Irratirik gabe ere Cavendish nagusi. Sorpresarik ez, beraz

Cavendish. 10. etapan garaipenaASOk aurtengo Tourrean esperimentua egin nahi zuen eta txirrindulari profesionalak irrati bidezko komunikazioak galarazita lehiatzera behartuta zeuden. Zenbait txirrindulariren protesta artean, gaurko etapa aurre ikusitako gidoiari jarraiki jokatu da nahiz eta irratirik gabe izan.

Garbi zegoen esperimentatzen hasita ezin zela Pirinioetako edo Alpeetako etapa erabakigarriren bat aukeratu eta aurtengo edizioko lehena gaurkoa izan da. Aurrez esan genizuen bezala, hurrengoa ostiralean jokatuko dena izango da, eta han bai, beharbada, zer esan gehiago emango du irratiak. Gaurkoan ez bahintzat, eta ederki ezagutzen genuen gidoia beta da azken une arte garbi ez bazegoen ere.

Etapa hasieratik Vaugrenard, Dumoulin, Hupond eta Ignatiev-ek eguneko ihesaldia osatu dute. Tropela, aldiz, lasai zen eta momentu oro ihesaldia kontrolpean izan dute Voeckler-en eman zuen ezustekoaren oroitzapena gogoan. Ez da zalapartarik izan tropelean eta egia esan tentsio unerik ere ez. Atseden eguna atzokoa bazen ere, gaurkoa jarraipena izan dela esan daiteke. Antolatzaileen aurre ikusten zuten denborarik luzeenean ibili da tropela gaurko lasaitasunaren erakusgarri.

Azken kilometroetan zirela minutu t’erdiko aldea zuten iheslariek. Atzean esprinterren taldeak antolatu dira tropelari abiadura emateko eta orduan laukoteak ere erritmoa bizitu du. Bazirudien ezustekoa emateko moduan izango zela laukotea, baina ez da hala izan. 2 kilometro eskasen faltan iheslariak tropelak irentsi ditu eta Martin, Hincapie eta Columbia-HTC taldeko txirrindulariek ederki bideratu diote esprinta Cavendishi. Honek, ohikoa duen bezala, ez du hutsik egin eta aurtengo edizioko hirugarrena poltsikoratu du. Hushovd eta Farrar izan dira ingelesari gehien hurbildu zaizkien esprinterrak. Garaipen honi esker, beraz, Cavendishek maillot berdea berreskuratzetik 6ra geratu da.

Cavendish 3 – Petacchi 2

Cavendish. 13. etapan garaipenaAipatu genuen nola gaurko etapa esprintean erabakiko zen. 1000 metrotik gorako zuzen gunea eta 8 metro inguruko bide zabalak esprint garbiaz gozatzeko aukera eman du. Eta ingelesak orain arteko berdinketa hautsi du.

Scarselli, Ignatiev eta Shroeder hirukoteak 12. kilometrorako eguneko ihesaldia osatu dute. Ibilbidea ikusita, erabat laua, zail zuen ihesaldiak garaipenaren lehian sartzea, baina ahalegindu dira. Hirukoteak 5’25”eko denbora tartea izateraino iritsi dira, baina tropelak kontrolpean nahi zuen aurreko tropeltxoa. Tropelak ere ez zuen nahi iheslariak harrapatzerik helmugara gerturatu arte ihesaldi saiakera gehiago ekiditeko, ohikoa den bezala.

Azken 30 kilometrora gerturatzen ari zirela, tropelarekiko zuten errenta asko jeitsi da eta Schroederrek ez zegoen etsitzeko. Oraindik minutu t’erdiko errenta zutela erasoa jo du alemaniarrak. Azken 15 kilometroetara iritsi arte 29 urteko berlindarra tropelarekiko zuen errentari eusteko gai izan da, baina hortik aurrera ezin eutsi. Tropelak abiadura handia hartu du eta helmugarako 8 kilometro ingururen falta ziztu bizian irentsi du iheslaria.

Azken kilometroetan abiadura eta kokapen egokia izan dira nerbioez gain tropel buruan ikusi ditugunak. Garmin-Slipstream taldea izan da azken zuzengunea bistaratu arte tropelari abiadura eman diona. Gertu ziren Cavendish eta bere taldekideak, baita Petacchi eta Alan Davis ere. Bihurgunea eman, eta Columbia-High Roadek Man irletako gazteari lekua prestatu diote. Urrutitik, Cavendishek gogor ekin die azken metroei eta erraz irabazi die gainontzekoei. Petacchi bigarren eta Alan Davis hirugarren. Lastima Farrarrek bere taldekideek egindako lan bikainari etekinik ezin atera izanari. 5. postuarekin konformatu beharrean izan da estatu batuarra, Haedo argentinarraren atzetik.

Ingelesak gustura egoteko arrazoiak baditu. Atzo 24 urte bete zituen eta gaur Giroko 3. garaipena eskuratu du, aurtengo edizioan garaipen gehien eskuratu dituen txirrindularia bilakatuz. Honenbestez, Columbia-High Roadek 6 garaipen ditu; oraingoz.