Emaitza denek zekiten

Izan behar zuen eta izan da. Denek zekiten, baina ezin izan dute eragotzi. Esaten da txirrindularitza kirol taktikoa dela, taldeka lehiatzen dela, eta ezin dela edozein modutara jokatu. Indarrak gorde behar direla, poker partida batean kartak ezkutatzen diren bezala. Baina teoria guzti horiek soberan daude Remco Evenepoelentzat. Hirugarrenez gailendu da Donostiako Klasikoan, eta badirudi inork ezingo duela sekula garaitu, hain da bere neurrira egindako lasterketa: itoa, maldatsua, tranpaz betea, indarrak gutxika eta errukirik gabe lapurtzen dizkizuna. Jaizkibelgo labarrak lehenik, Erlaitzeko hormak ondoren, eta Murgileko bi pasadak azkenik, ahalegina agonia bilakatzen denerako. Galde diezaietela Alexandr Vlasovi eta Pello Bilbaori nolako labea izan daitekeen Murgil, baldin eta Evenepoelen gurpila jarraitzen tematzen bazara: suak gutxika erretzen du, baina gora eta gora doa tenperatura, kiskaltzen zaituen arte. Kontuz: Pello Bilbaok eustea lortu zuen, baina zein preziotan! Bulebarreko helmugan ahate errea nola, hala irentsi zuen Belgikarrak Gernikarra.

Euritsu esnatu zen eguna igandean, eta partaidetza oparoa zeukan probak, World Tour mailako saio bati dagokionez: hortxe zeuden Tourretik etorritako zaldiak, denak zainetan, forma-forman: Skjelmose, Powless, Gall, Benoot, Mikel Landa, Martin, Uran, Mollema, Alaphilippe… eta, haiekin batera, denboraldi amaiera prestatzen ari diren beste karrerista handi batzuk ere: Bardet, Ayuso, Healy edota Buitrago. Baina, esan ditzagun gauzak diren bezala, Enenepoel ataka zail batean ipintzeko gai diren ziklista gutxietakoak falta ziren: Roglic, Pogaçar edo Van Aert. Ez zeuden, ezta ere, Yates anaiak, Donostiako Klasiko oso onak egin izan dituzten bi txirrindulari bertutetsuak. Gauzak honela, Evenepoel faborito oso argia zen, hain argia ezen beste guztiek konpartsa lan zikina egiteari men egin behar izan baitzioten. Ez gara esaten ari ziklista kaxkarrak direnik, esaten ari gara, sinpleki, lurtarrak direla.

Ziklismo berri bat ikusten ohitu gaituzte Evenepoelek eta bere garaiko beste ziklista martetar guztiek: lehen nolabaiteko tiki-taka zegoen lasterketetan, orain zuk erasotzen duzu, gero neuk, ondoren beste hark. Fenomeno hauekin, ordea, elkarrizketa bakarrizketa bilakatzen da. Ez dago erreplikarik. Jazzaren garai onenetako solisten pare, saxoa atera eta ez dute beste inor behar ondoan. Charlie Parkerren soloak nola, halakoak dira haien balentriak, eskalan gora eta behera batzuk, maldan gora eta behera beste batzuk. Putz eta putz egiten dute, pedalkada bakoitza mailukada bat da, eta beste denak ikusleen artean urtzen dira, ikuskizunean, zinez, soberan baleude bezala. Denboraldiko 9. garaipena lortu du Enevepoelek Klasikoan, bere karrerako 43.a. 23 urte ditu mutilak. Unibertsitateko adinean dago, baina doktoretza amaitu du dagoeneko, eta master oro txiki uzten du. Munduko txapelketa jokatuko du orain, Espainiako Itzulia ondoren. Prestatu krispetak, ikuskizuna erruz izango da eta.

Txirrindularitza eta edertasuna

DumoulinBizikleta gainean makurtuta, bizkarra biribilduta doazen ziklistak gustatu izan zaizkit gehien betidanik. Ez derrigor karrera gehien irabazten dituztenak, baizik eta ikusteko gozagarriak direnak, nolabait esan, bizikleta gaineko gentleman-ak, edo gurpil gaineko Ryan Goslingak. Bob Jungels eta Tom Dumoulin dira gaur egun gehien liluratzen nauten ziklistak, biak ere 50. hamarraldiko film batetik atereak diruditen karreristak. Lehena, Jungels, da eleganteena, bai postura aldetik eta bai janzkera aldetik gehien zaintzen denetako bat. Aukera duen bakoitzean kaskoa erantzi eta bere vintage orrazkera erakusten du, Ray-ban markako betaurrekoak eramaten ditu, eta, oro har, sedukzio paperean guztiz sartuta egoten den karrerista da luxenburgotarra. Ez dezala inork pentsa, horregatik, bizikleta gainean despistatuta ibiltzen denik, iazko Giroan erakutsi zuen bezala, hortzak estutzeko garaian kirolari sakrifikatuenen pare ibiltzen baita, (kirol alorrean ere) nabarmentzeko antsiaz. Erlojuaren kontrako ziklista brillantea da, dudarik ez da, eta maldan gorakoan gabezia handi xamarrak dauzkan arren, nik uste askoren buruan dagoela Jungels itzuli handietarako gizona izan daitekeen ideia. Continue reading “Txirrindularitza eta edertasuna”