DumoulinBizikleta gainean makurtuta, bizkarra biribilduta doazen ziklistak gustatu izan zaizkit gehien betidanik. Ez derrigor karrera gehien irabazten dituztenak, baizik eta ikusteko gozagarriak direnak, nolabait esan, bizikleta gaineko gentleman-ak, edo gurpil gaineko Ryan Goslingak. Bob Jungels eta Tom Dumoulin dira gaur egun gehien liluratzen nauten ziklistak, biak ere 50. hamarraldiko film batetik atereak diruditen karreristak. Lehena, Jungels, da eleganteena, bai postura aldetik eta bai janzkera aldetik gehien zaintzen denetako bat. Aukera duen bakoitzean kaskoa erantzi eta bere vintage orrazkera erakusten du, Ray-ban markako betaurrekoak eramaten ditu, eta, oro har, sedukzio paperean guztiz sartuta egoten den karrerista da luxenburgotarra. Ez dezala inork pentsa, horregatik, bizikleta gainean despistatuta ibiltzen denik, iazko Giroan erakutsi zuen bezala, hortzak estutzeko garaian kirolari sakrifikatuenen pare ibiltzen baita, (kirol alorrean ere) nabarmentzeko antsiaz. Erlojuaren kontrako ziklista brillantea da, dudarik ez da, eta maldan gorakoan gabezia handi xamarrak dauzkan arren, nik uste askoren buruan dagoela Jungels itzuli handietarako gizona izan daitekeen ideia.

Captura de pantalla 2017-02-15 a las 09.51.12Edertasuna eta ziklismoa, betitik elkarren artean oso ongi moldatu diren kontzeptuak dira biak, behar bada zuri-beltzezko ziklismoa delako, gaur egun ere, gehien gogoratzen den ziklismoa, ziklismo ikonikoa alegia, eta 40-50. hamarraldietako ziklistak direlako gutako askoren ziklista kuttunak. Mundu guztia trajez eta nahita elegante ibiltzen zen garaia da hura, txandalen eta kirol publizitatearen garai aurrekoa, eta akaso horregatik, geure inkontzientzia kolektiboan, Coppi, Bartali eta enparauak gorbataz jantzita oroitzen ditugu, maitasun kontuetan bizikleta gainean bezainbeste korapilatuak, erromantizismoaren garai zinematografiko eta idilikoan.

IMG_6988Gero, txandalaren eta biboteen garaia etorri zen, eta soberan dago esatea 70-80. hamarraldiak ez zirela izan dotoretasunaren ikuspegitik garai oparoenak. Horrek ez du esan nahi Merckx (adibidez) ez zenik elegantea izan, baina beno, Laurent Fignonen ileak edota Enrique Ajaren betaurrekoak gogoratu besterik ez dago, garai hura aldaketaren garaia izan zela jabetzeko. Handik aurrera, ziklismoa marken menpe bizi izan da, hobekuntza teknologikoen tiraniaren pean, eta sobrietate oro desterratuta egon da.

Bien bitartean, ordea, salbuespen batzuk agertu izan dira, nola den Erik Breukinken kasua, garaiko talde eleganteenetako batean zegoena, PDM mitikoan, zeinak gerora beste batzuk egin duten bezala (Sky, nabarmen), oso ongi zaintzen zuen bere itxura. Behin egokitu zitzaidan Breukinken alboan joatea, lauzpabost kilometrotan izan zen arren. Oriotik Usurbilerako bidean genbiltzan Oiartzungo Erne taldekoak entrenatzen (Orioko itzulia egiten genuen zenbaitetan), eta PDMkoak pasatu ziren entrenatzen. Haien atzetik joan ginen, eta hantxe zeuden Breukink, Alcalá eta gainerakoak. Breukink biseraz jantzita zihoan, besoak berotzeko mangitoak jantzita, eta gu haren atzetik, lilurak jota. Gerora Breukink karrerista bikaina izan zen, baina zaleoi etsipen ugari ekarri zizkigun, oso irregularra zelako: Tourrerako nahi zuten, baina Tourrerako pasta berezia behar da, Captura de pantalla 2017-02-15 a las 10.33.38Gianni Bugnok, Abraham Olanok, Romingerrek eta beste askotxok dakiten bezala.

Hala bada, eta Erik Breukinkekiko maitasuna gogoratuta, nire kuttunak Bob Jungels eta Tom Dumoulin dira. Dumoulin ez dut aipatu lehenago, baina haren plantak, eta haren latin lover itxurak ere memorableak iruditzen zaizkit. Jungels bezala, hobe moldatzen da erlojuaren kontra maldan gora baino, eta ikusteko dago, baita ere, noraino izango den errepidea makurtzen denean hobetzeko kapaz. Edonola ere, esango nuke milaka garela haren zaleak hobetuko duen edo ez axola gabe. Den bezala, dagoeneko, maitemindu egiten gaituelako. Nahi nuke biak ala biak aurten koxkatxo bat goraka egingo balute, aurrekoengandik gertuxeago ibiliko balira, baina, zinez, berdin zait, ze karreristak maite ditugunean, aurrean bezala maite ditugu atzean, katerik gabe doazenean eta bizkarrean porlanez betetako zakuarekin doazenean ere. Behar bada atsekabeak gehiago hartuko ditugu pozak baino, eta atzamarrak jan beharrean egongo gara telebista aurrean karrerari begira. Egia da. Dei iezadazue erromantiko: ez daukat damurik.

Captura de pantalla 2017-02-15 a las 09.54.36