Cavendish 3 – Petacchi 2

Cavendish. 13. etapan garaipenaAipatu genuen nola gaurko etapa esprintean erabakiko zen. 1000 metrotik gorako zuzen gunea eta 8 metro inguruko bide zabalak esprint garbiaz gozatzeko aukera eman du. Eta ingelesak orain arteko berdinketa hautsi du.

Scarselli, Ignatiev eta Shroeder hirukoteak 12. kilometrorako eguneko ihesaldia osatu dute. Ibilbidea ikusita, erabat laua, zail zuen ihesaldiak garaipenaren lehian sartzea, baina ahalegindu dira. Hirukoteak 5’25”eko denbora tartea izateraino iritsi dira, baina tropelak kontrolpean nahi zuen aurreko tropeltxoa. Tropelak ere ez zuen nahi iheslariak harrapatzerik helmugara gerturatu arte ihesaldi saiakera gehiago ekiditeko, ohikoa den bezala.

Azken 30 kilometrora gerturatzen ari zirela, tropelarekiko zuten errenta asko jeitsi da eta Schroederrek ez zegoen etsitzeko. Oraindik minutu t’erdiko errenta zutela erasoa jo du alemaniarrak. Azken 15 kilometroetara iritsi arte 29 urteko berlindarra tropelarekiko zuen errentari eusteko gai izan da, baina hortik aurrera ezin eutsi. Tropelak abiadura handia hartu du eta helmugarako 8 kilometro ingururen falta ziztu bizian irentsi du iheslaria.

Azken kilometroetan abiadura eta kokapen egokia izan dira nerbioez gain tropel buruan ikusi ditugunak. Garmin-Slipstream taldea izan da azken zuzengunea bistaratu arte tropelari abiadura eman diona. Gertu ziren Cavendish eta bere taldekideak, baita Petacchi eta Alan Davis ere. Bihurgunea eman, eta Columbia-High Roadek Man irletako gazteari lekua prestatu diote. Urrutitik, Cavendishek gogor ekin die azken metroei eta erraz irabazi die gainontzekoei. Petacchi bigarren eta Alan Davis hirugarren. Lastima Farrarrek bere taldekideek egindako lan bikainari etekinik ezin atera izanari. 5. postuarekin konformatu beharrean izan da estatu batuarra, Haedo argentinarraren atzetik.

Ingelesak gustura egoteko arrazoiak baditu. Atzo 24 urte bete zituen eta gaur Giroko 3. garaipena eskuratu du, aurtengo edizioan garaipen gehien eskuratu dituen txirrindularia bilakatuz. Honenbestez, Columbia-High Roadek 6 garaipen ditu; oraingoz.