek ez zegoen etsitzeko. Oraindik minutu t’erdiko errenta zutela erasoa jo du alemaniarrak. Azken 15 kilometroetara iritsi arte 29 urteko berlindarra tropelarekiko zuen errentari eusteko gai izan da, baina hortik aurrera ezin eutsi. Tropelak abiadura handia hartu du eta helmugarako 8 kilometro ingururen falta ziztu bizian irentsi du iheslaria.

Azken kilometroetan abiadura eta kokapen egokia izan dira nerbioez gain tropel buruan ikusi ditugunak. Garmin-Slipstream taldea izan da azken zuzengunea bistaratu arte tropelari abiadura eman diona. Gertu ziren Cavendish eta bere taldekideak, baita Petacchi eta Alan Davis ere. Bihurgunea eman, eta Columbia-High Roadek Man irletako gazteari lekua prestatu diote. Urrutitik, Cavendishek gogor ekin die azken metroei eta erraz irabazi die gainontzekoei. Petacchi bigarren eta Alan Davis hirugarren. Lastima Farrarrek bere taldekideek egindako lan bikainari etekinik ezin atera izanari. 5. postuarekin konformatu beharrean izan da estatu batuarra, Haedo argentinarraren atzetik.

Ingelesak gustura egoteko arrazoiak baditu. Atzo 24 urte bete zituen eta gaur Giroko 3. garaipena eskuratu du, aurtengo edizioan garaipen gehien eskuratu dituen txirrindularia bilakatuz. Honenbestez, Columbia-High Roadek 6 garaipen ditu; oraingoz.