Atzoko egunez hiru itzuli desberdinetako hiru etapa jokatu ziren: Omango, Andaluziako eta Algarveko itzulietako etapak jokatu ziren atzo. Horietatik bitan euskaldunak protagonista izan genituen, zentzu desberdinean izan bazen ere.
Berri pozgarria Jonathan Castroviejok eman zigun erlojuaren kontrako etapan garaipena lortuta. Eta ez zen edonolako garaipena izan, izan ere Tony Martin eta Roglic espezialisten aurretik sailkatu zen. Bikain Jonathan eta zorionak! Jada erlojuaren kontrako espezialistetan puntakoa zarela garbi utzi diguzu!
Beste notizia, hau tamalgarria, Ion Izagirrek eman zigun. Gogotsu zen Andaluziako itzuliko erlojuaren kontrako saiorako aste osoan zehar erakutsitako maila ikusita. Tamalez erorikoa izan zuen eta lasterketa utzi beharrean suertatu zen ormaiztegiarra. Pena, pena galanta eragin zidan. Baina tira, ez du hausturarik, zauri harinak besterik ez. Gogoan izan bere hurrengo zita garrantzitsuagoa Paria-Niza izango duela Bahrein-Meridako liderrak. Ea ba ondo osatu eta onenenkin lehian ikusten zaigun, Ion!
Amaitzeko esan Movistarrek borobildu zuela atzoko eguna Jonathanen garaipenaz gain Valverdek ere garaipena lortu baitzuen Andaluzian eta lider jarri da Contadorren aurretik segundo bakar batera bada ere. Txantxetarako tartea ere izan bazuten ere Twitter bidez, ondo bidean Valverdek eramango du bere bosgarren Andaluziako itzulia.
Argazkia: Bettini Photo eta Twitter
Bizikleta gainean makurtuta, bizkarra biribilduta doazen ziklistak gustatu izan zaizkit gehien betidanik. Ez derrigor karrera gehien irabazten dituztenak, baizik eta ikusteko gozagarriak direnak, nolabait esan, bizikleta gaineko gentleman-ak, edo gurpil gaineko Ryan Goslingak.
Sekula ez dut gaur bezala Murtziako Itzulia jarraitu. Egun bateko lasterketa da eta denboraldi hasiera honetan denok dakigu lasterketa hauek berebiziko garrantzirik ez dutela, baina gaurkoa desberdina zen eta jarraitzea erabaki dut.
Asteartean hil zen Roger Walkowiak, 1956ko Tourra irabazitako eta horretaz damututako gizona, gutxigatik 90 urte betetzera iritsi gabe. Eta agertu da egunkarietan, eta nabarmendu da zeinen gaizki pasatu zuen ondoren, soilik handiei erreserbatutako Grande Bouclea irabazteko atrebentzia izateagatik, eta aipatu da, nola ez, ihesaldi bati esker lortu zuela Tour hura poltsikoratzea. Ba, azken puntu horretan ere, ez da egongo txirrindularitzaren historian Walkowiak bezain gaizki tratatu den pertsonarik, zeren ez zuen Tour hura ihesaldi bati esker irabazi (“bidoi-ihesaldia”, frantziarra are barregarriago utzi nahi dutenek esaten duten bezala), baizik eta bi ihesaldiri esker, eta lortutako aldeari kemenez eusteari esker.
Sasoi hasierako lorpenek ez dute balio ondorio gehiegi ateratzeko. Horrela ere, Quick-Step Floors taldeak argi du aukera duenean, tropeleko azkarrenak izan nahi dutela. Argentinan, Dubain edo lehiarako prest dauden edozein lekutan.