Scarponik Beneventon bigarrena

Scarponi. 18. etapan garaipena

Ihesaldiak gaurkoan ere bere fruitua eman du eta Scarponi txirrindulari beteranoak, ihesaldiak emandako abantailaz baliatuz, aurtengo Giroko bere bigarren etapa garaipena lortu du. Hirugarren garaipena, beraz, Diquigiovannik. Ihesaldiak gaurkoan esprinterrak aukerarik gabe utzi ditu Petacchiren kaltetan.

48 kilometro inguruan osatu da gaurko ihesaldia. 14. etapan eta 15. etapan jazo bezala, gaurkoan ere ondo antolatutako eta kide ugariz osatutako ihesaldian zegoen garaipena eskuratu duen txirrindularia. Talde mardula Popovych, Zeits, Cardenas, Voeckler, Deignan, Dean, Pate, Visconti, Grabovskyy, Gavazzi, Quinziato, Bosisio, Devenyns, Seeldraeyers, Scarponi, Bertolini, Ljungblad, Lovkvist, Siutsou, Petrov, McCartney, Bak, Vorganov eta David Lopezek osatzen zuten. Sailkapen nagusiari begira aurreratuen zegoen txirrindularia Popovych zen eta badaezpada Caisse D’Epargne lan egin du tropel nagusian denbora tarte handirik izan ez zedin. Beste talde batzuk ere izan dira tropel buru horretan Fuji-Servetto kasu, baina azkenean ahaleginak alferrikakoak izan zaizkie.

Gaurkoan garbi zegoen sailkapen nagusian aldaketa nabarmenik ez zela izango eta hala izan da. Txirrindulariek helburu etapa garaipen zuten. Aurreko tropelak zituen kide kopurua ikusita eta 3 minutuko errenta izanda, garaipena eskura zutela ikusten zen. Taldean 15 kilometroetara gerturatu arte ez da sakabanaketarik izan eta orduan Grabovskyy ukraniarra izan da lasterketa mugitzen hasi dena. Gainontzeko txirrindularietako zenbaitek jarraitu egin diote eta mugimendu askoren ondoren, zortzikotea osatu da: Zeits, Cardenas, Pate, Scarponi, McCartney, Bak, Devenyns eta Grabovskyy bera.

Beneventon Italiako Giroan ohikoak diren bukaerako zirkuitu bat egin behar izan dute, 8 kilometro inguruko itzulia. Cardenas urrutitik jotzen saiatu da zortzikotea puskatuz, baina azken kilometrorako zortzikotea batera zen. Saxo Bankeko bi txirrindulari ziren aurrealdean, baina ez dira bi izatearen abantailaz aprobetxatzeko gauza izan. Devenynsek berak jo du lehenengo, baina azkarregi. Azkenean Scarponik, Cardenas eta  Pate gailenduta, aurtengo Italiako Giroko bigarren garaipena.

Sailkapen nagusiko txirrindulari nagusiak biharko etapan kontzentratzeko baliatuko ziren gaurko etapaz, nahiz eta liderraren inguruan kontzentrazioa kentzeko moduko berriak argitaratu diren. Ez al dute nahi italiarrek Menchovek irabazterik, ala?

Gerrans Bolognan nagusi

Gerrans. 14. etapan garaipenaBazirudien gaurko etapak sailkapen nagusian zalaparta eragingo zuela, baina LRP taldea 12. kilometroan osatutako ihesaldiak jokoz kanpo harrapatu du. Ihesaldi horretan zen australiarra eta Bolognako 2,1 kilometrotako igoeran ihesaldiak zuen errenta eta gordeta zituen indarrak nahikoa izan ditu Cervélo taldeko txirrindulariak etapa garaipena eskuratzeko.

Eguneko ihesaldia 12. kilometroan osatu da. Montaguti, Gavazzi, Petrov, Vorganov, Reda, Bertogliati, Gerrans,Grivko, Visconti, Deignan, Cheula, Froome, Kiryenka eta Bonnafond txirrindulariek osatu dute LPRri horrenbesteko buruhaustea sortu dieten taldea. Taldeak izan duen errentarik handiena 4’38”koa izan da. Atzetik, tropelean LPR taldeak hartu du erantzukizuna eta bukaeraraino iheslariak harrapatzeko saiakeran izan dira. Beharbada taldea juxtu samar ibili da Di Lucak bi taldekideren laguntza bakarrik izan baitu, Spezialetti eta Bosisiorenak. Emaitza, beraz, egindako ahaleginaren parekoak izan direla deritzot. Di Lucak segundoak eta maillot arrosa berreskuratzeko zituen gaurko asmoak Bolognako kaleetara iristean erabat zapuztuta geratu zaizkie.

11 txirrindulari ziren ihesaldiko tropeltxoan Bolognara iristean. Oraindik maldak hasteko zirela, Grivkok bere saiakera egin du baina maldak igotzen hasi denean ezinak gailendu du ukraniarra. Ondoren Gerransek, zalantzarik gabe biziago eta pedal kolpe iraunkorragoz, aurrera egitea lortu du Froomen baimenarekin (ikustekoak 1kmko pankartapean egin dituen zig-zag mugimenduak). Helmugan Gerrans, Bertogliati eta Gavazzi izan dira urrenez urren.

Etapa garaipena erabakita zegoenean faboritoen mugimenduak hasi dira atzealdean. Killerrak aurrez pentsatutako erasoa jo du baina alferrik izan zaio Menchov, Pellizotti eta Garzelli atzetik izan baititu. Hala ere gain saririk gabe geratu da Di Luca eta faboritoen artean ez da nabarmentzeko denbora tarterik izan.

Di Lucak sailkapen nagusian aurrera egiteko egun bat alferrik galdu duela esan daiteke. Bestalde, Basso, Sastre eta Leipheimer justu samar ikusi ditugu. Menchov, berriz, maillotaren defentsan bikain aritu da.

Gaurko bajak

Giok bere iruzkinean aipatzen zigun bezala, gaurkoan bi txirrindulari garrantzitsuk lasterketan uztea erabaki dute. Bat Pozzato izan da belauneko minez zela eta. Bestea, berriz, hiru garaipen eskuratu dituen esprinter ingelesa, Cavendish. Esaten genuen bere asmoa Tourra prestatzea zela eta segur aski ez zuela Giroa bukatuko. Egin beharrekoak egin dituela esan daiteke.